Saltar menú navegación
Está en :

Argitalpenak

EAE.ko TXOSTEN SEKTORIALA

Agencias de viajes
Zenbakia: 62

Tituloa: Bidaia-agentziak
Txosten osoa deskargatu:Descarga en formato PDF

LABURPENA ETA KONKLUSIOAK


1. AURKEZPENA

Azterketa honen helburu nagusia Euskal Autonomia Elkargoan bidaia-agentzien sektoreak azken urteotan izandako eboluzioa, egungo egoera eta etorkizuneko perspektibak analizatzea da, sektoreak Europan eta estatu mailan duen egoeraren panoramika bat ere eskaintzen den arren, konparaziorako, eta kasu askotan jardueraren joera nagusien azalpenerako erreferentzia bezala. Txosten honek 1997. urtean egindakoa eguneratzen du, ordutik joandako denbora-epeak batetik, eta azken urteotan jarduera turistikoan oro har, eta bidaia-agentzien sektorean, bereziki, ikusitako aldaketek bestetik, testuingurua eguneratzea aski justifikatzen dutelako gure ustez.

Zehazkiago esateko, txostena bost ataletan banatzen da. Lehenengoan, sarrera gisa antolatua, aztergai dugun jarduera deskribatu eta mugatzen da, eta bidaia-agentzien sektorea jarduera turistikoaren sare barruko balore-katean kokatzen da, bertan bitartekari bezala integratuz. Bigarren atalean sektoreak Europar Batasunean duen egoera aztertzen da, hirugarren atalean jarduera sektorialak Espainian duen egoera jorratuz. Laugarren atalean, sektoreak EAEn izandako oraintsuko eboluzioa eta egungo egoera aztertzen dira (sare enpresariala, makromagnitude nagusiak, sektoreak euskal jarduera turistikoaren barruan duen garrantzia, eskariaren adierazleak...), azkenik, bosgarren atala bere jarrera konpetitiboaren diagnostikoari eta etorkizuneko perspektibei eskaintzen zaien bitartean (AMIA analisia).

Txostena lantzeko erabili izan den metodologiari dagokionez, informazio kuantitatiboa erabili da alde batetik, erreferentzia-eremu bakoitzari atxikiriko iturri estatistiko ofizial, txosten eta artikulu espezializatuen bidez eratua, eta kualitatiboa bestetik, eskuartean dugun sektoreari dagozkion agenteek emandako iritziez lortua.

2. SEKTOREA EUROPAR BATASUNEAN

2.1. Oraintsuko eboluzioa eta sektore-eskaintzaren magnitude nagusiak

1999. urtean ia 48.500 bidaia-agentzia ari ziren lanean Europar Batasunean, eta horietan 365.000 langile inguru zeuden enplegatuak, 113.000 milioi euro fakturatuz eta 14.630 milioi euroko balio erantsi gordina sortuz. Sektorearen garrantziak eta pisuak nabarmen egin du gora azken urteotan zehar, 1994tik aurrera enpresen kopurua % 37,5 handitu baita, enplegua ia % 50 eta fakturazioa % 48,5. Horrela, 1999an bidaia-agentzien sektoreak turismoaren sektoreko enpresen totalaren % 3,4 hartzen du beretzat, enpleguaren % 5,5, negozio-bolumenaren % 27 eta sortutako balio erantsiaren % 9,2.

Sektorearen egiturari dagokionez, esan beharra dago 1999an sektoreko enpresen batez besteko tamaina 7,5 enplegatukoa zela (6,9koa 1994. urtean). Eta bidaia-agentzia gehientsuenak dimentsio txikikoak diren testuinguruan, azpimarratzeko modukoa da sektore honetan batera aurkitzen direla enpresa txiki eta ertainen kopuru handia, eta talde enpresarial handi batzuk bestetik (Europako funtsezko merkatu guztietan bizi-bizi daudenak). Eta kasurik gehienetan, beren interesak ez dira mugatzen merkatu horretara bakarrik, turismoaren industria osoan aritzen baitira, oro har; eta horrela osatzen den merkatuaren ezaugarri nagusia eskaintza-mailan duen konpetentzia edo lehia da, bezero gero eta exigenteagoei eta egunetik egunera hobeto informatuak daudenei aurre egin behar dien heinean.

Sektorearen barruko lehiakortasun hau Europar Batasuna osatzen duten ia herrialde guztietara hedatu daiteke (horren barruan sektore espainolak enpresen % 10,7 suposatzen du, enpleguaren % 9,4 eta fakturazioaren % 7,6). Bestetik frankizien kopuruaren gorakadak, lehiatzaile berrien sarrera garrantzitsuak, garraio-merkatuaren liberalizazioak eta talde enpresarial handien merkatu-kuota pixkanaka hazten joateak eta bertan ezartzeak, prezioen gerra gogorra ekarri du, eta horrek poliki-poliki bidaia-agentzien marjinak eta errentagarritasuna murriztu egin ditu. Egoera horrek ondotxo erakusten du azken urteotan sumatutako sektoreko produktibitatearen moteltze edo gelditzea.

2.2. Eskariaren adierazleak. Turismoaren eboluzioa eta joerak

Turismoa izan da azken urteotan gehien hedatu den jardueretako bat, ekonomiaren sektore garrantzitsuenetakoa bilakatuz. Horrela, 1985etik 2002. urtea arte, nazioarteko bidaien kopuruak % 121eko hazkundea izan du mundu osoan, nazioarteko turisten kopuruak 700 milioi pertsonako langa gaindituz (eta 20 urteko epean zifra hori bikoiztea espero da). Europaren kasuan, mugaz haraindiko turisten ailegaerak ia bikoiztu egin dira 1985-2002 epealdi horretan, eta Europak jarraitzen du izaten helmuga turistiko nagusia mundu-mailan (berak hartzen baititu nazioarteko bidaia guztien % 57,5), turisten jatorri edo sorleku nagusia ere bera izanik (munduko turista guztien % 60).

EBren barruan, per capita errentarik handiena duten herrialdeetako biztanleak dira oporretara gehien joaten direnak. Zehazkiago esateko, eta 2001. urteko datuen arabera, Alemanian 14 urtetik gorako populazioaren % 80,2k lau gau baino gehiago ematen ditu urtean bere ohizko egoitza edo bizilekutik kanpo, Luxenburgon % 73,1 eta Holandan % 68,6 diren bitartean. Per capita errenta txikiagoa duten herrialdeak dira, aitzitik, oporren tasarik txikiena dutenak, Portugal edo Espainia esaterako (% 34,2 eta % 38,5, hurrenez hurren).

Zentzu honetan, badirudi erlazio positiboa dagoela opor-tasarik handiena duten, eta beren oporrak antolatzeko bidaia-agentzietara jotzen duten herrialdeen artean. Horrela, Alemanian, turisten % 45 baino gehiago bidaia-agentzietara joaten dira, % 43,1 Luxenburgon eta % 39 Holandan. Eta alderantziz, Portugalen (% 11,1) eta Espainian (% 21,4), oso baxua da beren bidaiak antolatzeko asmotan agentzietara jotzen duten turisten portzentajea, seguruenik barne-turismoak garrantzi handia duelako, automobila nahiago izaten delako garraio-modu bezala, eta izaera pribatuko ostatu eta alojamendua erabiltzen delako neurri handi batean.

3. SEKTOREA ESPAINIAN

3.1. Oraintsuko eboluzioa eta sektore-eskaintzaren magnitude nagusiak

2001ean, bidaia-agentzien sektorea 6.414 enpresek osatzen zuten Espainian, eta horiek 11.274 establezimendu zituzten, 44.820 langileri enplegua emanez. Zifra horiek 1998koak baino % 23,2, % 22,9 eta % 30,9 handiagoak dira, hurrenez hurren. Sektorearen garrantzia gero eta handiago hori berretsi egiten da, aldagai ekonomiko garrantzitsuenek edukitako eboluzio positiboa ikusiz. Horrela, 2001ean sektoreak 11.466 milioi euro fakturatu zituen eta 1.227 milioi euroko balio erantsi gordina sortu zuen, 1998an baino % 33,3 eta % 32,7 gehiago, hurrenez hurren. Dena den, emaitzei dagokienez sektoreak 370 milioi euroko ustiapeneko soberakin gordina sortu zuen 2001. urtean, eta horrek % 16,3ko hazkundea suposatzen du 1998koarekin konparatuz, tasa hori enpleguan, fakturazioan eta balio erantsian erregistratutakoa baino dezentez apalagoa izanik.

Horrela, 2001ean bidaia-agentzien sektoreak enpresen % 2,4, lokalen % 3,9 eta enpleguaren totalaren % 4 hartzen du Estatuko sektore turistikoaren barruan, eta ez da ahaztu behar jarduera turistikoak pisu nabarmena duela Espainiako jarduera ekonomikoaren multzo osoan. Horrez gain, sektorearen garrantziak gora egiten du termino ekonomikoetan, bere ekarpena % 21,7koa baita Estatuko turismo-sektoreak sortutako negozio-bolumenean eta % 6,4koa sortutako balio erantsi gordinari dagokionez.

Enpresen egiturari dagokionez, Espainiako bidaia-agentzien sektorearen ezaugarria bere atomizazio handia da (2001ean zazpi langile kontabilizatzen dira batez beste enpresa bakoitzeko, eta lau langile lokaleko), eta bere eskaintza enpresa txiki askok osatua dago (horietako askok establezimendu bakarra dute), sektorean enplegu-sorkuntzari eta fakturazioari dagokionez pisu eskasa dutenak, eta bidaia-agentzien talde handien kopuru urriarekin batera dihardutenak. Talde hauek lokal-sare zabala daukate Autonomia Erkidego desberdinetan barreiatua, eta berauek kontzentratzen dute sektoreko enpleguaren eta batez ere fakturazioaren zatirik handiena (99 enplegutik gorako enpresek negozio-bolumenaren % 60,4 sortzen dute 2001ean, 1998an portzentaje hori % 51,7 besterik ez zen bitartean).

Sektoreak lurraldeka duen banaketari begiratuz, jarduera Madril eta Kataluniako erkidegoetan kontzentratzen dela gehienbat ikusten da, bi horiek batera Estatuko totalaren % 40 baino gehiago hartzen baitute, lokal-kopurua, enplegua, negozio-bolumena eta egindako inbertsioari dagokienez. Eta distantzia handi samarrera, baina hala ere pisu garrantzitsuarekin, Andaluzia, Valentzia, Balearrak, Kanariar Uharteak eta Euskal Herria agertzen dira (lokalen % 5; enpleguaren % 5; fakturazioaren % 5,9 eta egindako inbertsioaren % 4), gainerako Autonomia Erkidegoek pisu murritzagoa duten bitartean.

3.2. Eskariaren adierazleak. Turismoaren eboluzioa eta joerak

Atzerriko turisten sarrerari dagokionez, 2002. urtean Espainia nazioarteko turisten bigarren helmuga edo destino bezala finkatu zen, mundu-mailan (51,7 milioi turista iritsi ziren urte horretan, eta merkatu-kuota % 7,2koa izan zen), Frantzia geratuz bakarrik bere gainetik. Horrez gain, Espainiaren garrantzia helmuga turistiko bezala haziz joan da azken urteotan, 1995-2002 denboraldian nazioarteko ailegaerak % 50 igo direlarik (Europan, oro har, % 27,2 eta mundu osoan % 29,5 besterik igo ez diren bitartean), eta horrek ondo erakusten du sektore turistikoak Espainian duen dinamismoa eta hedapena. Testuinguru honetan, nabarmendu beharra dago Espainiarantz egindako mugaz gaindiko mugimenduak Katalunia, Kanariak, Balearrak eta Andaluzian kontzentratzen direla batez ere, geografiaren ikuspuntutik.

Espainiarren mugimendu turistikoei dagokienez, hauek 43.834.685 bidaia turistiko egin zituzten guztira 2002. urtean (zifra hau % 5,8 txikiagoa da aurreko urtekoa baino, baina 1999koa baino % 0,5 handiagoa). Eta horietatik % 90 inguru Espainiako lurraldearen barruan egin ziren, gainerako % 10aren helmuga herrialde atzerritarren bat izanik. Turista espainiarren jatorrizko autonomia-erkidegoari begiratzen badiogu, Madril (totalaren % 19,2), Katalunia (% 16,1), Andaluzia (% 14,4), Valentziako Erkidegoa (% 8,9), Gaztela eta Leon (% 7,2) eta Euskal Herria (% 6,1) izan ziren 2002. urtean zehar bidaia turistiko gehien egindako erkidegoak.

Azterketa Autonomia Erkidegoen arteko barne-turismoan soilik zentratzen badugu, zera ikusten da: 2002an Madril, Euskal Herria, Nafarroa, Katalunia, Errioxa eta Aragoi direla barne-bidaia turistikoen erkidego igorleak (kanpora egindako bidaiak gehiago dira jasotakoak baino), batez ere Madrilen eta Euskal Herriaren kasuetan (2,8 eta 2,6 aldiz gehiago, hurrenez hurren, kanpora egindakoak jasotakoak baino). Gainerako erkidegoak hartzaileak dira, eta aipatzekoak dira multzo honetan Kantabria eta Balearretako kasuak.

Testuinguru honetan, nabarmendu beharra dago 2002. urtean turista espainolek egindako bidaien % 60,9 inolako erreserbarik gabe egin zirela (% 63,5 1999an), eta % 18,2 bidaiariak berak zuzenean antolatu zituela (% 17,2 1999an). Horren ondoan, bidaien % 21 bidaia-agentzien bidez antolatu ziren (% 19,3 1999an), bai zerbitzu turistiko jakinen bat erreserbatuz (horrelakoak % 10,3 izan ziren, 1999an % 12,7 ziren bitartean), edo baita pakete turistikoren bat erosiz (% 10,7, 1999an % 6,6 ziren bitartean). Eta testuinguru horretan bidaia-agentziaren erabilera askoz ere handiagoa da atzerrira egindako irteeren kasuan (bidaiarien % 52, 2001. urtean), barruko turismoaren kasuan baino (bidaiarien % 18, 2001. urtean).

4. SEKTOREA EAEn

4.1. Ehun enpresariala: establezimenduak, enplegua eta lokalizazioa

2002. urtean bidaia-agentzien sektorea 178 enpresek osatzen dute guztira Euskal Herrian, eta horiek 563 establezimendu dituzte, 1.773 pertsona enplegatuz guztira. Oro har Europa eta Estatu mailan gertatzen den bezalatsu, sektore honetako ehun enpresarialaren ezaugarria da bertan enpresa txiki asko daudela (122 enpresak establezimendu bakarra daukate), eta horiekin batera enpresa handien talde txiki bat aritzen da merkatuan, establezimendu-sare zabala osatuz (6 enpresen artean establezimenduen totalaren erdia baino gehiago hartzen dute, % 54,2 zehatzago esateko, 2002an).

Establezimenduen kopuruak hazkunde nabarmena eta ia etengabea erakutsi du azken hamarkada guztien zehar (1993ko 302 establezimenduetatik 2002. urteko 563 establezimendutara pasatuz, % 86ko igoera ezarriz), eta hazkunde hori gertatu da bai establezimendu bakarreko enpresa txiki berriak jarduerara inkorporatu direlako, eta baita enpresa handien establezimenduen sarea gehitu egin delako ere. Establezimendu horietan sortutako enpleguak ere, bere aldetik, hazkunde nabarmeneko joera erakusten du, eta horrela 1993. urtean jarduera honetan enplegatutako pertsonak 1.158 ziren bitartean, 2002. urtean 1.773 pertsona dira eta horrek % 53,1eko hazkundea suposatzen du. Establezimenduen tamainari dagokionez, enplegatuen kopuruak establezimenduko murrizketa-joera txiki bat erakusten du azken hamarkadan zehar (3,1 enplegu establezimenduko 2002. urtean, 1993an 3,8 ziren bitartean), eta horretan gorakada nabarmena egin du hiru enplegatu baino gutxiago dituzten establezimenduen pisu erlatiboak (totalaren % 55,1 egiten dute 2002. urtean, 1995ean % 49,1 ziren bitartean).

Establezimenduen jarduera-segmentuari begiratzen badiogu, 2002an horietatik % 89,7 txikizkako jarduerara bideratuak daude batik bat, % 7,6 handizkako jarduerara eta % 2,7 besterik ez turismo hartzailera. Horrela, azpimarratzeko modukoa da txikizkako segmentuan dagoen establezimenduen kopuru handia, guztiz zatikatua eta barreiatua, ezaugarri horiek nabarmen apalduz handizkako segmentuan. Ez baita ahaztu behar gaur egun EAEn dauden establezimenduetako asko Estatu mailan diharduten talde enpresarial nagusietakoak direla, segmentu batean bezala baita bestean ere. Era berean, nabarmentzeko modukoa da EAEn jarduera hartzailera jarriak dauden establezimenduen presentzia oso eskasa dela.

Jardueraren lurraldez lurraldeko banaketari dagokionez, 2002. urtean establezimenduen % 54,5 Bizkaian kontzentratzen da, % 32,3 Gipuzkoan eta % 13,1 Araban; banaketa hori apenas aldatu den batere azken hamarkada osoan. Enpleguari begira, Bizkaiaren partaidetza % 60raino igotzen da 2002an, Gipuzkoarena % 26,5 da eta Arabarena % 13,5 besterik ez. Kasu honetan ikus daiteke Arabak eta batez ere Gipuzkoak pisu erlatiboa irabazi dutela enplegu sektorialaren totalari begira (% 13 eta % 23,9 hartzen zituzten, hurrenez hurren 1993. urtean), lurralde bizkaitarraren kaltetan (honek % 63,1 hartzen zuen 1993an).

4.2. Aldagai ekonomiko nagusien eboluzioa eta emaitza-kontuaren analisia

EAEko bidaia-agentzien sektoreak hedapen handia izan du azken urteotan, bai fakturazioan eta baita sortutako balio erantsian ere. Zentzu honetan, fakturazioak 676.025 mila euroko muga lortu zuen 2001ean, eta zifra hori 1998an lortutakoa baino % 33,5 handiagoa da, sektoreak Estatu-mailan duen fakturazio osoaren % 5,9 beretzat hartuz. Sektorearen balio erantsi gordina, bere aldetik, 74.511 mila euroraino iritsi zen 2001ean, 1998an kontabilizatutako zifra baino % 34,1 handiagoa, Estatuaren totalaren % 6,1 hartuz. Inbertsioari dagokionez, Europan eta Estatuan gertatzen den bezala, EAEko bidaia-agentzien sektoreak egiten duen inbertsio esfurtzua ez da ikusgarria suertatzen. Zehatzago esateko, inbertsioa 4 milioi euroren inguruan mantendu da azken urteotan, fakturazioaren totalaren % 1 inguru hain zuzen ere.

Sektoreko emaitza-kontuaren egiturari dagokionez, azpimarratzeko modukoa da EAEko bidaia-agentziek sortutako balio erantsi gordinak, merkatu-prezioetan, 2001. urtean fakturatutako totalaren % 10,4 suposatzen duela. Zifra hori egonkor mantendu izan da 1998. urtetik, eta sektoreak maila estatalean duenaren antzekoa da, euskal sektore turistikoan kontabilizatua baino askoz ere txikiagoa baldin bada ere (% 36 baino zertxobait handiagoa 2001ean), merkaderia-kontsumoek eta beste enpresa batzuek bidaia-agentzietan egindako lanek dakarten pisu handiagatik gertatua batez ere, bere bitartekaritza-funtzio horretatik eratorria.

Horrela, eta 2001. urtean EAEko bidaia-agentzien pertsonal-gastuak fakturazioaren % 9,1 suposatzen dutela kontuan hartuz (Espainian agentzien sektoreak % 7,5 hartzen du, eta euskal sektore turistikoan, oro har, zifra hori % 20,7koa da), lortutako ustiapeneko soberakin gordinak fakturazioaren % 1,9 suposatzen du (% 1,1 1998an), estatu-mailan kontabilizatutako tasa baino zertxobait txikiagoa (% 3,2 2001. urtean), eta euskal sektore turistikoarentzat, oro har, kontabilizatutakoa baino askoz ere txikiagoa (% 15,5).

4.3. Sektoreak jarduera turistikoari egindako ekarpena

EAEko bidaia-agentzien sektoreak establezimenduen % 3,3 eta enpleguaren totalaren % 4,1 suposatzen du 2001. urtean, euskal turismo-sektore osoaren barruan, eta jarduera honek azken urteotan pisu gero eta handiagoa hartu du euskal jarduera ekonomikoen multzo osoaren barruan. Gainera, Estatu-mailan gertatzen den bezala, sektorearen garrantziak gora egin du termino ekonomikoetan, eta gaur egun euskal turismo-sektorearen barruan sortutako negozio-bolumenean % 25,6ko parte-hartzea dauka, % 7,8koa sortutako balio erantsi gordinean eta % 7,7koa egindako inbertsioaren kasuan.

4.4. Eskariaren adierazleak. Turismoaren eboluzioa eta joerak

2002an 935.259 nazioarteko ailegaera kontabilizatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta zifra hori 1997an erregistratutakoa baino % 11,3 handiagoa da, baina Estatuan oro har erregistratutakoa baino dezentez apalagoa (% 30,8). Horrela, bada, 2002an EAEk Espainiara bideratutako mugaz gaindiko mugimendu guztien % 1,8 hartzen du, 1997an zifra hori % 2,1ekoa zen bitartean.

Euskal hiritarren mugimendu turistikoei dagokienez, hauek 2.695.645 bidaia turistiko egin zituzten guztira 2002an, eta zifra hori aurreko urtean kontabilizatutakoa baino % 6,1 txikiagoa da, nahiz eta 1999-2002 epealdian, oro har, % 5eko hazkundea erregistratu, Estatu osoan erregistratutakoa (% 0,5) baino nabarmen handiagoa. Horrela, euskal hiritarrek Estatuan, oro har, egindako mugimendu turistikoetan eduki duten pisu erlatiboak 1999ko % 5,9tik % 6,1eraino egin du gora 2002an.Ondorioz, euskal erkidegoko biztanleak, bidaiari "intentsiboak" direla esan genezake, hauetako %70,1ak urtean zehar bidaiatu ei baitu, Estatu mailan %62ak baino bidaitu ez duen bitartean.

Euskal turistek beren irteeretarako aukeratutako destinoari dagokionez, bidaien % 90 Estatuaren enparaura zuzenduak daude (barruko turismoa), atzerrira bidaiatzen duena gainerako % 10 besterik ez den bitartean; egitura horrek apenas eduki duen aldaketarik 1999. urtetik, eta Estatuan, oro har, ikusitakoaren oso antzekoa da.

Euskaldunek Estatu espainolaren barruan egindako turismoan zentratzen badugu analisia, 2002an Gaztela eta Leon izan zen euskal turista gehien jasotako Erkidegoa (totalaren % 18,5). Eskualdeen arteko turismoak, alegia euskal lurraldeen artean egin ohi denak, ere garrantzizko pisua hartzen du (% 10,6) eta baita ondorengo Erkidego hauetara egindakoek ere: Valentzia (honek euskaldunen bidaia turistikoen % 8,8 hartzen ditu), Kantabria (% 8,7), Andaluzia (% 6,9), eta Kataluniara (% 6,9) egindakoek hain zuzen ere.

Testuinguru honetan, eta Euskal Herriko bidaia-agentziek euskal hiritarrek egindako bidaia turistikoen antolamenduan jookatzen duten zereginari begira, esan beharra dago Erkidego Autonomien arabera banatutako datu estatistikorik ez daukagun arren, Estatuaren osotasunerako aurkeztutako emaitzek (eta bertan 2002. urtean bidaiarien % 21ek agentzia batera jotzen du bidaia antolatzeko, portzentaje hori % 52raino igotzen delarik kanporako turismoaren kasuan eta % 18raino jaisten delarik barruko turismoaren kasuan) nahiko ongi islatzen dutela euskal bidaiarien portaera. EAEk Estatuaren enparauko turisten hartzaile bezala jokatzen duen paperari dagokionez, aipatu beharra dago 2002. urtean Euskal Herria izan zela hiritar espainolek egindako 940.130 bidaien helmuga, 1999an baino % 19,2 gehiago hain zuzen ere, eta horrek Estatuko lurraldeetan egindako bidaia turistiko guztien % 2,3 suposatzen du. Jatorrizko erkidego nagusiei begiratuz, Gaztela eta Leon nabarmentzen da (guztiaren % 21,2arekin), Madril (% 10,9), eta Katalunia (% 10,2), hiruren artean Euskal Herrian 2002an hartutako bidaia turistiko guztien % 42,3 hartuz.

4.5. Teknologia berriek jardueran duten garrantzia eta eragina

Informazio eta komunikazioaren teknologia berriak ezinbesteko lan-tresna dira bidaia-agentzien sektorean gaur egun. Agentzia horien bitartekaritza-lanak behar-beharrezkoa du etengabeko informazio-trukea hornitzaileekin eta baita azkeneko bezeroekin ere, eta horretarako IKTB horiek aurrerapauso ikaragarria ekarri dute, kostu ekonomikoak eta denbora ugari aurreztea lortuz.

Arlo honetan bidaia-agentziek egin duten inbertsioari dagokionez, ikusten da harreman zuzena dagoela bidaia-agentzien tamainaren eta teknologia berrietan egin ohi duten inbertsioaren artean; diru-kopuru horiek aplikazio telematiko eta informatikoetan gauzatzen dira batez ere, eta neurri txikiagoan oinarrizko ekipamendu informatikoan eta Internet-en. Zentzu honetan, eta sektorean bizi den lehiakortasun edo konpetitibitate-giro altuan, oro har bidaia-agentziek berehala jakin dute aldaketa teknologikora egokitzen; eta aldaketa horrek, bere aldetik, aldaketa garrantzitsuak ekarri ditu bezeroen portaeran.

Internet-i dagokionez, eta sektorearentzat abantaila handiak ekartzen ari den arren, tresna honek turismoaren banaketa-kanaleko edozein osagairen komunikazioa azken bezeroarenganaino eramateko dakarren erraztasun horrexek arriskuan jartzen du bidaia-agentzien bitartekaritzako lan hori, lehiatzaile berrien agerpena errazten baitu. Baina horren guztiaren gainetik, establezimendu tradizionalek ez dute oraingoz bederen, ondorio larririk jasan. Dena den, langileek salmentetan, bezeroaren arretan, teknologia berrietan eta eskaintzen duten produktu espezifikoan jaso dezaketen trebakuntza sarean eskaintzen diren antzeko zerbitzuetatik bereizteko funtsezko osagaiak izango dira aurrerantzean.

4.6. Kalitatea sektorean

Turismoak egunetik egunera duen pisu handiagoak kalitatearen aldeko apustua Euskal Herriko eta Espainiako politika turistikoaren oinarrizko ardatz bihurtzea eragin du, ezaugarri eta prezio antzekoak dituzten produktu turistikoengandik bereizi edo urruntzeko asmoarekin, ingurune gero eta lehiakorragoan. Eta kalitatearen pertzepzioa hein handi batean subjektiboa bilakatu den testuinguru batean, nahiko zaila gertatzen baita kalitate hori bidaia-agentzien azpisektorean neurtzea, ez baitago hori egiteko mundu osoan onartzen den inolako parametrorik. Horrela, 2000. urtean sortu zen Espainiako Turismo Kalitatearen Institutua, sektore turistikoaren barruan zeuden kalitate-egitura desberdinak homogenotzeko saioa bezala. "Kalitatearen Q" delakoa da horren zigilua gaur egun enpresa turistikoentzat, oro har, eta bidaia-agentzientzat, bereziki, dagoen kalitatezko ziurtagiririk egokiena.

Azken urteotan joera-aldaketa bat egon den arren, oraindik ere oso gutxi dira kalitate-ziurtagiri baten jabe diren bidaia-agentziak. Zehazkiago, 2002. urtean 15 bidaia-agentziek bakarrik zuten "Kalitatearen Q" zigilua, Estatuaren barruan. Eta horietatik bi (totalaren % 13) Euskal Autonomia Erkidegoan daude kokatuak, Kantabriak eta Valentziako Erkidegoak bakarrik dituzte gehiago, 3 bidaia-agentzia ziurtatu baitaude bi horietan. Euskal Administrazioak, bere aldetik, kalitateak sektore turistikoan duen garrantziaz jabetuta, ikerketa eta trebakuntzako programa-sail bat jarri du martxan beste erakunde batzuekin, euskal turismoaren sektorean bikaintasuna (edo kalitatea) sustatu eta lortzeko helburuarekin, bide horretatik bezeroen igurikapenak hobetzeko eta, ondorioz, haien leialtasuna lortzeko.

5. EGOERA KONPETITIBOAREN DIAGNOSTIKOA. FUNTSEZKO FAKTOREAK ETA AMIA ANALISIA

Bidaia-agentzien sektorearen jarduerak izandako eboluzioaren inguruan egindako analisi kualitatibo nahiz kuantitatibotik, eta merkatua ezaugarritzen duten joera nagusietatik, funtsezko hainbat faktore atera daitezke, eta horien gainean oinarritzen da enpresen lehiakortasuna, garapenaren motore eta jarduera-aldaketaren gisa jokatzeaz gainera. Faktore horiek garrantzi berezia jasotzen du, sektorearen konfigurazioan ikusten diren transformazio garrantzitsuek ezaugarritzen duten gaurkoa bezalako une batean, etorkizunari buruzko birplanteamendu-fase batera eraman dutelarik sektorea. Zentzu honetan, ondorengoak nabarmendu daitezke:

  • sektoreko enpresek aurre egin beharreko lehia edo konpetentzia gogorra, jarduera turismoaren balore-katean zehar bertikalki integratuak dauden talde enpresarial handietan kontzentratuz doan testuinguruan
  • hornitzailearekiko erlazioa, eta zehazkiago esateko bidaia-agentzien komisioen inguruan sumatu izan den murrizteko edo ezabatzeko joera, non airebide sektoreak funtsezko garrantzia duen
  • teknologia berriek jarduera sektorialean duten eragina
  • pertsonal okupatuaren trebakuntzak eta kalitateak egunetik egunera hartuz doan garrantzia gero eta handiagoa
  • eskaeraren ezaugarriak eta joerak Testuinguru horretan, sektorearen jarrera konpetitiboa bere sendotasun eta ahultasunek mugatzen dute. Eta jardueraren garapenean, berriz, hainbat mehatxu eta aukera ikusabartzen dira, sektoreak berak duen ekimenerako gaitasunaren eta kanpoko baldintzatzaileen arabera, turismoko jardueraren balore-katearen barruan izango duen jarrera konpetitiboaren sendotzea nahiz ahultzea ekarriko dutenak. Horrela, ondoren ematen den koadroan jasotzen dira euskal bidaia-agentzien sektoreak dituen sendotasun, ahultasun, mehatxu eta aukera nagusiak.

.

0.1. koadroa Sendotasunak, Ahultasunak, Mehatxuak eta Aukerak.
Sendotasunak Ahultasunak
  • Bezeroarekiko hurbiltasuna
  • Turismoaren negozioan jokatzen duen paper zentrala
  • Teknologia berrietara egokitzea
  • Asoziazio-maila
  • EAEren erakargarritasun turistiko berriak
  • Merkatu potentzial garrantzitsua
  • Garraio eta komunikazioko azpiegituren sarea
  • Atomizazioa eta enpresa-kopuru handia
  • Jarduerak sarrerako hesi gutxi ditu
  • Errentagarritasun eskasa
  • Enpresarien arteko lankidetza urria
  • Agentzia hartzaileen sarea urria da
  • Integrazio bertikala falta da
  • Bidaia-agentziak gutxi erabiltzen dira
Mehatxuak Aukerak
  • Komisioak gutxitzen dira
  • Lehiakortasun gero eta handiagoa
  • Bitartekaritzarik eza, Internet sarearen ondorioz
  • Eskaintzaren kontzentrazioa
  • Hornitzaileen kontzentrazioa
  • Aholkularitza eta kudeaketako eginkizunak indartzea eta kobratzea
  • Kalitate eta trebakuntzako estrategiak
  • Teknologia berriak aprobetxatzea
  • Espezializazioa
  • Eskaera potentzialaren hazkundea
    · Bidaien segmentazio berria

XHTML 1.0 Transitional Válido

¡CSS Válido!

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0

Logo Tawdis