Saltar menú navegación
Está en :

Argitalpenak

EAE.ko TXOSTEN SEKTORIALA

Servicios técnicos y de consultoría a empresas
Zenbakia: 65

Tituloa: Gizarte Zerbitzuen
Txosten osoa deskargatu:Descarga en formato PDF

LABURPENA ETA KONKLUSIOAK


1. Aurkezpena

Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Zerbitzuen sektorearen ezagutza sakonagoa edukitzea da txosten honen helburua, sektorearen egungo egoera, oraintsuko bere eboluzioa eta etorkizuneko erronkak aztertuz bide batez. Txostena saiatzen da alderdi horien inguruan Europar Batasunean eta Espainian dagoen informazioa jasotzen, EAEko Gizarte Zerbitzuen sektorearekin konparazioak egiteko modua emango diguten aldagaiak kontuan hartuz betiere.

Aurreko txosten sektorialetan egin izan den bezala, ikerketa hau bost atal edo kapitulutan dago egituratua. Lehen atalak, sarrera modukoak, Gizarte Zerbitzuen sektorea definitu eta mugatzen du, gizarte-zerbitzuen jarduera zedarriztatuz eta erabilitako informazio-iturri nagusiak zehaztuz. Bigarren eta hirugarren atalek Gizarte Zerbitzuen sektoreak Europar Batasunean eta Espainian duen egoera jasotzen dute, hurrenez hurren, laugarren atalean sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan egoera luze-zabalago jorratzen den bitartean. Aurreko guztia osatzeko, bosgarren atalak Gizarte Zerbitzuen sektorearen ikuspegi kualitatiboa eskaintzen du, sektoreak eremu europarrean, oro har, eta EAEn bereziki dituen ildo estrategiko nagusien berri emanez, eta baita sektorearen ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak ere (AMIA azterketa esaten zaiona).

Sektorearen zedarritzea

Euskal Autonomia Erkidegoan, Gizarte Zerbitzuen sektorearen barruan sartzeko modukoak diren jarduerak, EAEko Gizarte Zerbitzuen Estatistikan mugatuak dauden bezala, ondorengoak dira:

  • “... helburutzat biztanleria osoarentzat zerbitzu, prestazio eta programa sail bat eskaintzea duten erakunde, enpresa eta instituzioek garatutako jarduerak, betiere lehentasuna izanik euren adina, ezgaitasuna, baldintza sozio-ekonomikoak edo marjinazio-egoera direla medio, garapen osoa eta askea izateko eskubidea bermatuko dien laguntza berezia behar duten pertsonek edo gizarte-taldeek”.

2. SEKTOREA EBn

2002ko Bartzelonako Kontseilu europarrak onartu zuen bezala, Europako gizarte-eredua hazkunde ekonomikoan, enpleguan, gizarte-politikan eta trebakuntzan oinarritzen da, halako moldez ezen gizatalde jakin batzuen esklusio edo bazterketako arriskuei aurre egiteko ardura duen Gizarte Zerbitzuen sistema bat ezin baita ulertu emaitza ekonomikoengandik eta enpleguarengandik aparte.

Enplegua (eta bere kotizazioak) gizarte-babeskuntzako sistemaren funtsezko osagaia dira, beraz, eta puntu horretan eragin itzela dute biztanleriaren zahartzea, emankortasun-tasaren beherakada edo inmigrazio-prozesuak bezalako aldagai demografikoek.

1960tik 2001era bitartean 65 urtetik gorako pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da, 34 milioi izatetik 62 milioi pertsona izateraino. Horrek biztanleria osoaren % 16 suposatzen du, eta 2010. urterako % 27 izango dira, 80 urtetik gorakoen proportzio handiarekin (azken horien kopuruak ia % 50ean egingo baitu gora).

Gertakari horien eraginez, Europako gizartean gero eta handiagoa da mendetasun-tasa eta gero eta txikiagoa, aitzitik, egunetik egunera adinean aurrera sartuagoa dagoen gizarte batek ezinbestekoak dituen prestazio ekonomikoei (pentsioei) aurre egiteko duen gaitasuna, eta baita gizatalde horrek izango dituen iraupen luzeko osasun-arreta eta zaintza pertsonalen premia berriei erantzuteko ere, etxeetan eta familietan gertatu diren aldaketak direla medio, prestazio eta premia horiek Gizarte Zerbitzuetara bideratzen baitira gero eta gehiago gaur egun.

Gizartearen kohesioa da Europako gizarte-babeskuntzako ereduaren zutabeetako beste bat. Hazkunde ekonomikoak biztanleria osoaren bizi-baldintzak hobetzea du helburu nagusi, eta errenta garrantzizko faktorea bezala agertzen da pobretasunari eta gizarte-bazterketako arriskuei begira.

Pobrezia-arriskuaren atalasea eskura dagoen batez besteko errenta nazionalaren % 60an ezarri da EBko herrialdeetan. 1999an, pobrezia-arriskuaren tasa % 15ekoa zen, beren diru-sarrerak atalase horren azpitik (alegia 7.334 euroren azpitik) zeuzkaten pertsonen ehunekotan neurtua. Tasa hori handiagoa zen emakumetan (% 16) gizonezkoetan baino (% 13), eta % 35eraino igotzen zen guraso bakarreko etxeetan. Haur-populazioari zegokionez, 2001ean enplegurik gabeko etxeetan bizi ziren haurrak % 10 ziren EBn, eta % 19 pobreziaren arriskuan zeudela kontsideratzen zen.

Gizarte Babeskuntzako Estatistika Bateratuen Sistema Europarraren (SEEPROS deituaren) arabera, gizarte-babeskuntzako gastuak BPGaren % 25,4 izatetik % 27,5 izatera pasatu dira 1990-2001 denboraldian, eta horrek % 8,3ko hazkundea esan nahi du denboraldi horretan. Per capita-ko gastuei begiratzen badiegu, batez bestekoa 6.405 eurokoa da.

2001ean, gizarte-babeskuntzan gasturik handieneko bi herrialdeak Suedia eta Frantzia ziren (euren BPGaren % 31,3 eta % 30ekin, hurrenez hurren), eta jarraian Alemania (% 29,8) eta Danimarka (% 29,5) zetozen. Espainia, % 20ko portzentajearekin, sailkapenaren beheko aldean dago kokatua, eta maila paretsuan daude Islandia (% 20,1) eta Hungaria (% 19,9).

Gizarte-babeskuntzara bideratutako gastu osotik, garrantzitsuena zahartzaroari eta biziraupenari eskainitakoa da, % 46 hartzen baitzuen 2001ean. Bigarren talde gisa gaixotasunek eragindako premiak eta osasun-arreta datoz (% 28arekin). Maila oso antzekoan, eta gastuaren hirugarren eta laugarren arrazoi bezala, familiari / haurtzaroari, batetik, eta baliaezintasunari, bestetik, eskainitako prestazioak agertzen dira (% 8 horietako bakoitzak). Azkenik, langabeziagatiko prestazioek gastuaren % 6 hartu zuten 2001ean, eta etxebizitzak eta beste ataletan estali gabeko bazterketak % 4 besterik ez.

Gizarte-babeskuntzan egindako gastu orokor horretatik, estimazio bat egin daiteke Gizarte Zerbitzuetara bideratutakoa kalkulatzeko. 2000. urtean gizarte-babeskuntzak BPGaren % 27,3 suposatzen zuen EB-15 osorako, baina portzentaje hori % 26,2koa besterik ez da prestazioak soilik hartzen badira kontuan. Kentzen badira zifra horretatik osasun-gastua eta botikakoa (BPGaren % 7,2), pentsioak (% 12,5) eta langabeziara egindako ekarpenak (% 1,7), BPGaren % 4,9 inguruko kopurua geratuko litzaiguke azkenik, Gizarte Zerbitzuetan egindako gastuaren hurbilpen moduan edo, izanik Familia eta haurtzaroa talderik garrantzitsuena (% 2,1). 1993an % 4,5ekoa zen tasa hori, eta % 5ekoa 1997an.

Gizarte-babeskuntzako gastuen finantzaketa administrazio publikoen ekarpenetatik dator gehienbat –zergetatik alegia–, hortik sortzen baitira sarreren % 36, eta baita ekarpen sozialak esaten zaienetatik (% 61) –eta hauen artean sartzen dira enplegatzaileen kotizazioak eta baita enplegatuenak ere–. Bi iturri nagusi horiek Beste sarrera batzuk izeneko taldeko sarrerekin osatzen dira.

3. SEKTOREA ESPAINIAN

Estatu espainolean aurrez Europar Batasunean ikusi ditugun baldintza soziodemografiko bertsuak agertzen dira, Gizarte Zerbitzuei dagokienean bederen, baina zenbait aldagairen kasuan modu are nabarmenagoan agertzen zaizkigu (emankortasun-tasa, bizi-itxaropena, emakumeen jarduera-tasa txikiagoa eta langabezia-tasa handiagoa, etab.).

Sektore publikoarekin batera, era askotako erakunde eta enpresak ari dira lanean Gizarte Zerbitzuen eremuan: 9.135 dira guztira, oso diferenteak bata bestearekiko, eta egunetik egunera ugaritzen doazenak (azken bosturtekoan % 85ekoa izan da kopuruaren hazkundea). Horietatik % 83 irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira. Elkarteak nabarmentzen dira (% 62), enpresak % 15 besterik ez dira, eta fundazioak % 9.

Erakunde txikiak dira nagusi, enplegu gutxi dituztenak. Izan ere, erakundeen % 16k ez du enplegurik, eta hirutik batek 1-5 enplegu bitartean dauzka. Enpresen % 5ek bakarrik dituzte 50 langile baino gehiago.

Termino absolutuetan, Gizarte Zerbitzuetako erakunde eta enpresen soldatapeko enplegua 184.000 pertsona ingurukoa dela uste da, guztira, eta horrek Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAIk) kontabilizatutako soldatapeko guztien % 1,3 suposatzen du.

Espainian, 2003. urtean gizarte-babeskuntzako gastuak BPGaren % 20 hartzen zuen beretzat, eta per capita-ko 3.511,8 euroko gastua esan nahi zuen, Europako gastu-mailarik txikieneko herrialdeetako bat izateraino. Gasturik garrantzitsuenak adineko pertsonekin lotutakoak dira, eta horien barruan sartzen dira pentsioak (% 41), eta jarraian datoz gaixotasun eta osasun-arretakoak (% 30).

Hala ere, Gizarte Zerbitzuen jarduera-eremuan sartzeko modukoa den gastuak zifra txikixeagoa hartzen du, BPGaren % 1,5en baliokidea den kopurua hain zuzen ere (2000. urteko datua).

Estatu espainolean, Gizarte Zerbitzuen sektoreak helburu bikoitza du: pertsona eta gizatalde guztien gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzea eta bultzatzea, batetik, eta gizarte-bazterketako eta marjinazioko kausei aurrea hartzea eta horiek desagerraraztea, bestetik. Helburu horiek lortzeko zeregin garrantzitsua jokatzen dute Toki Administrazioek, Estatuak eta Autonomia Erkidegoek –Euskadiren eta Nafarroaren kasuan izan ezik– ezarri eta sinatutako hitzarmen administratiboaren bidez. Toki Korporazioetako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Prestazioen Garapenerako Itundutako Plana deritzo hitzarmen horri.

Toki Administrazioek gastu osoaren % 54,5 jartzen dute, batez beste, eta Autonomia Erkidegoen ekarpena % 28,2koa da, eta Lan eta Gizarte Arazoetako Ministerioarena, berriz, ia % 17koa. 2001ean 525,7 milioi eurokoa izan zen gastua, guztira.

Gizarte Zerbitzuen sistema publikoa bi arreta-mailatan dago antolatua: Lehen Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuak, batetik, udalen eskumen eta erantzukizunekoak; eta Gizarte Zerbitzu Berariazkoak eta sektorialak edo/eta berezituak, eskumenez udalaz gainekoak eta erantzukizunez gehienbat autonomikoak direnak. Gizarte Zerbitzuetako Zentroak (Gizarte Zerbitzuguneak deituak) dira Lehen Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuen oinarrizko sarea esaten zaionaren ekipamendu nagusia.

2002an 1.194 zentrok osatzen zuten oinarrizko sare hori. Sareak itundutako Autonomia Erkidegoetako udalerrien % 86 estaltzen zuen, eta biztanleriaren % 97ri ematen zion zerbitzua.

Enpleguari dagokionez, Itundutako Planaren barruan sartzen ziren langileak 23.515 pertsona ziren 2001ean, eta horietatik ia 23.000 Gizarte Zentroetakoak ziren. % 58 kontratatuak zeuden, eta % 42, berriz, plantillakoak ziren.

Baliabide finantzario gehien eralgitzen dituen prestazioa etxez etxeko laguntzarena da. 2001ean 139 milioi euro inguruko kopurua hartu zuen zerbitzu horrek, alegia prestazioetara bideratutako gastuaren % 60ren baliokidea.

Lan ministerioaren mende dagoen IMSERSOren (Instituto de Mayores y Servicios Sociales delakoaren) datuen arabera1, 65 urtetik gorakoen % 2k erabiltzen zuen 2001ean Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua. Guztira 139.384 erabiltzaile zituen, eta 25,2 milioi ordu zerbitzu horretara jarriak, izanik batez besteko zifrak 16 orduko laguntza edo arreta erabiltzaile bakoitzeko, eta 9,28 euroko kostua orduko

Adineko pertsonei zuzendutako egoitza-eskaintzari dagokionez, eta Adineko Pertsonen Behatokiaren arabera, 2001ean 918 eguneko zentro zeuden guztira Estatuan mendeko pertsonentzat, eta zentro horietan 16.500 plaza eskaintzen ziren, horietatik % 54 publikoak eta hitzartuak izanik. Horrek % 0,24ko batez besteko estaldura-indizea suposatzen du Estatu osoarentzat. Eta batez besteko horren gainetik Katalunia nabarmentzen da (% 0,66arekin), eta horren atzetik, baina nahiko urrun, Euskal Herria (% 0,39), Extremadura eta Aragoi (% 0,35) eta Nafarroa (% 0,32) datoz.

Egoitza-zentroei dagokienez, 4.158 zeuden Estatu osoan, eta horrek 215.156 plaza ematen zituen guztira (% 58 pribatuak ziren). Kopuru horiek % 3,19ko estaldura-indizea suposatzen dute 65 urtetik gorako biztanleriarentzat. Hornidurarik handiena Gaztela-Leoni dagokio (% 5,22ko estaldura), Errioxari (% 5,29) eta Nafarroari (% 4,85), Euskal Herrian egoitza-zentroen estaldura-indizea % 3,45ekoa eta Katalunian, berriz, % 3,92koa den bitartean.

1999-2001 hirurtekoan, 438 egoitza-zentro berri ireki dira (% +12), eta horiei esker 16.498 plaza berri sortu dira (% +8). Dena den ekimen publikoaren dinamismoa handiagoa izan da ekimen pribatuarena baino (sortutako plaza berrien % 76 eta % 24 hartu dituzte, hurrenez hurren).

Azkenik, agertu berriak diren beste bi figura ere aipatu beharra dago, era askotakoak eta zenbait kasutan aldi baterakoak bakarrik diren premietara egokitzeko Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen den arreta dibertsifikatzeko beharra ezin hobeto erakusten dutelako: aldi baterako egonaldi-zerbitzuak eta etxebizitza babestuak.

Kasu batean nahiz bestean eskaintza publikoa da soilik, eta 2001. urtean 3.558 plaza eskaintzen dira 65 urtetik gorakoentzat etxebizitza babestuetan, eta beste 1.385 plaza aldi baterako egonaldi-zerbitzuetan.

4. SEKTOREA EAEn

EAE ez da arestian Europako eta Espainiako kasuetarako aipatu diren gizarte-aldaketa horietatik kanpo geratu, ezta gutxiagorik ere. Biztanleriaren zahartzeak, atzerriko jendearen etorrerak, familiaren egituran gertatu diren aldaketek eta pobretasun-modu berriek goitik behera aldatu dute Gizarte Zerbitzuek esku hartu behar duteneko eszenatokia

Gizartean gertatu diren aldaketen artean, euskal gizartearen zahartzea nabarmendu beharra dago alde batetik, emankortasun-tasa baxuen eta bizi-itxaropenaren igoera handi baten ondorioz batez ere (horien ondorioz euskal biztanleriaren % 17k 65 urte edo gehiago dauzka, eta horregatik arreta-mailako baliabideak eskatzen dituen edo eska ditzakeen gizataldea oso handia da EAEn: egoitza-zentroak, eguneko zentroak edo etxez etxeko arreta-zerbitzuak). Beste alde batetik, kanpotik datozen etorkinak edo inmigranteak euskal gizartearen zahartze hori nolabait zuzenduko luketen faktoretzat har genitzake, adin gazteagoetako pertsonak izaten baitira normalean. Hala ere, gertakaria berri samarra izanik eta gizatalde hori zalantza eta koloka giroan bizi dela kontuan hartuz, gizartean esku hartzeko eskariak presio izugarria jasaten du gaur egun.

Testuinguru honetan, EAEko Gizarte Zerbitzuen sektorea egitura konplexu eta zabala bezala agertzen zaigu, gizartearen baitan dauden eta beste jarduera-sektore batek betetzen ez dituen premia eta beharrak estaltzera zuzendutako baliabideak eta jarduketak eskaintzen dituzten erakunde, antolamendu eta enpresa guztiak biltzen dituena. Eta sektorearen beraren ulermena zail samarra gerta daitekeen arren, Eustat-eko Gizarte Zerbitzuen Estatistikak nabarmen uzten duen bezala, 2002an sektoreak 1.224 agente edo eragile zituen guztira, modu jarraituan eta etengabe gizarte-ekintzaren eremuan lanean zihardutenak, eta horietatik 314 erakunde publikoak eta gainerako 910 erakunde pribatuak ziren (722 irabazi-asmorik gabekoak eta 188 irabazteko asmoarekin).

Eustat-ek landutako Kontu Ekonomikoen eta Input/Output Taulen datuen arabera, Gizarte Zerbitzuen sektorearen produkzio-balioa 487.830 mila eurokoa zen 2002. urtean, eta balio erantsi gordina 259.470 mila euroraino iristen da –horrek BPGaren % 0,6 suposatzen du–. Baina, hala ere, eta txostenean zehar zehazten den bezala, datu horiek ez dute behar adina baloratzen sektoreak euskal ekonomiari egiten dion ekarpena, Administrazio Publikotik datorren ekarpenaren zati handi bat ez baitago bertan sartua.

Gastuari dagokionez, azpimarratzekoa da lehenik eta behin gizarte-babeskuntzan egindako gastuak BPGaren % 20,1 hartzen zuela 1999an, nazio-mailan hartzen zuenaren antzeko proportzioa, baina urte horretan Europako herrialdeetan, oro har, hartzen zuena baino dezentez apalagoa (% 27,4koa zen Europan). Bigarrenik, Gizarte Zerbitzuen sektorearen gastu espezifikoa 915.747 mila euroraino iristen da 2002an, BPGaren % 2. Eta, gainera, interesgarria dirudi azpimarratzea sektorearen finantzaketaren zati handi bat administrazio publikoaren ekarpenaren bizkarretik egiten dela, ekarpen horrek sarrera guztien % 70 suposatzen du eta.

Bestetik, Gizarte Zerbitzuen sektoreak 16.797 enplegu propio zituen 2002. urtean, EAEko soldatapeko langile guztien % 1,9 alegia. Eta jarduera-eremuen arabera, sektore pribatuak bere gain hartzen du kontratazioaren % 66, eta eremu pribatu honetan ari dira sortzen, hain zuzen ere, lanpostu berri gehienak. Horrez gain, sektorean 5.053 pertsonaren lana ere hartu behar da kontuan.

Eta enpresen egiturari dagokionez, EAEko Gizarte Zerbitzuen sektorean bi entitate-eredu-edo daudela esan daiteke aldi berean. “Mikroentitateak” dei genitzakeenak batetik, ugariak baina baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen zati txikia kontsumitzen dutenak, eta “makroentitateak” bestetik, gutxi izanik ere baliabideen zati handi bat beraien esku dutenak.

Gizarte Zerbitzuen sektoreko giza baliabideez hitz egiterakoan, ezinbestekoa da langile boluntarioen eta sektoreari atxikitako pertsonen ekarpena eta lana azpimarratzea, esku-hartze sozialaren eremu pribatuan batez ere. Zehazkiago esateko, 13.824 pertsona boluntario ari ziren lankidetzan gizarte-ekintzako jardueretan 2002an, eta beste 431.928 pertsona Gizarte Zerbitzuak ematen dituen erakunderen bati atxikita zeuden.

Era berean, zuzkiduren inguruko informazioak argi eta garbi uzten duen bezala, Gizarte Zerbitzuen zentroen sarea oso zabala da, 2.305 guztira, euskal lurraldeetan geografikoki banatuak. Estaldurari begira, Gizarte Zerbitzuetako zentro bana aurkituko dugu mila biztanleko, eta Arabaren kasuan ratio hori gainditu egiten da (1,6 zentro baitaude mila biztanleko).

Euskal biztanleriaren gizarte-premiak asetzera bideratutako arreta-zerbitzuen artean nabarmentzeko modukoak dira egoitza-zentroak, batetik: 633 zentro dira eta 17.188 plaza guztira, eta horrek estaldurari dagokionez 7,5 plaza ematen ditu 1.000 biztanleko, horietatik zati oso garrantzitsua (% 78) adineko pertsonen taldeari eskainiak daudenak, okupazio-maila oso altuarekin. Horiez gain, EAEn 524 eguneko zentro daude, eta horrek 0,3 eguneko zentroren ratioa esan nahi du mila biztanleko.

Eta azkenik, Gizarte Zerbitzuetako Sistema Publikotik kudeatzen diren prestazio ekonomiko nagusien garrantzia aipatu beharra dago txosten honetan. Aurrekontuari dagokionez, Oinarrizko Errentara eta Gizarte Larrialdietarako laguntzetara bideratutako partidak gehitu egin dira, eskarian izandako gorakada nolabait estaltzeko. Eskariaren hazkundea azaltzeko kontuan hartu beharra dago inolako paperik gabe iristen diren etorkinen kopuru gero eta handiagoa, lan-merkatuan txertatzeko modurik ez dutenez, gizarte-laguntzetara jo beharrean aurkitzen baitira ezinbestean.

5. SEKTOREAREN AMIA AZTERKETA

Jarraian, EAEn Gizarte Zerbitzuen sektorearen inguruan egindako azterketa laburtzen da. Azterketa horretan sektorearen barneko baldintzatzaileak (indarrak eta ahuleziak) hartu dira kontuan, batetik, eta kanpoko baldintzatzaileak (aukerak eta mehatxuak), bestetik.

Gizarte Zerbitzuen sektorean, ondorengoak nabarmenduko genituzke gaur egungo egoeraren indargune nagusi bezala:

  • Gizarte Zerbitzuetako eremu publiko propioa, horri dagokion araubidezko eta antolamendu-mailako garapenarekin
  • Ekimen pribatuaren zeregin garrantzitsua Gizarte Zerbitzuen sektorean
  • Gizarte-gastuaren gorakada etengabea sektore publikoan nahiz pribatuan
  • Esku-hartze publikoaren kudeaketa profesionala
  • Arreta eskaintzen duten zentro eta zerbitzuen sare zabala eta askotarikoa
  • Egunetik egunera dibertsifikatuagoa dagoen eskariari erantzuteko ahalmena

Sektorearen ahulezia nagusiei dagokienez, ondorengoak aipa daitezke:

  • Gizarte Zerbitzu publikoen eskumenen banaketa konplexuegia da, eta araubidezko garapena, berriz, ez da aski gertatzen sarritan
  • Irabazi-asmorik gabeko sektore pribatuak sektore publikoarekiko mendetasun ekonomiko handia du
  • Kalitateko irizpide gutxi sartu da Gizarte Zerbitzuen kudeaketan
  • Prebentzio-mailako alderdiek eta esku-hartzearen planifikazioari dagozkionek ez dute behar adinako garrantzirik
  • Agertzen hasi berriak diren gizarte-premiei erantzuteko mugak daude

Gizarte Zerbitzuen sektoreak EAEn etorkizunean izango duen eboluzioa zer-nolakoa izango den jakiteko, kontuan izan beharko dira gizarte-ekintzaren beraren aukerak:

  • Arazo berrien dimentsio aniztasuna.
  • Mendekotasun-legea martxan jartzea.
  • Kalitatearen eta enpresa-bikaintasunaren kultura gizarte-ekintzan ere hedatzea.
  • Zerbitzu pertsonalak eta arretazkoak ematen dituzten enpresenganako interes gero eta handiagoa.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien garapena.
  • Iritzi publikoan gizarte-arazoek eragiten duten sentikortasunak eta kontzientziazioak gora egin dute.

Eta, azkenik, gizarte-lanaren eremu honetan esku-hartzea aldaraz dezaketen ondorengo mehatxuak aipatuko genituzke:

  • Gastu publikoaren euspena eta estaldura-mailen jaitsiera.
  • Instituzioen arteko eskumenak bereizteko orduan gertatzen diren tirabira eta gaizki-ulertzeak.
  • Gizarte Zerbitzuak gehiegitxotan hirugarren adinekoen mendekotasun-arazoak konpontzera jarriak egotea.
  • Zabalagoak edo zeharkakoagoak diren hainbat arazo Gizarte Zerbitzuetara bideratzea.

 

1 MTAS, IMSERSO, “Adineko pertsonak Espainian”. 2002ko txostena

XHTML 1.0 Transitional Válido

ˇCSS Válido!

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0

Logo Tawdis