Saltar menú navegación
Está en :

Argitalpenak

EAE.ko TXOSTEN SEKTORIALA

Productos plásticos
Zenbakia: 61

Tituloa: Produktu plastikoak
Txosten osoa deskargatu:Descarga en formato PDF

LABURPENA ETA KONKLUSIOAK


1.SARRERA

61 dira jada Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak babestutako txostenak.Honako kasu hontan ere, egitura eta metodologiak sail horretako eredu bera jarraitzen du, eta horrela sektoreak EBan, Espainian eta EAEn duen panoramika erakusten zaigu. Atal horiek lantzeko, estatistikako institutu ofizialek eskainitako informazioaz baliatuko gara. Txostena amaitzeko,aldiz, sektoreak EAEn dituen ahalmen eta perspektibak azalduko ditugu, empresen iritzien bitartez eratuak.

Plastikoaren sektorea, lehengai horretatik lorturiko  produkzioari deritzo hasiera batean. Txosten hau osatzeko, sektorea Jardueren Sailkapen Nazionalaren 25.2 kodean sartua dagoen “produktu plastikoen fabrikazioa” izenekora mugatzen da. Eta jarduera horren barruan, ondorengoen fabrikazioa aurkitzen dugu :

  • Materia plastikoz osatutako plaka, orri, hodi eta profilak (hau da CNAE-93ren 25.21). Horien artean daude zinta autoitsaskorrak, plakak, xaflak, blokeak, pelikulak, laminak, banda edo zerrendak, etab., eta plastikozko hodiak, tutuak eta maukak, hoditeria eta maukentzako osagaiak,...
  • Materia plastikoz osatutako estalki eta enbalajeak (CNAE-93ren 25.22), hala nola poltsak, zakuak, kaxak, tiraderak, bidoiak, botilak,....
  • Eraikuntzarako materia plastikoz osatutako produktuak (CNAE-93ren 25.23), esaterako ateak, itxiturak, pertsianak eta zokaloak, andelak, gordailuak, zoru, pareta edo sabaietarako estaldurak, erroilutan edo baldosatan, komunetarako artikuluak (bainu-ontziak, dutxa-euskarriak, konketak,...) eta aldez aurretik fabrikatutako beste produktu batzuk.
  • Plastikozko beste produktu batzuk (CNAE-93ren 25.24), eta horien artean sartzen dira batetik hainbat eta hainbat artikulu, mahai-gauzak, sukaldeko tresnak, garbiketakoak, kirolerako nahiz lanerako segurtasuneko kaskoak, plastikozko kapelak, isolamenduak, lanparentzako piezak eta argiztapeneko akzesorioak, idazmahaiko artikuluak eta eskolan erabiltzekoak, altzarientzako apaingarriak, estatua txikiak, zinta garraiatzaileak eta transmisiokoak, eta plastikozko jantzi eta osagaiak, direla josiak edo itsatsiak. Eta beste alde batetik, talde horretan bertan sartzen da prozesu desberdinen arabera egindako plastikozko piezen fabrikazioa, hirugarren batzuen kontura eta kontratistaren xehetasunen arabera eginak.

2. PRODUKTU PLASTIKOEN SEKTORE FABRIKATZAILEA EBAN.

Europako plastiko artikuluen fabrikazio  sektoreak 43.425 milioi eurotako balio erantsi gordina du (industriak eragindako BEGaren % 1,9) eta guztira 923.000 pertsona enplegatzen ditu (enplegu industrialaren % 3 osatuz). Plastiko artikuluen sektoreak produkzioaren % 40 enbalajera bideratzen du, % 19 etxeetako kontsumo-ondasunetara eta % 18 eraikuntzara.

Bitarteko produktu bezala duten destino edo helburuari dagokionez, automozio sektorea % 8an ageri zaigu, elektrizitatea eta elektronika % 7,5an eta lehen sektoreak % 2,5an. 

Plastikoaren jarduera sektorialaren garrantzia oso lotua dago ekonomia bakoitzaren tamaina eta garapen ekonomikoarekin. Beraz, ez da harritzekoa gertatzen Alemaniak sortzea sektore osoaren BEGaren % 32 Europar Batasunean, Erresuma Batuak % 19, Frantziak % 14, Italiak % 12 eta Espainiak % 7. Eta emaitza hori bera errepikatzen da, oro har, enpleguari dagokionez ere: horrela, Alemaniak enpleguaren % 30 kontzentratzen du, Erresuma Batuak % 19, Frantziak % 14, Espainiak % 10 eta Italiak % 9.

Plastiko fabrikatzaileen sektoreak  EB-15eko ekonomia bakoitzeko jarduera industrialean duen batez besteko ekarpena % 1,9koa da. Baina, hala ere, ekarpen hori batez bestekoa baino handiagoa da Danimarkan, Erresuma Batuan, Alemanian, Frantzian, Austrian, Belgikan, Finlandian, Holandan eta Espainian.

Enpleguko produktibitatea sektore honetan eta EB-15ean 47,1 mila eurotakoa da, industria osoaren zifra baino askoz ere baxuagoa (73,8 mila eurokoa baita orokorra). Industriako BEGari dagokionez pisu sektorialik handiena duten herrialdeak dira, hain zuzen ere, produktibitaterik handiena erakusten dutenak.

Kanpo-merkataritzako jarduerari dagokionez, esportazioen eta inportazioen balioa 15.199 eta 11.242 milioi eurokoa izan zen 2000. urtean, hurrenez hurren. Horrek manufakturako industria osoak egindako esportazio guztien % 1,8 hartzen du, eta inportazioen kasuan, berriz, % 1,4.

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) dira esportazioen helburu nagusia (% 15), eta horien atzetik datoz Suitza (% 10), Polonia (% 9), Errepublika Txekiarra (% 7) eta Hungaria (% 5). Era berean, AEBak dira inportazioen % 23aren sorburua, eta ondoren datoz Txina (% 22), Suitza (% 14) eta Japonia (% 7). Esportazio horien jatorriari begiratuz, Alemania nabarmentzen da, 13.943 milioi eurotako balioarekin artikulu plastikoen fabrikazioko sektorean, eta herrialde esportatzaile buru bezala; Italia eta Frantzia egongo lirateke bigarren eta hirugarren lekuan, 6.775 eta 5.215 milioi eurorekin, hurrenez hurren.

Sektoreak ingurumenarekiko duen errespetua, birziklatzeko jardueran isladatzen da. Zentzu honetan, 2000. urtean hondakin plastikoak 19,5 milioi tona suposatu zituzten Europan, eta kontsumitutako zifra osoaren % 36 birziklatu zen (1991n % 22 besterik ez). Danimarka, Suitza, Norvegia, Holanda, Alemania eta Suedia dira sortutako hondakin plastikoen erdia baino gehiago birziklatu zituzten herrialde bakarrak. Irlanda, Erresuma Batua, Italia, Grezia eta Espainia, aitzitik, ez dira sortutakoaren laurdena ere birziklatzera iristen.

Birziklatzeko modalitate edo baliagarritasunen artean, ikus daiteke hondakin plastikoen erdia baino gehiago birziklatzen duten herrialdeek aprobetxamendu energetikoa erabiltzen dutela batez ere berreskuratzeko metodo nagusi bezala. Eta aitzitik, berreskuratzeko jarduerarik gutxien duten herrialdeek, birziklatze mekaniko eta kimikoko metodoak erabiltzen dituzte gehienbat.

3. PRODUKTU PLASTIKOEN SEKTORE FABRIKATZAILEA ESPAINIAN

Plastikozko artikuluak fabrikatzen dituen sektorea 4.080 enpresak osatzen dute Espainian, enpresa industrialen % 2,5 hartuz. Guztira 88.817 pertsonari ematen die enplegua, eta horrek enplegu industrialaren % 3,3 esan nahi du, 2.568 milioi euroko Balio Erantsi Gordina sortuz (BEG industrialaren % 2,7) 2001. urtean. Sektoreko enpresek, bataz beste, 22 langile dituzte, eta enpresa industrialak baino handiagoak dira (hauek 17 langile besterik ez baitituzte). Aurreneko zifra horiekin suma daiteke jarduera honek industria espainiarraren baitan duen garrantzia.

Gure arreta sektorearen emaitza-kontuko aldagairik esanguratsuenetan zentratzen badugu, 2001. urtean artikulu plastikoen fabrikazioko jarduerak 11.997 milioi euroko ustiapen-sarrerak sortu zituen, eta bertan 644 milioi euroko inbertsio garbia egin zen. Ekitaldiaren emaitza 325 milioi eurokoa izan zen. Zifra horiek bere horretan garrantzitsuak izanik ere, industriaren zifra globalen argitan aztertu eta alderatu behar dira, horrela aztergai dugun jarduera kokatu ahal izateko. Gisa horretan, ikus daiteke artikulu plastikoen sektore fabrikatzaileak produktibitate txikiagoa, enplegatutako pertsona bakoitzeko bataz besteko gastu zertxobait txikiagoak eta inbertsioetan ahalegin zertxobait handiagoa dituela.

Sektoreko enpresen % 76,5ek 20 langile baino gutxiago dituzte, eta sarreren eta irabazien % 16 horien kontura doa. Bestalde, enpresen % 23,5ek 20 enplegu baino gehiago dituzte, eta beraiek sortzen dituzte sarreren eta irabazien % 84.

Plastiko artikuluen fabrikazio industriaren barruan, jardueraren azpisektore nagusia beste produktu plastiko batzuen fabrikazioarena da, horrek hartzen baitu sektoreko enpleguaren eta ehun industrialaren % 41. Termino ekonomikoetan, sektorearen sarrera guztien % 36, eta irabaziaren % 51 sortzen ditu. Materia plastikoan egindako enbase eta enbalajeen sektore fabrikatzailea gainerako azpisektoreak baino bataz besteko enplegu handiagoa edukitzeagatik eta inbertsioetan ahalegin handiagoa egiteagatik nabarmentzen da. Azkenik, plastikozko plaka, hodi eta profilen fabrikaziora jarritako azpisektoreak batez besteko produktibitate handiagoa du.

Katalunian kokatzen da Espainiako produktu plastikoen sektore fabrikatzailearen heren bat: erkidego horri dagozkio hain zuzen ere, sektoreko enpresa guztien % 32 eta pertsonalaren nahiz ustiapeneko sarrera guztien % 34.

Sektoreak 2002. urtean eduki duen kanpo-jarduera horrela azaltzen da: esportazioek eta inportazioek 1.875 eta 2.154 milioi euroko zifrak lortu zituzten hurrenez hurren, eta horrek Espainian egindako esportazio eta inportazio industrial guztien % 1,4 eta % 1,2 suposatzen du. Balantza komertzialak, bere aldetik, 280 milioi euroko saldo negatiboa erakusten du. Baina, horrez gain, sektoreko esportazioen % 65etik gora EB-15eko herrialde kideetakoren batera bideratzen da, eta % 80tik gora dira herrialde horietatik datozenak. Zehazkiago esateko, Frantzia da esportazioen % 17ren helburua, eta ondoren datoz Portugal (% 14) eta Alemania (% 8). Beste alde batetik, Alemania (% 21), Italia (% 18) eta Frantzia (% 16) dira inportazioen erdia baino gehiagoren jatorria. Azkenik, eta sektorearen konposizioari begira, plastikozko plakak, hodiak eta profilak fabrikatzen dituena da kanpo-jarduerarik handiena duen azpisektorea, esportazioen % 54 eta inportazioen % 59 horrexek hartzen baititu.

2001. urtean, sektoreak 29 milioi euroko zenbatekoa bideratu du I+Gra (% 94an enpresen fondo propioekin finantzatua), eta jarduera hori sektoreko enpresen % 1,8k burutzen dute, sektoreko enpleguaren % 0,5ek hartzen duelarik parte horietan.

4. PRODUKTU PLASTIKOEN SEKTORE FABRIKATZAILEA EAEN

2001ean, produktu plastikoen sektore fabrikatzaileak EAEn sortutako Balio Erantsi Industrialaren % 2,7 eta enpleguaren guztizko zifraren % 3,1 hartzen ditu. Sektorea 369 establezimenduk osatzen zuten (2002. urtean), izanik 25 enplegatukoa batez besteko tamaina. Produktu plastikoen fabrikazioko sektorearen Balio Erantsiak eduki duen hazkundea industriarekin paraleloan joan da. Hala ere, enpleguari dagokionez, lanpostu gehiago sortu ditu industriak oro har baino. Lurralde Historikoen arabera, Bizkaiak establezimenduen % 50 suposatzen du, eta 26 langileko tamaina du bataz beste; atzetik Gipuzkoa dator (% 39arekin eta 20 langilerekin, hurrenez hurren). Arabak establezimenduen % 14 hartzen du, baina bere batez besteko enplegua askoz ere handiagoa da (36 langile).

Jardueran lau azpisektore bereizten dira. Material plastikozko beste produktu batzuen fabrikazioa da azpisektorerik garrantzitsuena sektorearen totalari egiten dion ekarpenari begira, eta Balio Erantsi globalaren erdia egiten du, ia salmenta garbien % 44 eta enpleguaren % 59. Materia plastikoetan egindako plaka, hodi eta profilen fabrikazioko azpisektorea da bigarrena, garrantzi-ordenan, izanik bere partaidetza % 24koa Balio Erantsian, % 32koa salmenta garbietan eta % 20koa sektoreak oro har sortutako enpleguan. Jarduerako hirugarren azpisektorea materia plastikozko enbase eta enbalajeena da, eta honek sektoreari % 18, % 17 eta % 16 ekartzen dizkio hurrenez hurren, Balio Erantsian, salmenta garbietan eta enpleguan. Azkenik, eraikuntzarako materia plastikozko produktuen azpisektore fabrikatzaileak pisu txikiagoa du bere ekarpenetan, % 7 Balio Erantsian, % 7 salmentetan eta % 5,2 enpleguan, sektorearen zifra totalei begira.

Sektorearen kanpo-jarduera bost aldiz handiagotu da azken 10 urteotan, eta bere ezaugarria izan da batez ere balantza komertziala argi eta garbi positiboa gertatzea (18 milioi euro 2002. urtean). EBko herrialdeak izan dira 2002an inportazioen eta esportazioen jatorri eta helburu garrantzitsuena (% 88 eta % 84an, hurrenez hurren). Dena den, azken hamarkada honetan EBak nolabaiteko pisua galdu du nazioarteko beste markatu batzuekin (Estatu Batuekin edo Txinarekin, esaterako) alderatuz gero. 2002. urtean nabarmentzeko modukoa da Italia, Frantzia eta Alemaniak inportazioetan jokatutako papera (% 27, % 17 eta % 20, hurrenez hurren), esportazioen helburu nagusia Frantzia den bitartean, totalaren % 41arekin, eta bigarren lekuan Portugal agertzen da, sektoreak esportatutako totalaren % 14arekin.

Sektoreak I+Gn edukitako gastua ia bikoiztu egin da azken bosturtekoan, eta 2001. urtean 3 milioi euroraino iristen da. Gero eta gehiago dira I+Gko jarduerak aurrera daramatzaten enpresak (23 ziren 2001ean, 1996. urtean horretan ari zirenak 8 ziren bitartean) eta, gainera, langile gehiago bideratzen dituzte jarduera horietara (63 pertsona ziren 2001ean eta 30 besterik ez 1996an).

Azkenik, plastiko produktuen sektore fabrikatzaileak ingurumenean duen eragina azaldu daiteke bai produkzioko prozesuak berak duen eraginagatik, eta baita sortzen diren hondakinengatik ere. Euskal enpresak, ingurumenari dagokionez, eta erkidego mailan, hirugarren postuan aurkitzen dira, inbertsioari dagokionez 2001.urtean.

5. PRODUKTU PLASTIKOEN SEKTORE FABRIKATZAILEAK EAEN DITUEN PERSPEKTIBAK

Produktu plastikoen fabrikazio sektoreak EAEn dituen perspektibak aztertzeko, AMIA analisitik abiatuko gara. AMIA matrizeak sektorea mugitzen deneko eszenategiak bizi dituen aukera nahiz mehatxuko faktoreak jasotzen ditu batetik, eta euskal enpresen ehunak eszenategi horri aurre egiteko duen barne-gaitasuna edo ahalmen endogenoa zehazten du bestetik.

Arestian esan den bezala, produktu plastikoen fabrikazioa pisu ekonomiko garrantzitsua duen jarduera da EAEn, eta bere azken urteotako eboluzioa positibotzat jo daiteke, enplegu globalaren gehikuntzan, enpresen batez besteko tamaina handiagoan eta salmenten gaineko errentagarritasunean nabarmentzen den bezala. Erkidegoko jarduera ekonomiko industrialean erabat txertatua aurkitzen da, bere produkzioaren zati garrantzitsu bat berorren jarduera ekonomikoaren funtsezko gune industrialaren bitarteko kontsumoa baita, hain zuzen ere.

Sektorearen potentzialitateari buruzko analisi honetan kontuan hartu beharra dago ebaluazio hau oraintsuko bere eboluzioaren eta bere izaeraren araberakoa dela, eta horrek bezero dituen bere jarduera-sektoreen eboluzioaren mendeko egiten du. Sektore horien artean automozioa eta etxetresna elektrikoak dira nabarmentzekoak. Horrez gain, badira beste faktore batzuk euskal industriaren multzo osoak batera hartzen dituenak, eta hauek ere bere eragina dute produktu plastikoen sektore fabrikatzailearen gainean: horiexek dira ekonomia txikia, irekia eta marko europarrean integratua izatea.

Zeinu negatiboa duten kanpoko faktoreen artean, eta horiei mehatxuak esaten zaie, sektorean nabarmenak lirateke produktu sektorialaren zati garrantzitsu baten bitarteko produktua izatearen baldintza (lehentxeago aipatua), plastikozko produktuen fabrikazio-prozesuaren heldutasuna, EBren zabalkuntzak lehiatzaile berrien sarrera ekarriko duela, eta bere lehengaia hornitzen diotenen aurrean eta/edo bere bezeroen aurrean (normalean enpresa handiak izaten dira) eduki ohi duten negoziatzeko marjina eskasa.

Zeinu positiboko kanpoko faktoreen artean, hauei aukera esaten zaie, aipatzekoak lirateke kontsumoaren hedapenetik eratorritako jardueraren hazkundea, produktuaren bizi erabilgarria laburtzea eta/edo kontsumitzaile berrien sarrera, EBren zabalkuntzari lotutako negozio-aukera berriak, material plastikoa aplikazio berrietan garatzeko gaitasuna eta produktu plastikoaren birziklatzea.

Sektoreko ehun enpresarialak duen erantzuteko gaitasunari dagokionez, indarguneak ondorengoak lirateke: merkatu berrietan jarrerako estrategia argiak dituzten ekimen enpresarialetan presente egotea, ibilbide enpresarial luzea edukitzea, enpresak produktua edo teknologia hautatzea edo bide horretan espezializatzea, etengabeko prestakuntza balioaniztuna onartzea, plantillak sendotzea eta asoziazionismoa edota taldeetako partaide izatea.

Ahulguneak, bere aldetik, hauek izango lirateke: merkatu berrietan sartzea erraztuko luketen tamaina handiko enpresarik edo talde erakarlerik ez egotea, tamaina txikiko baliabide eratorrien mugapena, eta honek bere aldetik kudeaketa arretatsuzko joera bat baldintzatuko luke, jarduera industrialaren gainerako sektoreekin partekatua, normalean enpresen arteko lankidetza-estrategiak aurrera eramateko joera oso gutxi erakutsi arren. Era berean, I+Gko jarduera prozesuan zentratua dagoela sumatzen da, eta ez, ordea, produktuan, eta gehienbat izaera jarraitzailea duela, gidaria izan ordez.

XHTML 1.0 Transitional Válido

¡CSS Válido!

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0

Logo Tawdis