Pedro Martínez de Alegría Pinedo Jn. - Idazkari orokor teknikoa. Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioa. Gasteiz.
Rafael Aranguren Ilardia Jn. - Proiektu burua. Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioa. Gasteiz.
1929ko Depresio Handiaz geroztik ezagutu den krisi globalik garrantzitsuena bizi du mundu osoak 2007ko uztailetik aurrera. Kalitate baxuko hipoteka iparramerikarren krisia, 2007ko udan abiatu zena, izeberg edo izozmendiaren ur gaineko muturra besterik ez da izan, bere magnitude eta adarkadurengatik aurrekaririk gabeko krisi sistemiko itzela bilakatzeraino.
Krisi horren sakoneko arrazoien inguruko eztabaida ez da istilurik gabekoa, baina adostasun aski zabala dago, ordea, krisiaren jatorria sistema finantzarioan bertan kokatzeko: gehiegizko likideziaren eta interes-tasa baxuen konbinazioak, agintari monetarioek nahiz gainbegiraleek ontzat emandako zenbait berrikuntza finantzariok bultzatuta, kredituen zabalkunde ikaragarria ekarri zuen ondorio gisa, kalitate-maila gero eta eskasagoko arriskuetan eta aktibo jakin batzuen, batez ere etxebizitzen, espekulazio-burbuiletan oinarritua. Eta prozesu hori hazkunde ekonomikoko ziklo inoiz ez bezain luze eta oparoak ezaugarritutako giroaren baitan gertatu zenez, jendeak uste izan zuen jadaniik ez zegoela ziklorik, aitzitik etengabeko hazkundean sartu bide ginela, baloreen merkatu sekundarioek goranzko mugak behin eta berriz apurtzeko dinamikan sartuak baitzeuden, eta joera horrek ez zuen amaierarik itxura batean.
Herrialde garatuetan aurrekontuen eta ordainketa-balantzeen desorekak begi-bistakoak eta zenbait kasutan oso garrantzitsuak ziren arren, eta lehengai askoren prezioetan gorakada nabarmenak gertatu arren, zenbait herrialde emergentek garatzeko izan zezaketen ahalmenean jartzen zen arreta berezia, dibisen merkatuan modu nahiko artifizialean behartutako egoerei eta herrialde garatuetan aurrezki-tasek jasandako beherakada nabarmenei ezikusia eginez.
Azken hiru urte eta erdiotan, herrialde garatuetako ekonomiek bizi izan duten atzeranzko eboluzioa oztopo handia izan da mundu osoko hazkunde ekonomikoan. Eta aldi berean, bere historia osoko faserik nahasi eta zailenetakoa iragan behar izan du nazioarteko sistema finantzarioak, kreditu-sistemaren hauskortasuna, zenbait herrialderen aurrekontuen ahultasuna eta dibisa-merkatuetan bizi izandako tentsioengatik batez ere.
Mintegi honetan ikuspegi sistemikoa erabiltzea planteatzen da, hainbat eremutan nabarmen geratu diren desorekak aztertzeko, eta horiek garatzeko dauden alternatibak ebaluatzeko, globalitatearen ikuspuntutik sozialki nahiz ekonomikoki jasangarria izango den eredu baten alde eginez betiere.
Horregatik, bada, familien eta enpresen azterketa beren zorpetze-mailan zentratzen da, batetik, ikuspegi kuantitatibotik bezala baita kualitatibotik ere, izan ere zorpetze hori berdin-berdin izan bailiteke aurrerapenerako tresna edo hazkundea blokeatzeko faktorea. Enpresek, globalizazioko testuinguru batean, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren erronkei egin behar diete aurre. Eta faktore horiek eragin zuzena dute, euren aldetik, gizabanakoetan eta familietan, bai prestakuntzaren aldetik eta baita laneko merkatuaren aldetik ere.
Jarduera ekonomikoa moteltzeak, batetik, eta herrialde bakoitzak bere sistema finantzarioa sendotu eta horri eusteko bideratu behar izan dituen baliabide garrantzitsuak, bestetik, berebiziko eragina izan dute Estatuek, eta horien instituzio eta erakundeek, ekonomia garatuetakoek bereziki, Ongizate estatu gisa aurrera eramandako aurrekontu-politiketan eta politika sozialetan, beren defizitak finantzatzeko tentsio gogorrak jasaten ari diren bitartean, herrialde emergente nagusien eta ekonomia garatuen artean gaur egun dauden desoreken kausa baina aldi berean baita ondorio ere.
Europar Batasunaren kasuak arreta eta azterketa berezia merezi du. Krisiaren eboluzioaren ondorioz, nazioz gaindiko instituzio horren berezitasun politiko-juridikoak zalantzan jarriak izan dira, eta horrek guztiak agerian utzi ditu hainbat zurruntasun eta eztabaida-gune, erakundearen gobernantza egokirako irakasgai izan daitezkeenak. Eta, jakina, bide beretik azterketa hori nazioz gaindiko beste erakunde batzuetara ere zabaldu nahi litzateke, hala nola Nazioarteko Moneta Funtsa, Banku Mundiala, edo Merkataritzako Mundu Erakundea, batez ere munduaren ardatz geopolitiko globala mugitzen ari den uneotan, erakunde horien jarduera erabakigarria izan baitaiteke helburuen eta interesen gobernantza eta lerrokadura globala lortu ahal izateko.
Agintari monetarioen eta gainbegiraleen presentzia eta jarduera funtsezkoa izan da krisi honetan. Krisia lehertu ondorengo aurreneko egunetan agintari monetarioen jarduera bateratu bizkor eta zuzena erabakigarria gertatu zen krisiaren ondorengo eboluzioan. Gaur egun hainbat zalantza planteatzen dira agintari horien zereginaren eta jarduteko esparruaren inguruan, orain eta hemen jorratu eta aztertzea merezi duten zalantzak, erregulazio diferenteen arteko desajusteak batez ere, berriro ere desoreka garrantzitsuen iturri izan daitezkeen heinean.
Azkenik, gaur egun indarrean dagoen eredu ekonomikoaren funtzionamendurako erabat oinarrizkoa eta funtsezkoa den kreditu-sistema, krisi finantzario honen genesiaren epizentroan eta krisiaren ondorioen muinean kokatua dagoena. Une hauetan sistema horrek etorkizunean izan dezakeen eboluzioa alde batera nahiz bestera baldintza dezaketen eta elkarren artean aski diferenteak diren planteamenduak ari dira gertatzen (Basilea III, Dodd-Frank akta,...) eta krisiak bere egitura eta funtzionamenduari dagozkion alderdi batzuk zalantzan jartzea ekarri duenez, ezinbestekoa da zalantza horiek guztiak argitzea baldin eta kreditu-sistemaren egonkortasuna eta kaudimena lortu nahi badira.
Laburbilduz, egungo krisiak hartu duen magnitudearen ondorioz sortu diren desorekak eta agertu diren osagai sistemikoak aztertu nahi lirateke mintegi honetan, agente ekonomiko desberdinen ikuspegitik, maila globalean jasangarria izango den garapen ekonomiko eta sozialeko eszenario batean kokatzeko egin beharreko aldaketak zeintzuk izango liratekeen erabakitzeko asmoz.
Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren lankidetzarekin.
Matrikularen prezioa: maiatzaren 31 arte, 75 €. Ekainaren 1etik aurrera: 90 €.
Balio akademikoa: 30 ordu.
Hizkuntza ofiziala: gaztelania.
Jarduera europarra.
