
Txosten honen helburu nagusia Euskadiko Autonomia Elkargoko txikizkako merkataritza ezagutzea da, bere egungo egoera eta oraintsuko eboluzioa aztertuz, eta baita berorren baldintzak eta etorkizuneko joerak ere. Alderdi horiek guztiak osatzeko sektoreak Europar Batasunean eta Espainian duen egoera aztertuko da, kontuan hartuz konparazio homogeneoak egiteko modua emango duten aldagaiak, alde batetik, eta begien aurrean edukiz, bestetik, euskal txikizkako sektoreak produkzioaren testuinguruan eta beste merkatu batzuen konparazioan duen garrantzia ere.
Aurrez landutako beste txosten sektorialetan bezala, ikerketa hau bost ataletan egituratzen da. Sarrera moduan, lehenengo atalak txikizkako jarduera mugatu eta finkatzen du 1993ko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren arabera (JESN-93), ikerketa hau prestatzeko erabilitako metodologia azpimarratzen du eta, azkenik, txikizkako agenteen tipologiak definitzen ditu modu sintetikoan. Bigarren eta hirugarren ataletan txikizkako merkataritzak Europar Batasunean eta Espainian, hurrenez hurren, duen egoera jasotzen da eta laugarren atalak sektoreak Euskadiko Autonomia Erkidegoan duen egoera jorratzen du, xehetasun handiagoarekin. Azterketa kuantitatibo hori osatzeko, bosgarren atalak txikizkako sektorearen ikuspegi kualitatiboa eskaintzen du, sektorearen lehiarako ezaugarri nagusiak azalduz, berorren ahultasun, indargune, mehatxu eta aukerak deskribatzearekin batera (AMIA analisia).
Sektorearen mugak
Txikizkako merkataritzaren sektorea zazpi jarduera-adar handitan egituratzen da, zentzu zabalean, 1993ko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren (JESN-93 izenekoaren) arabera.
2. SEKTOREA EUROPAR BATASUNEAN
EB-15eko txikizkako merkataritzaren sektorea 4.097.200 enpresen sare batek osatzen du, 16.564.100 pertsonari ematen die lanbidea, eta 721.254,7 milioi euroko balio erantsi gordina sortzen du. Beraz, sektore horrek Europako ehun enpresarialaren % 20,4, enpleguaren % 13,9 eta sortutako aberastasunaren % 7,4 suposatzen du, BEGren terminoetan neurtuta.
Txikizkako merkataritzaren barruan, establezimendu edo saltegietan egindakoak 2.178.680 enpresa biltzen ditu EB-15ean, 11.783.000 pertsona enplegatuz. Sektore honek banaketa komertzialean, oro har, duen partaidetza enpresen % 39,1ean, enpleguaren % 47,7an, fakturazioaren % 28,9an eta sortutako balio erantsiaren % 19,5ean gauzatzen da. Saltegietan burututako txikizkako merkataritzak Europako ekonomiari, oro har, egindako ekarpena % 10,9koa da enpresen kopuruan, % 10,0koa enpleguan, % 9,3koa fakturazioan eta % 3,0koa sortutako BEGan.
Txikizkako establezimenduen batez besteko tamaina EB-15ean merkataritzako jardueran diharduten enpresen multzoak duen tamaina baino handiagoa da. Zehazkiago esateko, bere batez besteko tamaina 5,4 enplegatutan kokatzen da, merkataritzako enpresek, oro har, batez beste 5,1 enplegatuko tamaina duten bitartean. Bestalde, sektorearen batez besteko fakturazioa 691.874,4 euroraino iristen da enpresa bakoitzeko, eta batez besteko fakturazioa, enplegatuko, 127.927,8 eurokoa da, izanik zifra bata nahiz bestea merkataritzako sektoreak, oro har, dituenak baino txikiagoak (1.212.560,7 eta 236.504 eurokoak dira-eta sektorearenak, hurrenez hurren).
Banaketa geografikoari dagokionez, Espainiak eta Italiak hartzen dituzte txikizkako merkataritza-sektoreak saltegietan dituen enpresen guztizkoaren % 21,2 eta % 27,5, hurrenez hurren, eta horri esker herrialde horiek dira sektore “handiena” dutenak. Enpleguari dagokionez, ordea, ranking-ean duten posizioa arras aldatzen da eta Erresuma Batua (% 24,2arekin) eta Alemania (% 20,2arekin) dira jarduera horretan jenderik gehien enplegatzen duten herrialdeak. Fakturazioa eta BEG aldagaiak kontuan hartzen baditugu, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Frantziak % 60 inguruko, % 22,1eko, % 19,0ko eta % 18,7ko ekarpenak egiten dituzte, hurrenez hurren, sektorearen fakturazio-bolumenean. BAGari dagokionez, azkenik, hiru herrialde horien ekarpena ondorengoa da: % 24,0koa Erresuma Batuarentzat, % 22,4koa Alemaniarentzat eta % 17,0koa Frantziarentzat.
EB-15eko herrialde bakoitzak txikizkako saltegien sektorearen negozio-sorkuntzan duen parte-hartzeak lotura estua dauka herrialderik populatuenekin, bi aldagai horien arteko korrelazioa positiboa izanik. Horrela, Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak eta Italiak sektorearen negozio-bolumenaren % 72,6 sortzen dute lauen artean. Enplegu bakoitzeko fakturazioaren ikuspegitik aztertuta, eraginkortasunik handiena Belgika, Luxenburgo eta Finlandiako saltegiei legokieke, EB-15eko batez bestekoarena baino balio askoz ere handiagoekin (127,9 mila eurokoa da batez bestekoa, enplegu bakoitzeko). Portugal, Holanda edo Espainia bezalako herrialdeetan, ordea, enplegu bakoitzeko sortzen den fakturazioa batez besteko komunitarioaren oso azpitik dago (76,9koa, 81,1ekoa eta 98,2koa baita, hurrenez hurren, 3 herrialde horietan).
3. SEKTOREA ESPAINIAN
522.373 txikizkako enpresa daude Espainian, 2002. urtean, eta guztira 1.621.438 pertsona enplegatzen dituzte. Enpresa horiek sortzen duten jarduera ekonomikoak 161.064 milioi euroko negozio-bolumena (fakturazioa) sortzen du, eta zifra horrek adierazten duen bezala, txikizkako merkataritzak 31.745 milioi euroko BEG sortzen du. Horrela, bada, txikizkako merkataritzaren sektoreak pisu nabarmena hartzen du, merkataritzako jardueraren barruan, oro har: enpresen % 73,5 eta enpleguaren % 61,5 kontzentratzen ditu. Bere ekarpena, aitzitik, txikiagoa da negozio-sarrerari dagokionez (% 34,0) eta baita BEGari dagokionez ere (% 46,7), ekarpenik handiena handizkako merkataritzari baitagokio.
Saltegietako txikizkako merkataritzaren sektorea, bere aldetik, 457.115 enpresek osatzen dute, eta zifra horrek Espainiako txikizkako enpresen totalaren % 87,4 eta zerbitzuen sektoreko enpresen % 24,6 suposatzen du. Portzentaje horixe da zerbitzuen sektorea osatzen duten jarduera-adar diferenteen artean ikusten den parte-hartzerik handiena. Sektore honetan okupatuak dauden pertsonen kopurua, bestalde, 1.510.029 pertsonaraino iristen da. Horrela, sektoreko enpleguaren bolumenak txikizkako jardueraren % 93,1 egiten du eta zerbitzuen sektoreko jardueraren % 19,7. Gisa horretan, txikizkako merkataritza-sektoreak saltegietan duen batez besteko enpresa-tamaina 3,3 enplegatukoa da, enpresa bakoitzeko, eta zifra hori txikizkako merkataritza-sektoreari dagokion batez bestekoa baino handiagoa da (3,1 okupatu/enpresako);hala ere, merkataritza-sektorearena, oro har, baino txikiagoa da (3,7 okupatu/enpresako) eta baita zerbitzuen sektorearena baino txikiagoa ere (4,1 okupatu/enpresako).
Txikizkako saltegien ratio ekonomikoak aztertzen badira, 1999. urtetik 2002. urtera arte, eboluzioa positiboa izan dela ikusiko dugu. Negozio-bolumenak, enplegatu bakoitzeko, gora egin du, eta 93.285 eurotik 103.319 eurokoa izatera pasatu da 2002an. Enplegatu bakoitzeko ekoizkortasuna edo produktibitatea, berriz, 17.609 eurotik 20.045 eurora igotzen da denboraldi horretan. Pertsonal-gastuak, enpleguko,1999ko 9.277 eurotik 2002. urtean erregistratzen diren 11.000 euroraino pasatu dira.
2002ko Merkataritzako Urteko Inkestaren datuek diotenez, beren magnitude ekonomikoak direla medio gainerako jarduera-adarren gainetik nabarmentzen diren alorrak ondorengoak dira: saltegi ez-espezializatuetako merkataritza eta merkataritza espezializatua (ehunkiak, oinetakoak, etxetresna elektrikoak, liburuak,...). Izan ere, bi alor horiek kontzentratzen baitituzte txikizkako merkataritza-sektoreak saltegietan duen negozio-bolumenaren % 77,7, produkzio-balioaren % 79,7 eta balio erantsiaren % 77,5.
Txikizkako merkataritza-sektoreak saltegietan duen enpresa-egiturari dagokionez, sektoreko enpresak gehienbat tamaina txikikoak edo oso txikikoak dira. Zentzu honetan, enplegu “autonomoko” edo soldatapekorik gabeko enpresak (% 51,7) eta gehienez ere bi soldatapeko langile dituzten enpresak (% 33,1) osatzen dute guztizkoaren % 84,8. Kontzentrazio geografikoari dagokionez, biztanlerik gehien dituzten autonomia erkidegoak dira enpresa-kopururik handiena biltzen dutenak. Horrela, Andaluziak eta Kataluniak kontzentratzen dituzte 2004an txikizkako merkataritza-sektoreak saltegietan dituen enpresen kopuru totalaren % 18,7 eta % 16,2, hurrenez hurren.
4. SEKTOREA EAEN
Garrantzia eta magnitude nagusiak
Azken hamarkada honetan zehar, euskal ekonomiak tertziarizazio-prozesu bat jasan du, izanik zerbitzu-sektorearen pisua egunetik egunera handiagoa EAEko aberastasunaren sorreran. Eta zerbitzuen sektorearen barruan, azpimarratzekoa da merkataritzako jarduerak izan duen garrantzia: EAEko BEGren sorkuntzan % 11,4 hartzen du, eta zerbitzu-sektorearen % 17,9. Merkataritzako jarduerak bi salmenta-mota nagusiak biltzen ditu bere baitan: handizkako banaketa komertziala batetik, eta txikizkako merkataritza, bestetik.
Txikizkako merkataritzaren sektoreak 2.558 milioi euroko produkzio-balioa sortu du 2001. urtean, 1.836 milioi euroko balio erantsia eta 64.425 pertsona enplegatzen ditu, guztira. Zifra horiek % 44,6ko, % 48ko eta % 61,9ko partaidetzak suposatzen dituzte, hurrenez hurren, merkataritza-sektorearen osotasunari begira.
Saltegi komertzialen epigrafearen barruan bildutako jarduerek osatzen dute txikizkako merkataritza-jardueraren zutabe nagusia EAEn, eta horrela, 2000. urtean txikizkako sektoreak, multzoan, zituen establezimendu edo saltegien, sortutako aberastasunaren eta enplegatutako pertsonen % 95 bertan kontzentratzen ziren.
Txikizkako sektoreak saltegietan sortutako balio erantsi gordina 1.613 milioi euroraino igotzen da, Eustat-ek landutako Merkataritza eta Konponketako Inkesta 2000 izenekoak emandako datuen arabera; kopuru horrek euskal jarduera ekonomikoak urte horretan sortutako aberastasunaren % 4,4 suposatzen du. Zifra horrek duen garrantzia zer-nolakoa den ikusteko, beste jarduera batzuen ekarpenekin parekatzea besterik ez dago: paperaren industria (% 0,8), nekazaritza (% 0,7) edota makina-erremintaren sektorea (% 0,7) adibide egokiak izan daitezke.
Ehun enpresarialaren ezaugarriak
Jarduera Ekonomikoen Direktorioaren (DIRAE izenekoaren) arabera, txikizkako saltegien kopurua 29.298koa izan da, 2003. urtean, eta zifra horrek txikizkako merkataritza-sektoreko establezimenduen % 95,8 eta merkataritza-sektoreko, oro har, establezimendu guztien % 76,1 suposatzen du. Datu horien arabera, sektoreko enpresaren batez besteko tamaina 2,3 enplegatukoa da establezimendu edo saltegi bakoitzeko 2003an, eta horrek mikro-enpresez osatutako ehun enpresariala erakusten digu. Zehazkiago esateko, EAEko txikizkako saltegien % 95,7ak 2 langile ditu gehienez ere.
Balio erantsi gordinaren eta ustiapeneko soberakin gordinaren lurraldekako banaketa kontuan hartzen badugu, Bizkaia dago aurreneko postuan, beste probintziei gailenduz, balio erantsi gordin totalaren % 53,3 eta ustiapeneko soberakin gordinaren % 52,4 hartzen baititu beretzat. Jarraian Gipuzkoa dator, % 32,9 eta % 33,5eko partaidetzekin, hurrenez hurren. Arabak dauka parte-hartzerik txikiena, % 13,8 eta % 14,1 baitira bere zifrak, hurrenez hurren. Jardueraren presentziarik handiena Bizkaian gertatzen da, orobat: establezimenduen totalaren % 52,7 eta sektoreko enpleguaren % 52,3 kontzentratzen ditu 2003. urtean. Gipuzkoak, bere aldetik, saltegien % 34,7 eta enpleguaren % 32,9 biltzen ditu, eta portzentaje horiek % 12,5 eta % 14,7koak dira, hurrenez hurren, Arabaren kasuan.
Amaitzeko, saltegietako txikizkako merkataritza-sektorea osatzen duten jarduera-alor diferenteak aztertu eta jorratzen badira, elikagaien alorra nagusitzen da establezimenduen kopuruan (saltegien guztizkoaren % 33,6), atxikitako enpleguan (enpleguaren guztizkoaren % 40,8) eta baita eskainitako salmenta-eremuan ere (% 36,4). Ehunki, jantzigintza, oinetako eta larruzko gaietan espezializatutako saltegiek, bere aldetik, txikizkako establezimenduen sarearen % 22,0 hartzen dute, txikizkako establezimenduetan lan egiten duten pertsonen % 18,7 enplegatzen dituzte, eta salmentako azalera totalaren % 18,6 eskaintzen dute.
Sektoreko salmenten oraintsuko eboluzioa
Eustat-ek landutako Barne Merkataritzako Indizearen (BMI/ICIren) arabera, merkataritzako sektorearen salmentek % 1,9ko hazkundea izan dute, termino errealetan, 2003. urtean, aurrekoan izandako tasa baino txikiagoa (% 4,6koa izan baitzen 2002an). Txikizkako sektoreak EAEn izan dituen salmenten eboluzioa denboraren aldetik ikuspegi zabalagotik aztertzen badugu, 1993tik 2004ko aurreneko hiruhilekoa bitartean adierazleak urtez urteko bariazio-tasa positiboa izan duela ikusiko dugu, batez besteko hazkundea % 2,2koa izanik urte batetik bestera.
Gure arreta azkeneko hirurtekoan jartzen badugu, esan genezake hiru lurralde historikoek ibilbide bertsua izan dutela (hazkunde txikiagoa eta arina 2001ean, berrabiatzea 2002an eta apaltzea 2003an), baina badira ñabardura interesgarriak batetik bestera: Araba da 2001. urtean txikizkako merkataritzaren indizearen bariazioan balio negatiboa duen lurralde bakarra , aurreko urtearekin konparatuz (% -1,3); Bizkaiak dauka urtearteko bariazio-tasarik handiena 2002an (% 7,2); eta Gipuzkoa aztertutako ekitaldietan bariazio-tarterik txikiena edukitzeaz nabarmentzen da.
5. SEKTOREAREN LEHIARAKO JARRERA
Sektorearen lehiakortasunean eragina duten faktoreak
Txikizkako merkataritza-sektoreak saltegietan duen ezaugarri nagusia bere dinamismoa da, eskariaren exijentzia eta premietara egokitzeko beharretik sortua. Zentzu honetan, sektorearen egungo egoera eta etorkizunerako perspektibak hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, sektorearen lehiakortasunean eraginez. Beste batzuen artean, hauek aipa daitezke:
AMIA analisia
Sektorearen indarguneak hauetan laburbil daitezke:
Ahultasun nagusien artean aipa daitezke:
