Saltar menú navegación
Está en :

Argitalpenak

EAE.ko TXOSTEN SEKTORIALA

Comercio al por mayor de bienes de consumo no alimenticios
Zenbakia: 60

Tituloa: Elikaduraz kanpoko kontsumoko ondasunen handizkako merkataritzako
Txosten osoa deskargatu:Descarga en formato PDF

LABURPENA ETA KONKLUSIOAK


1. SARRERA

Txosten honen helburua Euskadiko Autonomia Erkidegoan elikaduraz kanpoko kontsumoko ondasunen handizkako banaketa-sektorearen ezagutzan sakontzea da, bere egungo egoera, azken orduko eboluzioa, eta baita etorkizunari begira dituen baldintzak eta joerak ere aztertuz. Alderdi horiek guztiak osatzeko, sektoreak bai Europar Batasunean eta baita Espainian ere duen egoeraren analisia ematen da, konparazio homogeneoak egiteko aukera eskainiko duten aldagaiak ezagutzera emateko, batetik, eta elikaduraz kanpoko kontsumoko ondasunen handizkako merkataritzako euskal sektoreak beste merkatu zabalagoei begira duen garrantzia zehazteko, bestetik.

Bere garrantzia ekonomikoa ukaezina izan arren, banaketa komertzialaren gaia jorratu duten ikerketek ez diote handizkako merkataritzari txikizkako sektoreak betidanik jaso izan duen arreta bera eskaini, azken horrek jokatu duen zeregina eta azken garaiotako arazoak askoz ere hurbilagokoak sentitzen baititu gure gizarteak, oro har. Eta testuinguru honetan, txosten honek ekarpen berri bat egin eta plazaratzen du, handizkako merkataritzaren egoera eta garrantzia aztertzen dituelako, orokorrean, eta elikadurakoak ez diren kontsumo-ondasunen handizkako merkataritzarena, bereziki, banaketa komertzialari dagokion literatura zabalean oso gutxi ikertua izan den sektorea hain zuzen ere azkeneko hori.

Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren Ikerketa sektorialen sail honetan ohizkoa den bezala, txostena bost ataletan dago egituratua. Lehenengo atalak aztergai daukagun jarduera zedarriztatzen du, txostena lantzeko erabilitako metodologiaren aipamen laburra egin eta handizkako merkataritzak produktuak banatzeko kateetan jokatzen duen papera deskribatuz, laburki bada ere. Bigarren eta hirugarren atalek kontsumoko ondasunen handizkako merkataritzak Europar Batasunean eta Espainian, hurrenez hurren, duen egoera jasotzen dute, laugarren atalak sektoreak EAEn duen egoera jorratzen duen bitartean. Azterketa kuantitatibo horren osagarri, bosgarren atalean aztergai dugun sektorearen ikuspegi kualitatiboa eskaintzen da, sektorearen konpetitibotasunean eragina duten faktoreak nabarmen jarriz, eta bere ahultasun, mehatxu, indargune eta aukerak deskribatuz (AMIA analisia).

2. SEKTOREAREN ZEDARRIZTAPENA

Banatutako ondasunen arabera, elikaduraz kanpoko kontsumo-ondasunen handizkako merkataritzako sektorea (JESN-93 51.4) zazpi azpisektoretan banatzen da, eta horietako batzuk, beren aldetik, hainbat jarduera-adar hartzen dituzte bere baitan:

  • Ehunkien handizkako merkataritza
  • Jantzien eta oinetakoen handizkako merkataritza
    • Jantzien handizkako merkataritza
    • Oinetakoen handizkako merkataritza
    • Akzesorioen handizkako merkataritza
  • Etxetresna elektrikoen eta irrati nahiz telebistako aparatuen handizkako merkataritza
  • Portzelana eta kristaleria, paper pintatuen eta garbitasuneko gaien handizkako merkataritza
    • Portzelana eta kristaleriaren handizkako merkataritza
    • Paper pintatuen eta garbitasuneko gaien handizkako merkataritza
  • Perfumeria eta edergaien handizkako merkataritza
  • Produktu farmazeutikoen handizkako merkataritza
  • Elikaduraz bestelakoak diren beste kontsumoko ondasun batzuen handizkako merkataritza
    • >Paper-gauzen, liburu eta antzekoen handizkako merkataritza
    • Jolasen eta jostailuen handizkako merkataritza
    • Erlojuen, joieria eta zilargintzako produktuen handizkako merkataritza
    • Larrugintza eta bidaietako produktuen, eta bestelako larru-produktuen handizkako merkataritza
    • Etxean erabiltzekoak diren bestelako gaien handizkako merkataritza

3. HANDIKARIAREN ZEREGINA BANAKETAKO KANALEAN

Oro har, produktuak beren fabrikazio-gunetik kontsumitzaileenganaino hurbiltzea da banaketa-funtzioaren funtsa. Prozesu hau zuzenean egin daiteke fabrikatzaileetatik kontsumitzaileetara (zuzeneko banaketa-kanala), edota bitartekarien bidez bestela (eragile edo agente komertzialak, handizkariak, txikizkariak edo xehekariak, etab.), banaketa komertzialeko sektorea esaten zaiona osatuz.

Handizkako enpresek banaketako kanaletan esku hartzea azaldu edo esplikatzen duten arrazoi ekonomikoen artean, ondorengoak nabarmendu daitezke:

  • Harreman komertzialak sinplifikatzen dituzte, fabrikatzaileen eta kontsumitzaileen artean egin beharreko transakzioen kopurua murriztuz.
  • Eskaintza eskarira egokitzen dute; izan ere handizkariek partida handiak erosten dizkiete fabrikatzaileei, ondoren kopuru txikiagoetan saltzeko beren bezeroei, hauek ez baitituzte nahi edo ezin baitituzte produktu baten izakinak maila batetik gora gorde edo pilatu.
  • Produktuen eskaintza konpletoa kontzentratzen dute (aukera sortuz): fabrikatzailea produktu-lerro kopuru murritz batean espezializatzen den bitartean, bitartekariak fabrikatzaile bati baino gehiagori erosten dienez, produktu-mota jakin baten marka-aukera zabala eskain diezaieke bere bezeroei.
  • Balio erantsia ematen dioten eginkizun osagarriak burutzen dituzte, esate baterako produktuen garraioa, biltegiratzea eta kontserbazioa edo gordetzea, partida edo lote txikiagoetan zatitzea (“bulk-breaking”), enbasatzea, edo baita bezeroengana hurbiltzeko eginkizunak ere, bai beraiek bere kasa, edo baita fabrikatzaileekin batera egin ditzaketen publizitate eta marketineko estrategien bidez, mantenimenduko eta/edo salmenta-osteko zerbitzuen eskaintza, etab.
  • Finantzaketa ematen dute, bi aldetara: batetik, fabrikatzaileei ordainketa aurreratu egiten diete, produktuak kontsumitzaileei saldu baino lehenago. Eta bestetik, ordaintzeko erraztasunak ematen dizkiete beren bezeroei, ordainketa geroratua, deskontuen aplikazioa, etab. bezalako formulak erabiliz.
  • Arriskuak onartzen dituzte, zeren eta produktuaren jabetza eskuratzean, gero ezin saltzeko edota agian erosi baino prezio baxuagoan saltzeko arriskua baitaukate. Bestalde, fabrikatzaileentzat produktuen biltegiratzeak eta/edo kontserbazioak dakarren karga finantzarioa arintzen laguntzen dute.
  • Azkenik, adierazitako eginkizun eta zeregin horiez gain, handizkariek beren esperientzia eta eskarmentua, espezializazioa eta harreman komertzialak ekartzen dizkiote banaketari.

4. SEKTOREA EUROPAR BATASUNEAN

Eurostat-en datuen arabera, 2000. urtean handizkako banaketak 1,5 milioi enpresa hartzen ditu gutxi gorabehera Europar Batasunean, eta enpresa horiek ia 8 milioi pertsona enplegatzen dituzte guztira. Handizkako merkataritzaren sektoreak duen fakturazio agregatua 2.825 mila milioi euro ingurukoa dela estimatzen da, sektorearen balio erantsia 755,9 mila milioi euro ingurura hurbiltzen den bitartean. Datu horiek ikusita, handizkako banaketak EBren ekonomian oro har duen partaidetza % 8an kokatzen da enpresei dagokienez, % 7an langile okupatuen aldetik, % 17an fakturazioaren ikuspegitik eta % 8 inguruan, sortutako balio erantsiari begiratzen badiogu.

Elikagaiez bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritza-sektorea, bestalde, jarduerarik handieneko sektoreetako bat bezala nabarmentzen da Europar Batasunean, handizkako banaketaren barruan. Zehazkiago esateko, sektoreak 275.000 enpresatik gora biltzen dituela estimatzen da, oro har 575.357 milioi euro inguru fakturatzen dituztenak, 171.521 milioi euro inguruko balio erantsia sortuz. Langile okupatuei dagokienez, Eurostat-en datuek diotenez, sektoreak 2000. urtean 1,7 milioi pertsonatik gora enplegatzen zituen, eta zifra horrek urte horretan ekonomiak EBan sortutako enpleguaren % 2 inguru esan nahi du.

Elikadurakoak ez diren kontsumo-ondasunen handizkako enpresen batez besteko tamaina 6,5 enplegatutan dago establezimendu bakoitzeko, eta batez besteko hori EBko handizkako establezimenduen multzoari dagokiona baino zertxobait handiagoa da (5,4 enplegatu). Sektoreko enpresen batez besteko fakturazioa 2 milioi euroren inguruan dago, enplegatu bakoitzeko fakturazioak, batez beste, 326.592 euro egiten dituen bitartean.

Azkenik, eta sektorearen banaketa geografikoari dagokionez, nabarmentzeko modukoa da Italia, Frantzia, Espainia, Erresuma Batua eta Alemaniaren garrantzia, herrialde horiek denek batera EBko elikaduraz bestelako kontsumo-ondasunen handizkako enpresen % 74 hartzen baitute, eta sektoreko enpleguaren % 76. Fakturazioaren eta balio erantsiaren banaketa geografikoa hartzen bada kontuan, sektorean, Alemania eta Erresuma Batua gailentzen dira gainerako herrialdeen gainetik, EBko sektore osoaren % 30 eta % 44 kontzentratuz, hurrenez hurren.

Herrialde bakoitzak EBari egindako ekarpen sektorialetan ikusitako alde horiek are nabarmenagoak dira, elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako enpresen batez besteko dimentsioa eta batez besteko fakturazioa hartzen badira kontuan, zein herrialdetan kokatzen diren kontu. Izan ere, sektoreko enpresen batez besteko tamaina oso aldakorra da, hasi Alemanian dauden enpresako 14,4 enplegatuetatik eta Luxenburgoko 3,1 enplegatuetaraino, bi muturrak aipatzearren. Establezimendu bakoitzeko gehienezko eta gutxienezko fakturazioa ere bi herrialde horiei dagokie, eta kasu horietan 4.711 mila euro eta 1.093 mila euroko batez bestekoak erakusten dizkigute, hurrenez hurren.

5. SEKTOREA ESPAINIAN

INEk egiten duen Urteroko Merkataritzako Inkestaren arabera, 2000. urtean handizkako merkataritza-sektoreak 184.289 enpresa biltzen ditu, orotara, Espainian, eta enpresa horiek, guztira, 941.302 pertsona enplegatzen dituzte, 274.290 milioi euroko negozio-bolumena sortuz. Esan beharra dago, era berean, handizkako banaketa-sektorearen produkzioaren balioa 58.747 milioi eurotan kokatzen dela Espainian, balio erantsia 31.541 milioi eurotaraino ailegatzen den bitartean.

Elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritza-sektoreak, bere aldetik, 32.958 enpresa biltzen ditu, 2000. urtean, eta horrek Espainiako handizkako enpresa guztien % 18 suposatzen du, banaketa komertzialeko enpresen % 5 apenas ez diren bitartean. Sortutako enpleguari dagokionez, sektoreak dituen okupatuen zifra totala 205.019 pertsonakoa da, eta horrela sektoreak handizkako jardueraren enplegu-bolumenean duen parte-hartzea % 22an dago. Ondorioz, elikagaiez bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritza-sektoreko enpresaren batez besteko tamaina 6,2 langile okupatukoa da, enpresa bakoitzeko, handizkako merkataritza-sektoreak, bere osotasunean, duen 5,1 langileko batez bestekoa gaindituz.

Sektorearen magnitude ekonomikoak aztertzeari ekiten badiogu, azpimarratzekoa da elikaduraz bestelako kontsumo-ondasunen handizkako banaketa-enpresen negozio-bolumena, Espainian, 61.435 milioi eurokoa dela. Zenbateko horren % 93 enpresek transformatu edo eraldatu ez dituzten produktuen handizkako salmentatik dator, eta gainerako % 7 hori, bestelako salmentetatik (% 4), hirugarrenei emandako zerbitzuetatik (% 2) eta bitartekotzako komisioetatik (% 1) dator. Magnitude hori bezero-motaren arabera banatuz gero, ikus daiteke txikizkako sektorea dela sektorearen eroslerik nagusia, berak hartzen baititu salmenta guztien % 42, eta oso urruti datoz beste handizkari eta produzitzaileei egindako salmentak (% 29), enpresa eta erabiltzaile profesionalei egindakoak (% 20) eta azken kontsumitzaileei egindakoak (% 6).

Sektorearen produkzio gordina, bestalde, 14.635 milioi eurokoa da, eta zifra horren erdia baino gehiago balio erantsiaren sorkuntzari dagokio (7.519 milioi euro). Beraz, eta handizkako merkataritzak, oro har, duen produkzioaren balioarekin eta balio erantsiarekin konparatuz gero, kontsumoko ondasunen handizkako banaketaren parte-hartzea % 25aren inguruan egongo litzateke kasu bietan.

Elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako banaketa osatzen duten azpisektoreetako bakoitzaren partaidetza hartzen baldin bada kontuan, lau azpisektore gailentzen dira beste guztien gainetik: etxetresna elektrikoen, irrati nahiz telebistako aparatuen handizkako merkataritza batetik; produktu farmazeutikoei dagokiena bestetik; elikaduraz bestelako kontsumoko beste ondasunei dagokiena, eta azkenik arropa-jantziei eta oinetakoei dagokiena. Zehazkiago esateko, azpisektore horiek sektore-negozioaren % 87 kontzentratzen dute lauen artean, produkzioaren balioaren % 82 eta sortutako balio erantsiaren % 83.

Azkenik, Enpresen Direktorio Zentralak sektorearen egitura enpresarialari buruzko informazioa osatzeko aukera eskaintzen digu, establezimenduen tamainari buruzko eta horien kontzentrazio geografikoari buruzko datuak emanez. Tamainaren araberako establezimenduen kopuruaren banaketari dagokionez, DIRZEren datuek adierazten duten bezala, elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritza-sektoreak atomizazio-maila handia dauka: horrela, enpresen % 33ak ez dauka soldatako langilerik, % 31k soldatako bi langile ditu gehienez ere, eta enpresen % 1 bakarrik da gutxienez 50 soldatako langile dituena. Kontzentrazio geografikoari dagokionez, alderdirik aipagarriena da sektoreko enpresen eta soldatako langileen erdia baino gehiago Katalunian eta Madrileko Autonomia Erkidegoan kontzentratzen direla.

6. SEKTOREA EAEN

Garrantzia eta magnitude nagusiak

Eustat-en Input/Output Taulen arabera, 2000. urtean handizkako merkataritzaren jarduerek 39.116 pertsona enplegatzen dituzte EAEn, banaketa komertzialeko sektoreari, bere osotasunean, dagokion enpleguaren bolumenaren % 37 hartuz. Produkzioaren balioari dagokionez (3.002 milioi euro) edo baita balio erantsiari begira ere (1.878 milioi euro), handizkako merkataritzak banaketa komertzialeko sektorean duen partaidetza dezentez handiagoa da, % 55 eta % 52ko tasekin, hurrenez hurren.

Elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritza-sektoreari dagokionez, Merkataritza eta Konponketako Inkestak –hau ere Eustat-ek landua, eta 2000. urteari dagokiona– adierazten duenez, sektoreko enpleguaren bolumena 6.398 pertsonakoa da EAEn, oro har, % 92 soldatakoak izanik, guztira 1.626 establezimendutan banatuak lan egiten dutenak. Datu horiek ikusita, elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritzako establezimenduen batez besteko tamaina 3,9 enplegatu/establezimendukoa da EAEn, Estatuaren batez bestekoa baino zifra dezentez baxuagoa (6,2 enplegatukoa baita estatala).

Sektorearen magnitude ekonomiko nagusiak kontuan hartuz, azpimarra daiteke EAEn elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako enpresek 255,8 milioi euroko balio erantsi gordina sortzen dutela 2000. urtean, eta zenbateko horrek euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren % 0,7 suposatzen du, I+G jarduerek edota egurraren industriak bezalako sektoreek sortutakoa baino handiagoa (bi sektore horiena % 0,5ekoa eta % 0,6koa baita, hurrenez hurren).

Bestalde, sektorearen salmenten edo negozio-bolumenaren balioa 2.120 milioi eurokoa da, establezimendu horien jarduera komertzialari soilik zor zaizkion sarrera propioen fluxu garbia (hau da, marjina komertzial gordina) askoz ere txikiagoa edo baxuagoa den arren: 387,2 milioi eurokoa, edo bestela esanda, negozio-bolumenaren % 18 ingurukoa.

Input/Output Analisia

Eustat-ek landutako 2000ko Input/Output Taulen arabera, handizkako sektoreak bere jarduera aurrera eramateko erabiltzen dituen ondasunak eta zerbitzuak handizkako jarduerari berari lotzen zaizkio batik bat, eta jarduera horrek % 15eko partaidetza dauka sektorearen bitarteko erosketa guztietan. Horren atzetik datoz, eta ordenan gainera, errepide bidezko merkantzia edo salgaien garraioa (% 13), jarduera inmobiliarioak (% 9), jatetxeak (% 9) eta garraioari lotutako zerbitzuak (% 8), garrantzitsuenak besterik ez aipatzearren.

Handizkako banaketa-sektoreak erabilitako bitarteko input horien jatorri geografikoa aztertuz gero, nabarmen geratzen da erosketen hiru laurden baino gehiago (% 78, zehazkiago esateko), EAEn bertan kokatuak dauden produkzio-sektoreei egiten zaizkiela. Estatuaren enparauko produkzio-sektoreei egindako erosketak % 21 besterik ez dute suposatzen, atzerritik datozenak % 1 inguruan dauden bitartean.

Handizkako jarduerari lotutako produkzioaren helburuari edo destinoari dagokionez, Input/Output Taulek ondo erakusten duten bezala, berorren % 67 bestelako produkzio-sektore batzuen jarduerara bideratzen da, bitarteko input moduan, gainerako % 33 azken eskarira bideratzen den bitartean, horren barruan hartuz etxeen eta erakunde publikoen barne-kontsumoa (produkzioaren % 20), inbertsioak (% 4) eta esportazioak (% 9). Destino geografikoari begira, esan daiteke handizkako jardueraren produkzioaren % 63 Euskal Autonomia Erkidegora bertara bideratzen dela, gainerako % 37 Estatuko beste erkidegoetara bideratzen den bitartean.

Ehun enpresarialaren ezaugarri eta berezitasunak

Estatuaren enparauan gertatzen den bezala, Eustat-ek prestatutako Jarduera Ekonomikoen Direktorioan agertzen diren datuek nabarmen uzten dute elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritzako euskal sektoreak atomizazio-maila handia duela. 2002. urtean, hain zuzen ere, sektoreko establezimenduen % 64k 0tik 2 pertsonara bitartean enplegatzen dituzte, % 20k 3-5 pertsona enplegatzen dituzte, % 8k 6-9 pertsona eta gainerako % 8ak, gutxienez 10 pertsona enplegatzen dituzte. Sektorean enpresa txiki eta ertainek (ETEek) duten nagusitasuna erabatekoa da, ez baitago EAEn 250 langile baino gehiago dituen enpresa bakar bat ere.

Establezimenduen eta enpleguaren lurraldez lurraldeko banaketari begiratzen badiogu EAEn barruan, azpimarratzekoa da elikagaiez bestelako kontsumoko ondasunen handizkako jarduera Bizkaian kontzentratzen dela, bertan kokatzen baitira establezimenduen % 58,3 eta enpleguaren % 59,4. Portzentaje horiek % 32,4 eta % 29,2koak dira Gipuzkoan, eta % 9,3 eta % 11,4koak Araban, hurrenez hurren.

Azkenik, enpresaren egituraren eta enpleguaren azterketa elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako jarduera osatzen duten azpisektore desberdinei begira egiten bada, argi eta garbi geratzen da “elikaduraz bestelako kontsumo-ondasunak” izeneko epigrafean kokatua dagoen azpisektoreak kontzentratzen duela sektoreko establezimenduen eta enpleguaren % 40 inguru. Bestalde, etxetresna elektrikoen, irrati nahiz telebistako aparatuen handizkako merkataritzaren subsektoreak, arropa eta oinetakoen handizkako merkataritzak, perfumeria eta edergaien handizkako merkataritzak eta produktu farmazeutikoen handizkako merkataritzaren azpisektoreak duten ordezkagaitasuna % 8-18 bitartean dago enpleguari dagokionez, eta % 10-15 bitartean, berriz, establezimendu-kopuruari dagokionez, azpisektore horietako bakoitzarentzat.

Sektorearen jarrera konpetitiboa

Sektorearen lehiakortasunean eragina duten faktoreak

Merkataritzako banaketaren sektoreak dinamismo handia du, bere jardueran gertatzen diren etengabeko aldaketek ondotxo erakusten duten bezala. Banaketa komertzialean eragina izan duten egitura-mailako aldaketen ondorioz, egitura komertzialak modernizatu egin dira eta hainbat estrategia sektorial hartu izan dira, esaterako enpresen elkar lankidetza edo integrazioa.

Etengabeko aldaketen testuinguru honetan, elikaduraz bestelako kontsumoko ondasunen handizkako merkataritza-sektorearen erantzuteko gaitasuna enpresa bakoitzak ondorengo faktoreei aurre egiteko duen maniobra-marjinaren araberakoa da, faktore horiexek baitira, seguruenik, sektorearen lehiakortasunean eragin gehien dutenak:

  • Banaketa-kanaleko beste maila batzuei dagozkien rolak onartzea
  • Handizkarien arteko elkartze eta integrazioko estrategiak
  • Giza kapitalaren garrantzia
  • Diferentziazio edo bereizketako estrategiak
  • Internet-ek eta merkataritza elektronikoak handizkako jardueran izan duten eragina

AMIA analisia

Sektorearen indargune nagusi bezala, aipa daitezke:

  • Funtsezko jarduera izatea, banaketa komertzialean sendotua
  • Merkatuaren ezagutza sakona, kontsumitzaileen gustu eta azturen ezagutza
  • Malgutasuna eta eskarian gertatzen diren aldaketei egokitzeko gaitasuna
  • Sektorea modernizatzeko egindako esfortzua

Sektorearen ahultasun garrantzitsuenak, berriz, hauek lirateke:

  • Handizkariaren eginkizuna banaketa-kanaleko beste eragile batzuek burutu dezakete (integrazio bertikala)
  • Enpresa-egitura atomizatua eta enpresen tamaina murritza
  • Sarrerako hesi gutxi, horrek lehiatzaile berrien agerpena errazten duelarik
  • Salmenten gaineko marjina komertziala estutu egin da

Sektorearen aukerei dagokienez, ondorengoak aipa daitezke:

  • Sektorearen trebakuntza eta profesionalizazioa sustatzea
  • Bezeroei emandako zerbitzua hobetzen jarraitzea
  • Espezializazioa eta subkontratazioa indartzea
  • Teknologia berriak hartzen jarraitzea eta azpiegiturak modernizatzea
  • Batasunak/integrazioak osatzea

Mehatxu nagusien artean, bestalde, hauek nabarmenduko lirateke:

  • Banaketa komertzialaren integrazio bertikaleranzko joera
  • Txikizkari ezpezializatuen desagerpena eta banaketako modu berrien nagusitasuna (hipermerkatu berriak, etab.)
  • Operadore edo eragile logistikoen aldetiko lehia gero eta handiagoa
  • Kontsumitzaileei zuzenean egindako salmenten gorakada, informazioaren eta komunikazioen teknologia berrien ondorioz hein batean
  • XHTML 1.0 Transitional Válido

    ¡CSS Válido!

    Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0

    Logo Tawdis