
Iraultza digitala, Ekonomia Berria eta integrazio soziala. Horiexek dira, hain zuzen ere, lan honen oinarrian aurkitzen ditugun hiru ardatzak, eta hirurak elkarrekin lotutako modu integratuan jorratzen dira, alderdi horien arteko mugak eta zedarriztapenak nahiko zailak gertatzen baitira, horietako bakoitzak besteekin dituen harreman eta lotura ugariengatik.
Egungo errealitatearen ezaugarri behinena abiadura handian bata bestearen atzetik gertatzen diren aldaketa estruktural sakonak dira; aldaketaren bizkortasun eta iraunkortasun horiexek definitzen dute, hain zuzen ere, beste ezerk baino hobeto gaur egungo egoera berri hau, eta horiexek bereizten dute aurrez indarrean egon ziren egoeretatik. Aldaketa horiek, gainera, testuinguru batean kokatzen dira, eta bertan teknologia berrien garapena informaziorako sarbidean eta hedapenean gertatutako demokratizazio-prozesuarekin batera ematen da, Ekonomia Berria bezalako kontzeptuak nagusituz.
Puntu honetan, Ekonomia Berria izeneko terminoaren egiazko esangura eta dimentsioaz galde egin genezake. Eremu ekonomikoan arrakastarik gehien edukitako azepzioen artean aipa daiteke arlo sozio-ekonomiko desberdinetan informazio eta komunikazioaren teknologien (IKT) aplikazioari lotutako errealitate poliedrikotzat jotzen duena. Izan ere, kontzeptua zehaztasunez definitzea, eta areago oraindik kuantifikatu eta neurtzea, lan zaila eta konplexua da. Europako Banku Zentralak dioenez, Ekonomia Berriaren kausarik garrantzitsuena berrikuntza teknologikoan egongo litzateke, antolamendua, produktibitatea edo ekoizkortasuna, eta beste hainbat metodo transmisio-uhal bezala erabiliz. Horrek guztiak hazkunde ekonomiko eutsi handiagoa dakar azken ondorio bezala, baina inflazio-tentsio handiagorik sortu gabe, hala ere.
Ekonomia Berriaren inguruan, dena den, fenomenoaren beraren berritasuna
zalantzan jartzen duten jarrerak sortu dira: horien ustez duda-mudazkoa da ea
benetan berria ote den, edota aitzitik, lehendik ere ezaguna izanik, modu diferentean
bildu eta "saldu" nahi zaigun fenomeno baten aurrean ote gauden. Europako Banku
Zentralak duela gutxi kaleratutako txosten batean esaten den bezala, Ekonomia
Berriaren inguruan esperimentatzen ari garen fenomenoak ez dira lehendik ikusitakoen
erabat desberdinak, oinarrizko arau ekonomikoei eragiten dieten heinean, eta
lehendik ere bazeuden egiturak suntsitzen dituzten neurrian, eta teknologiak
prozesu horretan duen eragina argia eta garbia den arren, azpimarratu beharra
dago teknologiak ez dituela oinarrizko arau ekonomikoak aldatzen.
Fenomenora hurbiltzeko beste ikuspegi batek eremu europarrean inkorporatzeko duen gaitasun-maila hartzen du kontuan, Ameriketako Estatu Batuekin konparatuz, betiere Europa AEBei erreleboa hartzeko gai baldin bada, gaur egun ekonomia iparramerikarrak irailaren 11ko gertakizunek bizkortuta, bizi dituenak bezalako errezesio ekonomikoaren faseetan murgilduta.
Hala ere, egungo errealitatera hurbiltzeko saio batean ezin utz genezake albo batera iraultza digitalaren eta Ekonomia Berriaren eragina ikuspegi sozialaren gain. Kontua ikuspegi ekonomikoa sozialarekin uztartzea da, elkarrekin estu-estu lotuak dauden osagai bezala, eta errealitate beraren alderdi osatzaile eta banaezin bezala, nabarmen jarriz, gainera, alderdi positiboez gain, hor barruan dauden desoreka ugarietako batzuk, arraila digitala deiturikoa bezalako alderdietan islatzen direnak. Batetik, begi-bistakoa da IKTak orokortzearekin batera, nazioaz gaindiko harremanen bizkortze eta areagotze-prozesu bat gertatzen dela eta, bide batez, baita merkataritza elektronikoaren bidez egindako transakzioena ere, merkatu desberdinen eraginkortasuna hobetuz. Hala ere, ezin dugu ahaztu horiekin batera badirela zenbait osagai gaizto edo maltzur ere. Puntu honetan, azpimarratu beharra dago arrisku nagusi bat: ea teknologia berrietara sartzeko eta horiekin lotutako abantailaz gozatzeko aukera edukiko dutenen eta horrelakorik edukiko ez dutenen ("have"-ak batetik eta "have not"-ak bestetik), arteko desberdintasunak areagotuko lituzkeen eszenario baterantz abiatzen ari ote garen edota, aitzitik, eztabaida politikoan oinarrituak dauden nazioarteko komunitatearen akordio eta hitzarmenei esker aipatu desberdintasunak ezabatzera joko duen beste eszenario batera ote goazen.
Nazioarteko panoraman dauden desberdintasun horiek argitzeko, adibide bezala esan daiteke Internet-eko erabiltzaileen portzentajea Estatu Batuetan % 54koa dela (planetako populazioaren % 6,7 soilik izanik AEBetako biztanleak), edota Afrikan oso bizkor ari dela ugaltzen web orrien kopurua (normalean egunkariek, ospitaleek, NKEek, etab. erabili ohi dituzte horrelakoak), baina mundu-mailan bere partaidetza web orrien kopuru osoari begira jaitsi egin da % 25etik % 22ra.
Gisa berean, sarearekin lotutako gaietan adituak direnek, esaterako Ernest J. Wilson-ek, azpimarratzen dute telefonoa erabiltzeko erritmoak, modu eutsian gora egin arren, biztanleriaren hazkunde-tasak baino erritmo motelagoan egiten duela gorantz; horrek telefonoaren per capita-ko erabilera-ratio gero eta txikiagora garamatza, eta bide batez IKTen erabilerak berekin daramatzan abantailetara sartzeko desberdintasunak areagotzea ere bai. Horregatik, arraila digitala "bi populazio edo gehiagoren artean, informazioko eta komunikazioko baliabideen banaketa eta erabilerari dagokionez, gertatzen den funtsezko asimetria" bezala definitzen du. Fenomeno horren sorburua sarbidearen murriztapenetan aurkitzen da batetik (sarbide fisikoa, finantzarioa, ezagutza-mailakoa, produkziokoa edo edukiarena eta politikoa), maila demografiko eta sozialeko osagaiekin batera (talde sozial guztiak ez daukate sarbiderik IKTetan), eta horietan generoa, geografia, diru-sarrerak, hezkuntza, adina, arraza, etab. bezalako alderdiek bereizketa sozialak baldintzatzen dituzte. Beraz, arraila digitala mundu-mailan agertzea ez da ariketa teoriko hutsa; aitzitik, Wilson-ek dioen bezala, ezinbestekoa da planeta osoan desberdintasunak gutxitu eta murriztuko dituzten politikak eta programak martxan jartzea.
Horrela, Ekonomia Berriarekin lotutako alderdi positiboekin kontrastean, ez da ahaztu behar arraila digitala sakontzeko arriskua. Eta bata nahiz bestea nagusitzeak etorkizunari buruz zalantzaz edo duda-mudaz jositako eszenario batera garamatza, bertan presente dauden interrelazioen konplexutasun izugarriaren ondorioz. Eta itxurazko paradoxa horixe nagusitzen da bete-betean murgilduta aurkitzen gareneko transformazio sozial eta ekonomikoko prozesuan.
Alde batetik, gero eta nabarmenagoa den eta IKTen garapenean oinarritzen den errealitate berriarekin batera doazen garapen ekonomiko eta sozialaren alderdi faboragarrien artean dagoen dikotomia hori begien bistan eduki behar dugu, bertan iraultza digitala transformazio-prozesuaren etapa garrantzitsua izanik. Eta bestetik, onura horiek modu homogeneoan ez banatzeko aukera, aitzitik, lehendik ere abiapuntuko egoera ezaugarritzen duten hainbat faktoreri egotz dakizkiokeen desberdintasun horiek areagotzeko beldurra. Bi ikuspegi horiexek eraginda, bideratu da Ekonomi Gerizan argitalpen-sail honetako bederatzigarren alearen edukia, "Iraultza digitala: Ekonomia Berria eta integrazio soziala" izenburupean kaleratzen dena.
Ohizkoa den bezala, liburu hau argitaratzea ez da aurrez burututako prozesuaren azken fasea besterik; prozesu horren beste mugarri bat Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan ospatzen den Mintegia da, azken hamaika urteotan etengabe gertatu izan dena. Lanak urtearen hasieran abiatzen dira, aipatu Mintegiaren armazoi zentralaren diseinuarekin, horrek ematen baitio oinarria paperezko argitalpenari. Hasieran markatutako helburuak bat datoz bi kasuetan. Hala ere, inprimatutako argitalpenak aurrez mintegian egondako ekarpenak aberastera datozen espezialista eta adituen partaidetza ere eskaintzen digu, saio akademikoetan jorratu gabe gelditu ziren hainbat alderdi interesgarri ere lantzen direlako. Eta hori guztia irakurle interesatuari obraren gai zentralaren egoeraren ikuspegi eguneratua eta zabala eskaintzeko asmoarekin, azken finean.
Liburu hau lau atal nagusitan banatzen da, eta horietako bakoitza prisma edo ikuspegi berezi batetik garatzen da. Aurreneko atalean, liburuaren gai zentralean bat egiten duten korronte desberdinen ikuspegi panoramiko bat eskaini nahi da. Eta horretarako, Ekonomia Berriaren fenomenoa dimentsionatu eta kokatzea da kontua, batetik, eta arraila digitalari buruzko arazo eta soluzioetara hurbilduz hura osatzea bestetik. Ingurune berriak erraztu egiten ditu elkartruke eta transakzio komertzialak, eta horien deribazio berehalakoenek marko fiskalera bideratzen gaituzte: hemen ezarpen-erregimen desberdinek paper garrantzitsua jokatu beharko dute, beren garapen-maila handiagoan edo txikiagoan. Izaeraz ekonomikoagoak diren ezaugarri horiek kultur munduari buruzko hurbilpenekin eta gizarte nahiz giza ekintzarako eremu berrien agerpenarekin osatzen dira.
Bigarren atalak teknologia berrien eta honek hezkuntzaren eremuan eta bide batez, baita enpleguaren gain ere eduki ditzakeen aplikazioen artean dauden elkar harremanetan jartzen du bere arreta. Hirukote horrek garrantzi berezia eskuratzen du, faktore bereizlerik nagusienetakoa bilakatzeraino. Ingurune berriak premia eta eskakizun berrietara egokituko diren hezkuntza eta trebeziako profilak behar ditu, eta baita ezagutza eskuratzeko forma berritzaileak ere, berorren ahalbideak eta abantailak aprobetxatu eta baliatuko dituztenak. Horrela, trebakuntzako aukera berriak eta lan-eskakizun berriak hezkuntzako ahalbideekin bateratzen dira, ikasgela birtualen bitartez, horietan ezagutza eskuratu eta bereganatzeko erritmoak ikasleen premien arabera, modu koordinatu eta integratuan eboluzionatzen baitu.
e-inklusioa bezala ezagutzen den hori osatzen duten inklusio digitalerako ekimen desberdinak jorratu eta aztertzen dira izaera sozial nabarmena duen liburuaren hirugarren atalean. Zentzu honetan, sare hiritarren agerpena ez da hiritarren aldetik esfortzu konpartituak bateratuz sinergia positiboak sortzeko modu berrien isla besterik, hiritar horiek beren hurbileneko eremuetan parte-hartze aktiboaren bidez errealitate soziala itxuratu eta gauzatzeko duten ahalmenaz jabetzen baitira; eta horregatik, esan daiteke demokrazia parte-hartzailearen espresio edo adierazpen garbi-garbia dela. Pentsa daiteke komunikazioa, sormenaren garapena, ekimena eta erantzukizun edo arduren banaketa bezalako zutabe berrietan oinarritua dagoen sareko lana eta lankidetza osagai komunak izango direla aro berrian; bertan lana sortzeko modu berriak agertuko dira, eta horiek beren aldetik, beren integrazio-maila hobetzeko aukera berriak emango dizkiete hiritarrei, kontaktu edo harremaneko sare digital berriak martxan jarriz. Aldi berean teknologia berrien beste ahalbide batzuk kolektiborik baztertuenetan integrazio-maila handiagoak lortzen saiatzen dira, adinekoetan edota edozein baliaezintasun edo minusbaliotasunek jota daudenetan, esaterako.
Azkenik, kate honen laugarren mailak EAEn teknologia berri horiek bizi duten egoeraren berrikuspena eta diagnostikoa egiten du, euskal ekonomia sostengatzen duten sektore nagusietan duten eraginaren kuantifikazioaren ikuspegitik eta baita merkatuan lortutako sarpen edo penetrazioaren, eta agente edo eragile ekonomiko garrantzitsuenen aldetiko ezagutza-mailaren eta erabilera konparatuaren ikuspegitik ere. Elkar gurutzatutako informazioen joan-etorriari euskarria emango dion azpiegituren eredua korrika eta presaka hobetu beharra batetik, eta landa-munduaren garapenean sortutako premia eta aplikaziorik berehalakoenak bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko ikuspegi orokor eta bateratua eskaintzen diguten osagaiak dira.
Liburu honen aitzinsolasa Antonio Argandoña Ramiz irakaslearen lankidetzarekin hasten da. "Ekonomia Berriaren dimentsio ekonomikoak" izenburupean Ekonomia Berria kontzeptuaren existentzia eta izaera berari buruzko bere zalantzak azaltzen ditu, ordenagailuen inguruan agertu eta telekomunikazioek aurrera daramaten aurrerakuntza paraleloari esker garatzen den iraultza teknologikoarekin parekatzen duenean. Ekonomia Berri honek aukera berriak irekitzen ditu informazioa eta ezagutzaren sorrera, pilaketa eta hedapenerako, eta horren ondorioak eremu ekonomiko eta sozial guztietara zabaltzen dira, atzemateko modukoak izanik sistema ekonomiko desberdinetako ekonomi hazkunde agregatuaren erritmoetan. Produktibitatearen igoera azterketaren erdi-erdian kokatzen da, eta baita horrek hiritarren bizi-mailan eta kalitatean produktu-gehikuntzen bidetik eduki ditzakeen ondorioak ere. Autoreak dioenez, Ekonomia Berria ez da Ipar Amerikako fenomeno bat soilik, IKTetan ahalegin berritzaile bat egingo duen edozein herrialderen esku-eskura baitago. Eta bestetik, teknologia berri horien hedapena sektore guztietara zabal dezake. Bestalde, ziklo ekonomikoaren indarraldia defendatzen du autoreak, eta baita lege ekonomikoena ere, ez baitira aldatzen Ekonomia berriaren eraginez.
"Arazoaren egoera" jorratzeko asmo beretik, Emilio Fontela Montes irakasleak, informazio-gizartearen etorkizunari zalantza eta itzal gehien ematen dioten gaietako bat jorratzen du bere lanean. Horrela, "Arraila digitala: arazoak eta soluzioak" izenburuarekin, digitalizazioak bere-bereak dituen deribazio ekonomikoetako batzuk berrikusten ditu autoreak, arreta berezia eskainiz arrisku errealei, arraila digitalari dagokiona esate baterako -eta horren izaera epidemiologikoa azpimarratzen du-, bere existentzia argi eta garbi nabarmen jarriz herrialdeen barruan bezala baita kanpoan ere. Aldi berean, IKTetarako sarbidea "ondasun publikotzat" jotzen du eta, arraila digitalak produkzioarekin, kontsumoarekin eta lanarekin dituen harremanak berrikusi ondoren, Informazioaren Gizartea garatzeko aukerarik onenetakoa bezala agertzen du, produkzioko egiturak, lanekoak eta kontsumokoak transformatzea posible egiten duen heinean. Era berean, botere publikoen aldetiko ekintza eskatu eta aldarrikatzen du, aipatu desoreka horiek zuzentzeko asmoarekin, digitalizazioko politika aktiboen bitartez, hezkuntza eta kulturaren mailan batik bat. Beraz, hiritarrenganako hurbiltasun handiagoaren alde mintzatzen da, eta baita horien proaktibotasuna erraztu eta bultzatzearen alde ere.
Eremu birtualean ikus daitezkeen alterazioez gain, beharrezkoa da nabarmentzea ezen egoera berriaren eragina lehengaien, kapitalaren, artikuluen eta laneskuaren elkartrukeei dagozkien transakzio fisikoen eremura ere ailegatzen dela. Fisikoki atzemangarriagoa den alderdi honek marko fiskal ez-diskriminatzaile bat ezartzea eskatzen du, merkatu desberdinen mugimenduak kontrolatzeko gai izango dena; merkatu horren komertzializazio-kanal berriek produktu oso berriengan eragiten dute eta, bide batez, baita sortutako irabaziengan ere. Ildo honetan, Arthur Kerrigan-en eskutik datorkigun "Sistema fiskala Ekonomia Berrian" izeneko artikuluak hasierako ikuspegi panoramikoa biribildu eta osatzen du. Balio erantsiaren gaineko zergen garrantziaz errepaso bat egin eta edozein BEZ eredutan dauden baldintza eta suposamenduak jorratu ondoren, BEZaren Sistemak Europar Batasunerako dakartzan inplikazioak aztertzen ditu: batez ere lehiaren inguruko distortsioen inguruan dabiltza horiek, produktu eta zerbitzu jakin batzuk, hala nola baita transakzioen kontrolari buruzko erronka administratiboak ere zergatzeko azken finean.
Ingurune ekonomiko berri hori aro digitala itxuratzen duten kultur ezaugarri berriekin batera agertzen da, ezinbestean. Horixe da hain zuzen Artur Serra i Hurtado irakasleak "Kultur mota berri bat: ezagutzaren gizartea ulertzeko" izeneko bere lankidetzan garatzen duen asmoa. Bertan defendatzen duen tesia da teknologia berriak, azken finean, ezagutza besterik ez direla, jite berriko ingeniaritzak, posible den horretan eta existitu daitekeenean zentratuak daudenak, eta hori guztia izaera teoriko nabarmenarekin markatua. Egoera berri honetan beharrezko I+G eredu berriaren baldintzak aztertu ondoren, berrikuntzaren kultura bat eskuratzera bideratutakoa bezala definitzen du autoreak aro berriko politika zientifiko eta teknologikoa, eta horrek, bere aldetik, kultur aldaketa sakon bat eskatzen du aurretiazko osagai bezala, sendotu eta finkatu ahal izateko. Horrela, unibertsitate, gobernu, erakunde finantzario, enpresa eta gizarte zibilaren partaidetza eskatzen ditu, berrikuntza, ikerketa teknologikoa eta kultura digitalaren bila, gizartearen baitan bazterketa-modu berriak saihesteko funtsezko osagai bezala horiek guztiak.
Eremu berriak agertzea da errealitate digital berriaren ezaugarri nagusietako beste bat. Horixe da, bederen, Javier Echeverria Ezponda irakasleak bere "Eremu elektronikoa, ekintza sozialerako eremu berria" izeneko artikuluan planteatzen duen gogoeta-gaia. Lan honetan argi eta garbi uzten da IKTen inguruan merkatu elektroniko handi baten modukoa sortzen dela, eta merkatu horretara Internet bidez sartzen da. Bertan informazioaren eta edukien bilaketa, trukaketa eta transakzioak gauzatzen dira. Aurreko eremuen gainjartze eta teilakatzeak ezaugarritutako eremu honen gainean, denbora elektronikoa sortzen da. "Hirugarren eremu" honek era guztietako jardueren garapena onartzen du bere baitan, baita aberastasuna sortzeari eta produkzio-mailari dagozkionak ere (esate baterako telelana), baina hala ere horien garapena posible egingo duen trebakuntza espezifikoa edo "digitala" eskatzen du.
Liburuaren bigarren zatia "Lana eta enplegua ezagutzaren gizartean" izeneko gaiaren inguruan gogoeta eginez hasten da, Joan Majó Cruzate-ren eskutik. Ezagutzaren gizartea loratu eta sendotzeak gizarte industrialaren heriotza-ziurtagiria ekarri du. Digitalizazioaren fenomenoari lotutako shock teknologikoa da eredu produktibo eta sozialaren aldaketa honen katalizadorea. Pentsamendu-ildo horretatik, autorearen iritziz trebakuntzako zikloak pertsonen bizi-zikloak baino laburragoak dira, eta hezkuntza-sistemak bere ahaleginak ikaskuntza-prozesura bideratu beharko lituzke, bizitza osoan zehar. Autorearen ustez, gizarte malguago baterantz goaz, eta bertan lan-harremanak aldatu egiten dira, espazioa eta denbora malgutzearen ondorioz. Eremu honetan garrantzi handikoa da "des-ikasten" ikastea, trebetasun eta gaitasun berriak bereganatuz eta zaharkituak daudenak albo batera utziz, portaera pertsonaleko filosofia nagusi bezala.
Ildo beretik, Antonio Pulido San Román irakasleak bere " Trebakuntzaren eta lanaren erronkak eta aukerak informazioaren gizartean" izeneko artikulua eskaintzen digu. Lan horretan enplegu-eskaria trebakuntza-profilekin integratzera bideratutako neurri-sail bat aldarrikatzen da. Pertsona jubilatuak lanean jarrai dezaten pizgarriak ematearen alde agertzen da, dela lanaldi partziala eginez edota aholku-emaile edo kontsultore bezala. Bestetik, sektore publikotik enpresen "training" ekimenak bultzatzearen alde mintzatzen da, lehiatzaileen eta enpresa-unibertsitateen arteko ekintza bateratuak eskatuz, biztanleria-sektore marjinalak IKTetara inkorporatzeko programa publikoak ezartzen saiatuz aldi berean. Puntu honi dagokionez, beharrezkoa da hezkuntza-sistemaren erreforma, eta laneko ikaskuntza ikasketa formalekin batera integratzea, lanbide-heziketa garatuz eta enplegatzaileen babesean etengabeko prestakuntza sustatuz. Azkenik, unibertsitatearen eboluzioa aldarrikatzen du, irakaskuntza-zentro malguak bilakatuz, hainbat instituzio edo erakundetara sartzeko aukera gehiago edukitzeko bizitzaren edozein unetan. Eta horrek, noski, erakundeen beraien aldi bereko egokitzapena eskatzen du, informazioaren gizarte berri honek ematen dituen potentzial teknologiko guztiak aprobetxatuz.
Trebakuntza birtualean ikuspegi hurbilagoko bat eskaintzen digu Mercé Gisbert Cerverak , "Hezkuntza aro digitalean: ikasgela birtuala" izeneko bere artikuluan. Lan horretan, hezkuntzaren ardatzak aztertzen ditu aro digitalean, eremu edo ingurune teknologiko birtualen zeregina ere jorratzearekin batera. XXI. mendean, ezagutzaren gizartea definitzen duten erreferentziazko osagaiak datuen, informazioaren eta ezagutzaren arteko bereizketan oinarritzen dira, eta horien gainean finkatu beharko dira gogoeta egiteko eta erabakiak hartzeko prozesuak, bizitzaren alderdi guztiak hobetzeko asmotan. Ikaskuntzako oinarrizko jardueren artean hiru kategoria definitzen ditu: formala, ez formala eta informala. Aldi berean, bere ustez ordenagailuak ez dira sartu hezkuntza-sisteman beste eremu batzuetan sartu diren adinako indarrarekin. Eta horretan oinarrituz, Internet hezkuntza-eremu birtualtzat jotzen du, ikasgela birtuala esaten zaionaren oinarri, lankidetzako etengabeko lana modu sinkronoan nahiz asinkronoan egiteko aukera ematen duena. Ikasgela birtuala espazio sinboliko bat bezala geratzen da definitua, eta bertan gertatzen da parte-hartzaileen arteko harremana, elkarren artean eragiteko eta informaziora ailegatzeko, ordenagailuaren bitartez bideratutako komunikazioko sistema bat erabiltzen duen irakaskuntza/ikaskuntza prozesuan.
Teknologia berriei, hezkuntzari eta enpleguari buruzko kapitulu honen barruan sartzen da baita ere "Infoteknologia eta enplegu berriak" izeneko Fernando Sáez Vacas irakaslearen lana. Bertan "infoteknologia" izenekoaren etengabeko mutazioa jartzen du nabarmen eta, horren ondorioz, baita "infoenpleguak" esaten zaienak betetzeko beharrezkoak diren ezagutzetan gertatzen den aldi bereko defizita ere. Premien eta ezagutzen artean desberdintasun handiak agertzen dira, eta hori ez da hezkuntzako profilen arteko eskariaren eta eskaintzaren arteko egokitzapen-faltaren isla besterik, horrek guztiak langileen ezagutzak eta premia profesionalak baldintzatzen dituelarik. Lanean zehar defizit horiek identifikatu eta neurtzeko ahalegina egiten da, horiek konpontzera bideratutako zenbait soluzio edo enfoke praktiko iradoki aurretik.
Kultura presentziala atzean utzi eta ez gorputzen lekualdaketari, baizik eta gogamen edo ideien lekualdaketari ekitea; horixe izan da gure portaera egokitzeko orduan kontuan eduki beharreko aldaketarik sakonenetako bat. Horixe baieztatzen dute Michel Icks eta José Carlos Alía González autoreek beren "Lanaren eta hezkuntzaren modu berriak informazioaren gizartean" izeneko artikuluan. Autore bien iritziz, kontua aldaketa kultural bat egitea da, antolamendu eta kontzeptu tradizionalen aldaketa batean oinarritua dagoena, eta horrek taldean eta sarean lan egitera eramango ditu erakundeak. Edozein transformazio-prozesu bezala, honek ikasteko modu berriak martxan jartzea eskatzen du, IKTetan oinarritutako harreman horizontalen ingurune batean. Bide horretatik, osagai biak (alegia antolamendua eta ikaskuntza) informazio-gizarte berriaren banaezinezko bi alderdi bilakatzen dira.
Ikuspegi panoramikoak, teknologia berrien eta hezkuntza nahiz enpleguaren arteko harremanei buruzko gogoetak atzean utzi, eta inklusio digitalerako ekimenek osatzen dute liburu honen hirugarren atala. IKTetan oinarritutako zenbait ekimen berritzaileren berrikuspena egitea da kontua, kolektibo sozial bateko kide izateak dakartzan alderdi ugarietako edozeinetan jarrera proaktibo bat hartzeko prest dauden bai sozialki baztertuak dauden kolektiboen eta baita hiritarren multzo osoaren integrazio-mailak gehitzera bideratzen direlako.
Ildo honetan, Manuel Sanromá Lucía eta Vicenç Badenes Teixido autoreen "Sare hiritarrak: pertsonen Internet-a" izeneko artikuluak sare hiritarrek informazioaren gizartean jokatzen duten, edo joka dezaketen, paper protagonista nabarmentzen du, pertsonen zerbitzura jarritako teknologiak sozializatzeko bide bezala. Bestalde, autoreak konturatzen dira baita arraila digitalarekin lotutako arriskuez ere, eta kritiko agertzen dira, biztanleria osoarentzako sarbideko balizko zerbitzu unibertsal batean oinarrituz, negozio-kontzeptuetan oinarritutako beren estrategiak garatzen dituztenak. Autore hauen iritziz, bai azpiegiturak eta baita IP sarbideen kalitateak eta prezioak ere mugatu dute Espainian Internet-en garapena. Eszenario honen aurrean, sare hiritarrak aipatu arraila digitalaren materializazioaren kontrako alternatiba bat bezala agertzen dira, teknologia berrien erabileran alfabetatzearen bidez, horien erabilera soziala garatuz eta espazio edo eremu publikoak galdutako protagonismoaren alternatibak bilatuz.
Teknologia berrien ezarpenari eta hortik etorritako abantailei dagokienez, beharrezkoa da azpimarratzea aipatu ondorio positibo horiek ez direla homogeneoak ezta orokorrak ere. Izan ere, badira ezgaituak, adineko pertsonak, langabetuak edo trebakuntzarik gabeko pertsonak bezalako kolektiboak, arreta berezia eta lehentasunezkoa eskatzen dutenak, beren abantaila potentzial guzti-guztiak atera ahal izan ditzaten, gizarte-integrazioko maila handigoak lortzeko, horiexek baitira, hain zuzen ere, arrisku-faktoreetara esposatuen dauden kolektibo edo multzoak. Francisco Alcantud Marín-ek "Teknologia berriak eta ezgaitasuna: inklusioko esperientziak" izeneko artikuluan, "Informazioaren Gizartearen" garapenean teknologia berrien aplikazioak ezgaitasunak jota dauden pertsonengan ekar ditzakeen esklusio edo bazterketako arrazoi posibleak aztertzen dira lehenik eta behin. Bigarrenez, eta Imserso-ren ikerketa batean oinarrituz, hainbat esperientzia arrakastatsu aurkezten dira, alor desberdinetan sailkatuak: Sarea, Hezkuntza, Aholkularitza Zentroak, Komunikabideetarako Sarbidea, Errehabilitazioaren Teknologiak eta Laguntzako Teknologiak, eta beste esperientzia batzuk. Azkenik, autoreak kolektibo baztertuenentzako sarean sartzeko modua emango dieten arauak martxan jartzea ekarriko duen mekanismo arautzaileren bat ezartzea eskatzen du, kolektibo horietan beren ezgaitasunari informazioaren gizartea garatzeko traba nagusiak diren faktore ekonomikoak eta kulturalak ere gehitzen baitzaizkie.
José Luis Pardos Pérez, Anders Andersen eta José Félix Barrio Barrio autoreak ere, beren " Teknologia Berrien interakzioak ezgaituekin eta adineko pertsonekin: hainbat esperientzia" izeneko lanean, teknologia berriek kolektibo baztertuak integratzeko lanetan duten garrantzia nabarmentzen saiatzen dira, giza osagaiak ingurune berrian duen garrantzia azpimarratuz, bertan integrazioaz eta berrikuntzaz hitz egiterakoan bete-betean sartzen baikara kontzeptuen, jendearen eta ingurumenaren arteko loturetan, izanik teknologia lotura horiek egunetik egunera gehiago sendotzen dituen faktorea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren egoerari eskainitako erreferentziak ixten du digitalizazioari, Ekonomia Berriari eta gizarte-integrazioari buruz liburu honetan eskaintzen den ikuspegi orokorra. Horretarako, Cristina Prado Valle eta Nieves González Gómez -ek "Ekonomia berriaren dimentsio ekonomikoaren analisia EAEn" izeneko lanean egindako ikerketa saiatzen da EAEk Ekonomia Berriaren eremuan duen garapen-maila ezartzen eta finkatzen. Horretarako IKT industrien eta ezagutzari dagozkion jardueren garapen-maila Europako erreferentziako herrialde jakin batzuekin parekatzen da. Emaitzak EAEko egitura ekonomikoaren gaineko eragina erakusten dute, hautatutako konparaziozko parametroen arabera, izanik I+Gko jarduerak ahaleginik handiena eskatzen dutenak, eta baita azken urteotan transformazioko eta migrazioko prozesuan goi-mailako eta maila ertaineko teknologia duten industrien potentziazioa ere. Artikulu honetan simulazio bat egiten da, aurreneko aldiz euskal ekonomiarentzat, input-output tauletan EAEko produkzioaren kostuetan eta prezioetan teknologia berrien erabilera handiagoak duen ondorioa aztertuz.
Teknologia berriek enpresaren eremuan duten eragina ezin zitekeen EAEri buruzko errepaso honetatik at geratu. Horrela, "IKTen ezarpena euskal enpresetan" izeneko lanean María Victoria García Olea -k euskal enpresek duten ekipamendua aztertzen du, ordenagailu pertsonalak, Internet-erako sarbidea, posta elektronikoaren ezarrera eta erabilera, eta beste hainbat osagai zenbateraino erabiltzen dituzten ere errepasatuz, gai horietan punta-puntan dauden herrialdeekin konparatuz, betiere enpresak ingurune berrirako duten egokitzapen-maila eskaintzen saiatuz. Analisia, azkenik, informazioaren gizartean aurreratuenak bezala jotzen diren aplikazioetara hedatzen da, merkataritza elektronikora esate baterako, enpresaren tamaina, lokalizazioa eta jardueraren ikuspegitik.
Josu Aramberri Miranda irakasleak "Informazioaren Gizartearen azpiegiturak eremu erregional-lokalean: joerak eta egoera EAEn" izeneko lanean, herrialde aurreratuenek ekimen publikotik abiatuz "etorkizuneko" azpiegiturak hedatzeko jarraitzen dituzten estrategiak zehazten ditu. Azpiegiturak zerbitzuen zimentutzat jotzen ditu, eta horien absentzia edo eskastasuna "arraila digitala" zehazten duten osagaietako bat bezala. Bere ekarpenean EAEko azpiegitura eta zerbitzuen errepasoa egiten du zehatz-mehatz, azterketa horren barruan hartuz enbor-sareak edo handizkariak, Internet-eko hornitzaileak eta sare korporatiboak, UrnietaTel bezalako kasu enblematikoei erreferentzia bereziak eginez. Era berean, azpiegituren eremuan oro har dagoen planifikazio publiko eskasa nabarmen jartzen da, izanik planifikazioa eta bultzada publikoa, hain zuzen ere, funtsezko bi osagai maila guztietan beharrezkoak diren azpiegituren garapena bermatzeko, hasi udalerrietatik eta eskualdeko erakunde nahiz erakunde autonomikoetaraino, azken erabiltzaileentzat kapilaritateko eredu arrazionalak ezarriz, enbor-sareak eta baita Internet-eko hornitzaileentzako trafiko-elkartrukerako gune publikoak ere, nazioarteko mailan aurreratuen dauden esperientziek ondotxo frogatzen duten bezala.
Landa-eremua da, bere ezaugarri bereziengatik (geografia malkartsua, minifundio ugari eta ustiapenen jabeek duten adina dira ezaugarri nagusiak), bazterketarako arrisku gehien duten kolektiboetako bat, informazioaren gizarteak bere-bereak dituen abantailak baliatzeari dagokionez. EAEko abeltzaintzako ustiapenen egoeraren berrikuspen bat egitea, komunikazioen ikuspegitik, euskal sektore publikotik martxan jarri eta bultzatutako ekimen berritzaile batzuk azpimarratzen diren bitartean; horixe da Xabier Arruti Olazábal eta Luis María Zaldua Echave -k garatutako "Landa-garapena eta telekomunikazioko azpiegiturak Euskal Autonomia Erkidegoan" lanaren helburua. Eta eremu honetan egindako aurrerapenak begi-bistakoak izan arren, autoreen iritziz behar-beharrezkoa da euskal landa-lurraren lurralde-oreka lortzera bideratutako politikak bultzatzea, zona hiritarrekin parekatzeko moduko bizi-baldintzetan, eta kultura eta tradizioen mantentzea bultzatzea, biztanleriaren gorakada eta ezarpena sustatu eta bizi-kalitatea hobetzen den bitartean. Bestalde, landa-eremuak azpigarapen teknologikoan geratzeko arriskua dago telekomunikazioen eremuan.
Liburu honen edukia, gainetik bada ere, aipatu ondoren, berorren argitaldarien asmoaren berri eman nahi genuke orain: kultur altxorra aberastea da asmorik behinena, gaur egun hain modan dagoen eta alboraezina den gai baten inguruan (bete-betean murgilduta gauden gizarte berriaren inguruan hain zuzen ere) ideia eta iritzi kontrajarriak plazaratuz.
Elementu osagarri bezala, liburuarekin batera CD-rom bat ere eskaintzen da,
pdf formatuan hemen azaldutako artikuluak biltzen dituena, hala nola baita
bibliografia, eta baita testu osoko kontsulta ere, horren bidez gaian sakondu
eta horri buruzko ikuspegi zabalagoa eduki ahal izateko. Izen berarekin eta
2001eko irailean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan
ospatutako Mintegian emandako irekierako eta klausurako hitzaldiak ere agertzen
dira CD-rom-ean, ahots eta guzti eskaintzen duen formatuan.
Hori guztia Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren
web orrian ere aurkitu ahal izango du interesa duenak: www.fcavn.es