
Munduan izandako hazkunde ekonomikoko azkeneko zikloa (1993 - 2007), denboran zehar luzatua eta ezin joriagoa eta ugariagoa bere neurri-handitasunean, globalizazioaren azken uhinaren fruitutzat har daiteke. Ziklo horren jatorria Bigarren Mundu Gerraren amaieran koka genezake (Breton Woods-eko Hitzarmena) eta informazioaren eta komunikazioen teknologiek iragan mendeko azkeneko bi hamarkadetan izan zuten garapena hartu ohi da aldaketa horren katalizadore eta azken bultzatzaile gisa.
Alor ekonomikoak bizi izan dituen eraldaketak oso garrantzitsuak izan dira: mundu-mailako merkataritzaren gorakada nabarmena, Txina, India eta Brasileko ekonomiek munduan hartu duten lehen mailako protagonismoa, edo ondasunen nahiz zerbitzuen produkzioan izandako deslokalizazioa, eraldaketa horietako batzuk, baina ez guztiak, ezta gutxiago ere, aipatzearren.
Finantzen eremura etorriz, maila honetan ere eraldaketa garrantzitsuak gertatu dira, esaterako finantza-merkatu lokalen artean denbora errealean eraikitako elkarlotura, kapitalen fluxu librea planeta osoan zehar eta ingeniaritza finantzarioa deitu izan denaren tresna ugariren garapena eta erabilera (opzioak, etorkizunekoak, eratorriak, titulizazioak, egituratuak, hedge fund delakoak, etab.).
Era berean ezinbestekoa da aipatzea, joan zen mendearen bigarren erdialdean sortu eta garatu zirela nazioaz gaindiko izaera zuten instituzio eta erakunde anitz (Nazio Batuen Erakundea, Munduko Bankua, Nazioarteko Moneta Funtsa, Europar Batasuna, Merkataritzaren Munduko Erakundea, etab.), egoerak gaur egun hartu duen neurriaren eta norabidearen islatzat —esanbidezko islatzat ez bada ere, bai bederen begi-bistako islatzat— har ditzakegun erakundeak, hain zuzen ere.
Eraldaketa horien guztien multzoak ezinbestean eragina izan du gizabanakoetan, gizartean, kulturan, eta baita Estatuaren erakunde eta antolamenduetan ere (eta eragin hori, jakina, ez da neutrala izan), informazioaren eta komunikazioen teknologiek eskuratu duten eragin gero eta handiago eta orokorragoak bultzatu eta eraldatu baitu hasierako eragin soil hura.
Baina aipatutako hazkunde ekonomikoko ziklo horren azkeneko faseak, mende honetako aurreneko hamarkadan kokatua zegoenak, harea mugikorretan finkatuak zeuzkan bere oinarri eta zimenduak. Nazioarteko sistema finantzarioan pilatutako gehiegizko likidezia-maila garrantzitsuak, jatorria hainbat iturritan zuena, interes-tasa baxuen giro batean, kredituen ikaragarrizko hedapena ekarri zuen nazioarteko banku-sisteman. Banku-sistemaren beraren joko estandarreko arauek muga eta amaiera jarriko liokete kredituen hedapen-prozesu horri, baldin eta gerora “itzaleko banku-sistema” (shadow banking system) deitu izan denaren agerpen eta garapen ikusgarria onartu izan ez balitz; izan ere, berrikuntza finantzarioan eta arautu gabeko eragiketetan oinarrituz, kreditu-arriskuko eragiketa horiek, erregulaziozko arbitraje-sistema baten abaroan, edonon zabaldu eta hedatzea egin baitzuen posible. Horri herrialde nabarmen batzuetan gertatutako merkataritzako eta aurrekontuetako defizit garrantzitsuak eransten badizkiogu, gehi hazkunde nabarmen desorekatua beste herrialde batzuetan eta prezioen tentsio gogorrak lehengaien merkatu nagusietan azkenik, erraz uler daiteke egoera hori ez zela denboran zehar jasangarria. Orain badakigu egoera orokorraren egonkortasunik eza salatzen zuten ahots haiek, hasieran gutxi eta oihartzun eskasekoak zirenak, arrazoi zutela, pitzarazgailu gisa jokatuko zuen inguruabar bat gertatzea besterik ez baitzen falta egoera erabat lehertzeko.
2007ko bigarren seihilekoan gertatu zen inguruabar hori: Ameriketako Estatu Batuetako kalitate baxu edo eskaseko hipoteken (subprime) krisia deitu izan dena alegia. Eta hilabete gutxi batzuk lehenago herrialde berean higiezinen aktiboen prezioan izandako beheranzko tentsioak eta eragiketen moteltzea krisiaren aitzindaritzat har daitezke. Egoera-aldaketa honek bat-batean eta modu aski zakarrean jarri zituen agerian sistemak bere osotasunean zituen ahuldade, inefikazia, inefizientzia eta inkoherentzia guztiak. Oso hilabete gutxiko epean eraginak ikaragarriak izan ziren ez bakarrik nazioarteko sistema finantzarioan, merkatu finantzarioak eta ekonomia errealak ere erasan baitzituen berehala, horien hazkunde-erritmoak azkar motelduz hasiera batean, baina segituan errezesioan edo atzerakadan sartzeko.
Moneta-erakunde gainbegiraleak, batetik, eta baita herrialde azpigaratuetako gobernuak ere, bestetik, berehala konturatu ziren guztiak egoeraren larritasunaz, eta beraz, neurriak hartuz joan ziren etengabe eta ia mugarik gabe ere esan genezake, konfiantza-krisi jeneralizatua eta, horrekin, sistema osoaren kolapsoa saihesteko.
Bi urte pasatxo iragan dira krisia hasi zenetik, eta unerik latz eta gogorrenak joan dira, itxura guztien arabera. Une hauetan (2009ko abendua) zenbait herrialde garatuk erakutsi dituzte dagoeneko hazkunde ekonomikoko zeinuak, arinak izan badira ere, eta ekonomia emergenteak berriro ere lehen sartuak zeuden hazkundeko bidera itzuli direla dirudi. Hala ere, argi dago arazoak ez direla oraindik bukatu, ezta hurrik eman ere.
Gobernuen esku-hartze izugarriak, eskaria estimulatu eta sustatzera bideratutako politiken bitartez, eta baita agintari monetarioenak ere, sistema finantzarioari likidezia injektatuz eta interes-tasa bereziki baxuak ezarriz, iraungipen-data du, edo, zehatzago esateko, muga kuantitatiboa dauka, baldin eta beste mota bateko arazoak jasan nahi ez badira behintzat.
Kredituen gehiegizko hedapenak neurriz gainetik dimentsionatuta utzi ditu sektore garrantzitsu batzuk, gehiegizko stock-aktibo batzuk, eta baita egiturazkoa bihur litekeen langabezia ere, oso zaila baitirudi gaur egun bizi dugun desenplegu-tasa horri buelta ematea.
Zenbait estaturen zorpetze-maila zuhurtzia guztietatik urrun dauden mugetaraino iritsi da, eta edonola izanda ere, estatu horietako herritarrek aurrekontuen bidetik egin beharko diete aurre zor horiei, horrek bizi-kalitatean dakarren narriadurarekin.
Alderdi anitzetatik eta instituzio eta erakunde anitzetatik egin den krisiaren kudeaketak arrakasta handia izan du, alde batetik. Baina, aldi berean, zalantza handiak sortu dira beste alde batetik, ez sistema finantzario globalari dagokionez bakarrik, baita indarrean dagoen eredu ekonomikoari eta gobernantza globaleko sistemari dagokionez ere baizik.
Era berean kezka handia dago gizarteen baitan gerta daitezkeen eraginen inguruan, bai alor politikoan eta baita alderdi kulturalean ere, krisiak izan dezakeen eraginagatik beragatik nahiz hazkunde ekonomikorik gogorreneko garaia bitartean herrialde garatuetarantz gertatu ziren emigrazio-fluxu gogor haien asimilazioak sor ditzakeen bestelako arazo osagarri guztiengatik ere.
Deskribatu berri ditugun inguruabarren multzoak osatzen duen eszenategiak eragin du, beste batzuen artean, eredu ekonomiko eta sozialeko aldaketa baten posibilitatearen —zenbaitzuek ezinbestekotzat jotzen dute, ez aukerakotzat— inguruko eztabaida. Udako mintegiarekin eta liburu honen argitalpenarekin sakoneko eztabaida argitzen lagun dezaketen informazioa eta gogoetak eskaintzea izan da gure asmoa, besterik gabe.
Edizio hau “Krisiaren perspektiba globalak” izeneko lehenengo kapituluarekin irekitzen da. Bere izenak adierazten duen bezala, irispide eta alkantzu luzeko ikuspegi-talde zabal bat eskaini nahi izan dugu, krisia jarduera-sektore edo eremu jakin baten perspektibatik baino haragotik jorratzen saiatzen diren ikuspegiak hain zuzen ere. Horrela, Diego Rodríguez Palenzuela jn.ak eurogunean erregistratutako azkeneko errezesioaren kausa nagusiak eta ezaugarri behinenak azaldu eta eztabaidatzen ditu “Duela gutxiko ‘Errezesio handiaren’ analisi bat” izeneko artikuluan. Izan ere, berriki gertatutako errezesioei lotutako atzerakada-profilak eta baita suspertzeko profilak ere ezaugarri bakarrak dituzten arren, egia da era berean antzekotasun enpirikoak suma daitezkeela horietan. Horixe gertatu da eurogunean, esaterako, agregatu makroekonomikoen portaerarekin azken errezesio honetan. Orain jorratzen ari garen kasu zehatzean, nazioarteko merkataritzaren uzkurdura gogorra, gertatutako guztiaren larritasuna areagotu duen faktorea izaki, osagai berezia izan da, kontsumo eta inbertsio pribatuak jasan dituzten beherakada esanguratsuak aurreko krisietatik ezagunak ziren bideak jarraitu dituzten bitartean. Egileak iradokitzen duenez, itxura guztien arabera, 2009ko bigarren erdialdean hasi zen euroguneko ekonomiaren suspertzeak bere horretan eutsiko dio aurrerantzean ere, mailakako erritmoan eta zalantza eta ziurgabetasun handiarekin izango bada ere.
Kapitulu honetako hurrengo artikuluan, “Desoreka globalak munduko krisiaren aurretik eta krisiaren ostean” izenekoan hain zuzen ere, bere egileak, Luis Serven jn.ak, planteatzen du ezen mundu-mailako ekonomian defizit handiak eta kontu korrontearen araberako superabitak batera agertzeak eztabaida garrantzitsua sorrarazi duela nazioarteko panorama ekonomikoan: horrelako arrazoiek krisi honetan jokatu duten paperari buruzko ikuspegi bateraturik ez dago, eta ezin esan daiteke munduko ekonomiaren etorkizuneko garapen eta egonkortasunerako mehatxua suposatzen duten ala ez. Ez da horrelako desoreka globalak gertatzen diren aurreneko aldia, baina ikusi eta bizi izan dugun azkeneko gertakariak neurri edo tamaina handiagoa izan du, bai kuantitatiboki eta baita denboraren ikuspegitik ere, herrialde aurreratuen kanpo-desorekak funtsean herrialde emergenteek finantzatuak izan dira. Azken xehetasun horrek adierazten duenez, litekeena da antzeko gertakari baten aurrean egotea, desoreka globalak hain zuzen ere, baina arrazoiak diferenteak izatea han edo hemen. Desoreka horiek munduko krisian izandako zerikusiaz duela gutxi bota izan diren iritzi eta uste desberdinak ebaluatu ondoren, etorkizunean izan dezaketen eboluzio posibleari buruzko gogoeta txiki bat egiten du egileak, Ipar Amerikako kanpo-defizitaren murrizketa-testuinguru batek herrialde horretako monetaren balio-galera nabarmena ekartzeko aukera ez litzatekeela baztertu behar esanez amaitzeko.
María del Carmen Gallastegui and.ak ikuspegi edo perspektiba berritzailea eskaintzen du “Krisi ekonomikoa eta ingurumenaren krisia: analogiak eta irakaspenak” izeneko bere artikuluan. Bertan planteatzen duenez, jasaten ari garen krisi ekonomikoa eta baita ingurumen-krisia ere izaera globaleko fenomenoak dira bi-biak, eta neurri batean elkar lotuak dauden fenomenoak dira, gainera. Krisi biek analogia interesgarriak partekatzen dituzte: gehiegizko arriskuak hartzeak sortuak izan dira bata nahiz bestea, informazio-mailako asimetriak sumatzen dira batean nahiz bestean, merkatuaren porrota, erregulazio desegokia, eta kontabilitate ulergarri eta sinesgarriaren falta, beste hainbaten artean. Egileak dioenez, ingurumeneko arazoen konponketari heltzeko orduan xehetasun eta inguruabar horiei zein modutan ekin zaion aztertzeak krisi ekonomikotik irteteko konponbideak eman diezazkiguke gainera.
Ekonomi Gerizan saileko hamazazpigarren edizioaren bigarren kapituluak, “Krisiaren ikuspegia garapen bidean dauden herrialdeen perspektibatik” izenburupean, beste ikuspegi batetik heldu dio egoeraren azterketari, Txina bezala, datozen hamarkadetan munduko ekonomiaren protagonista eta erakarle bilakatuko diren herrialdeetan zentratuz hain zuzen, edo, garapen bidean egonik ziklo ekonomikoaren aldaketak modu diferentean, modu mingarriagoan seguruenik, eragiten dieten herrialdeetan zentratuz bestela.
Alfredo Pastor jn.ak ekonomia txinatarren kasuak dituen berezitasunak aztertzen ditu “Txina eta hiru krisiak” izeneko bere artikuluan. Azken hamarkadotan eszenario ekonomiko mundialean gero eta paper garrantzitsuagoa hartuz joan den herrialde hori erabakigarria gertatuko da aurreikuspen guztien arabera munduko ekonomiak datozen hamarkadetan izango duen eboluzioan, bere garapenak planteatzen dituen erronkei zer-nolako irtenbideak ematen dizkion ikusita eta, soluzio horien arabera eszenario ekonomikoan zein modutan integratzen den kontuan hartuz. Ekonomia txinatarraren analisia ez da sartu behar egungo krisi ekonomiko eta finantzario globalaren parametroen barruan bakarrik, nazioarteko mailan gaur egun dauden desoreka komertzial eta finantzario iraunkor eta nabarmenen baitan ulertu eta aztertu beharra baitago, eta baita lehengaien eta baliabide naturalen prezioen gorakada iraunkor baten mehatxuaren baitan ere.
Krisiak Latinoamerikan izan duen zeregina eta eragina oso kasu diferentea da, aurrekoarekin alderatzen badugu. Eta horrela, “Krisiaren eragina Latinoamerikan” izeneko artikuluan, bere egileak diren Jose Luis Machinea eta Guido Zack jn.ek, krisiak Latinoamerikako herrialdeen gain izan duen eragina aztertzen dute. Autore horiek nabarmentzen dutenez, krisiaren eragina txikiagoa izan da garapen bidean dauden herrialdeen gain herrialde garatuetan baino, nahiz eta, orokorrean, azken hamarkadetan hazkundearen hegazkortasuna handiagoa izan den garapen bidean zegoen munduan. Eta Latinoamerikako herrialdeen gaineko eragina aurreko krisietan baino txikiagoa izateko arrazoia zein izan ote den eta bertan gertatzen ari diren suspertzeko arriskuak zeintzuk diren argitzen saiatu ondoren, bukatzeko diote ezen arrisku horietako bakar bat ere ez litzatekeela gauzatuko suposatu arren, epe ertain eta luzera mundua oraintsukoa baino erritmo motelagoan haziko dela espero dutela, baina gorabehera eta ustekabe gutxiagorekin hala ere. Eskualde horren etorkizuna, era berean, mundu-mailako ekonomiak jarraituko duen eboluzioaren baitan egongo dela uste dute hein handi batean, eta eboluzio hori merkataritzaren paperak baldintzatuko du, eskualderik dinamikoenek, produkzioaren deslokalizazioak eta aldaketa teknologikoaren garrantziak, faktore nagusienak aipatzearren.
Iliana Olivié and.aren eskutik datorkigun “Zer ekar dezake krisiak garapen bidean dauden herrialdeentzat” artikuluaren ikuspegia zabalagoa da. Globalizazio-maila handia duen mundu osoko ekonomian, herrialde garatuen krisiak oraindik ere garapen bidean dauden herrialdeen baitan izan duen eragina berehala sumatu dugu. Eta herrialde emergenteentzat eta garapen bidean dauden herrialdeentzat garapeneko ereduen baliagarritasun eta egokitasunari buruzko eztabaida herrialde garatuen hazkunde ekonomikoaren ereduak sortzen dituen zalantza eta duda-muden ondorio da. Horregatik, garapen bidean dauden herrialdeentzat mundu osoko krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorio ekonomiko eta sozialetako batzuk aztertu eta ebaluatu ondoren, garapeneko paradigmei buruzko eztabaidari heltzen dio egileak krisi finantzarioaren arrazoien azterketatik abiatuz, eta eztabaida hori estuki lotua dago Estatuak ekonomian duen paperari buruzko eztabaidarekin eta, azken finean, baita garapen-paradigma nagusiei buruzko eztabaidarekin ere.
Sistema finantzarioak krisiaren sorreran eta baita abiatzean ere izandako papera oso-oso garrantzitsua izan da. Horregatik liburuko hirugarren kapitulua eskaini diogu, “Krisi global baten ikuspegi finantzarioa” izenburu orokorraren pean. Kapitulu hau “Finantzen erregulazio eta gainbegiradaren erreformari buruzko gogoeta batzuk”, izeneko lanarekin hasten da, izanik José Pérez jn.a artikuluaren egilea. Autorearen ustez, egungo krisi finantzarioaren izaera eta larritasunak erregulazio eta gainbegirada finantzarioaren berrikuspen sakona planteatzera eraman ditu adituak Atlantikoaren bi aldeetan, eta adostasuna erabatekoa da gaur egun, zuhurtziako araudietan, inbertsiogileen babes-neurrietan, merkatuetako azpiegituretan, erakunde gainbegiratzaileetan, eta baita krisia kudeatzeko nahiz hortik ateratzeko mekanismo eta prozesuetan aldaketa esanguratsuak egiteko premiaren inguruan, bai krisiak behin eta berriz errepika ez daitezen eta baita horien kostuak minimizatzeko ere. Europar Batasunaren kasuan, aipatu eremu horietan fragmentazioak egonkortasun finantzarioari eta zerbitzu finantzarioen merkatu bakarraren eraginkortasunari planteatzen dizkion erronkek azpimarratzen dituzte aldaketa-premia horiek. Artikuluaren edukia autorearentzat erreformaren galdera eta zalantza nagusienak diren horiei erantzuten saiatzen da: zergatik planteatzen diren aldaketa horiek araudi-mailan eta gainbegirada finantzarioko erakunde-arkitekturan EBn; zein den aldaketa horien guztien esanahia eta edukia; eta zeintzuk izango diren berorien inplikazio eta ondorio nabarmenenak.
Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionaleko (CNMV) Presidentea den Julio Segura jn.ak sinatzen du jarraian “Gainbegirada finantzarioaren orientazioa, sistemak dituen hutsuneekiko erantzun gisa” izeneko artikulua. Bertan jorratzen dira hutsuneen azterketak, eta okerrak suertatu diren merkatu, araudi, politika makroekonomikoen diseinu eta finantza-teoriako hipotesien analisiak —horien guztien betetze-mailari buruz ziurtasun handia baitzegoen eta uste ez bezala gertatu baitira—, egungoa bezalako krisi-egoera batean merkatuko gainbegirale baten jarduera argitzen dute-eta. Segidan CNMV erakundeak burututako zenbait jarduera aipatzen dira, aurreko analisiak gidatuak izan diren heinean. Maila internazionalean, beharrezko erregulazio-erreformen gaineko paper aktiboa, eta horien artean sartzen dira hedge fund delakoak, OTC merkatuak, rating-agentziak, kontseilarien ordainsariak, informazio finantzarioa eta finantza-merkatuak bezalako eremuak. Maila nazionalean, aktibo finantzarioen balorazio egokia bermatzeko jarduerak, eta baita merkatuen funtzionamenduan gardentasuna hobetzeko egindakoak ere.
Santiago Carbó jn.ak, “Krisi finantzarioa eta bere irtenbideak: Atlantikoaren bi aldeetara ikusten diren perspektibak” izeneko bere lanean, 2007ko abuztuan abiatu zen krisi finantzario globala azaltzen duten faktore nagusiak aztertzen ditu, eta baita hura konpontzeko proposatutako mekanismoak ere, maila nazionalean bezala baita nazioartekoan arazo horiei aurre egiteko. Arreta berezia eskaintzen die Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan sortutako ekimenei, eta baita Espainiako kasuari ere, eta horrela, epe laburreko arazoak konpontzeko ekimenak, batetik, eta nazioarteko arkitektura finantzarioa aldatu eta erreformatzeko epe luzerako ekintzak eta proposamenak, bestetik, bereizten ditu. Egindako analisiak iradokitzen du badirela alde bakarreko ekintzak maila nazionalean epe luzerako arazoei aurre egiteko, baina aldi berean agerian geratu da diferentzia garrantzitsuak daudela finantza-erreformako ekimenetan Europaren eta AEBen artean. Era berean, nabarmen jarri da Espainiako kasuaren berezitasuna, bai krisiaren aurretik zuhurtziazko gainbegirada-eskemaren barruan hartu ziren gainbegiratzeko mekanismoetan (eta horien artean zuzkidura estatistikoak dira azpimarratzeko modukoak) eta baita aktiboen narriadura eta bankuen berregituraketaren arazoa konpontzeko garaian ere, hainbat eszenario edo ekintza-maila izango lituzkeen prozesu antolatu baten bitartez.
Hurrengo artikuluak Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak antolatu eta liburu honen funtsezko oinarria suposatzen duen Udako Mintegiaren klausurako hitzaldia hartzen du, Espainiako Bankuaren Gobernadorea den Miguel Ángel Fernández Ordóńez jn.ak eman zuena. Klausurako hitzaldi horretan sistema finantzario espainiarraren egoera jorratu zen, eta egoera hori aski ona izan arren ere, marjinen gaineko presioarekin, finantzaketarekin, kapitalarekin, eta aktiboen eraginkortasun nahiz kalitatearekin lotutako erronka sail garrantzitsu bati egin beharko dio aurre sistemak, eta berehala gainera. Erronka horiek ezinbestean gainditu beharra dauka, baldin eta bere egiteko nagusia —sistema osoarentzat finantzaketa hornitu eta zuzkitzeko funtzio ekonomikoa, alegia—, modu egokian betetzen jarraitu nahi badu. Etorkizun hurbilerako askoz ere hedapen-maila eskasagoarekin aurreikusten den eszenario ekonomikoaren aurrean, erakunde finantzarioek beren emaitza-kontuei eusteko jarduketa-bideak aurkitu behar dituzte, sektorearen baitan birdimentsionamendu eta berregituraketako prozesu orokorra gertatzen den bitartean. Ildo honetan, ezinbestekoak izango dira kostuei eusteko eta eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko prozesuak, eta baita eskalako ekonomiek eskaintzen dituzten abantailak baliatu eta ustiatzea ere.
Argitalpen honen laugarren eta azken kapituluak, krisia kudeatzeko tresna edo lanabes diferenteei buruzko hainbat analisi eta azterketa eskaintzen dizkigu “Krisiaren kudeaketari buruzko gogoetak” izenburu orokorraren azpian. “Krisiaren kontrako politika ekonomikoak aztergai” da Juergen Donges jn.ak landutako artikuluaren izenburua, eta bertan adierazten den bezala, finantza-merkatuetan arrisku sistemikoa murrizteko asmoarekin banku zentralen eta gobernuen neurri ez-konbentzionalek, errekuperazio ekonomikoa lortze aldera hartu eta epe laburrera eragin positiboak dituzten neurri fiskal ultra-hedatzaileekin batera, defizit publikoen gorakada ikaragarri bizkorra ekarri dute ondorio gisa. ‘Epeen arteko aurrekontu-murrizketa’ deitu izan zaionak ezinbestean dakarren aurrekontuen sendotze itzuriezinak politika fiskal hedatzaile horietatik irteteko estrategia desberdinak prest edukitzera behartzen dituzte Gobernuak, alde batetik, baina baita banku zentralak ere, beren aldetik, jarduera ekonomikoa suspertzen eta bere onera etortzen hasten denerako, banku zentralek moneta-politikari dagokion euren esparruan egin behar duten bezalaxe, diru merkeegiak inflazio-gorakada bat sorrarazi edo merkatu finantzario eta inmobiliarioetan espekulazio-burbuila berriak ekar ez ditzan. Horrez gain, euren izaera propioagatik epe laburrekoak diren ekonomia berraktibatu eta suspertzeko neurriak, orientazioari begira, definizioz bederen, sakoneko eskaintza-politikekin osatu beharko lirateke, ahalik eta lasterren; izan ere, krisiak ez baititu desegin azken aldi honetan ekonomia orok aurre egin beharreko erronka eta apustu zail horiek, ezta gutxiagorik ere.
Federico Steinberg jn.ak bere “Munduko gobernantza ekonomikoa eta NMFn eta MMEn izandako erreformak” izeneko lanean planteatzen duenez, krisi finantzario globalak gobernantza ekonomiko orokorreko erakunde eta instituzioak erreformatzeko premia larria azaleratu du behin berriz, horien eraginkortasuna eta legezkotasuna hobetzeko. Eta globalizazioak alde anitzeko erakunde ia guztiak aldaraztea eskatuko lukeen arren, krisiak Bretton Woods-eko instituzioekin hastea exijitzen du, eta Nazioarteko Moneta Funtsarekin (NFMrekin) batez ere, eta baita Merkataritzaren Munduko Erakundearekin (MMErekin) ere, protekzionismoaren gorakada baztertzeko. Erronka nagusia ekonomia emergenteen ahotsa ere erreforma edo aldaketa-bide horretan txertatzea da, eta nazioarteko merkataritza eta finantzentzat joko-arau berri batzuk diseinatzea, etorkizunean gerta daitezkeen beste krisiak saihesteko. Gaur egungo koiunturak, non nazioarteko lankidetza inoiz baino premiazkoagoa bilakatu den, aukera oso egokia zabaltzen du erreforma horretan aurrera egiteko. Baina ezerk ez du ziurtatzen, hala ere, nazioarteko komunitateak aukera hori behar bezala aprobetxatu eta baliatuko duenik.
Ekonomi Gerizan saileko argitalpen hau José García Montalvo jn.ak idatzitako “Krisi ekonomikoa eta higiezinen doikuntzak Espainian izan duen dinamika” artikuluarekin ixten da. Lan horretan higiezinen sektoreak Espainian bizi duen egoeraren ikuspegia eta etorkizunerako izan ditzakeen perspektibak aurkezten dira, ez inola ere higiezinen merkatu espainiarraren alderdi guztiak errepasatuko lituzkeen berrikuspen exhaustiboa egiteko, kritikotzat jotzen diren eta sektorearen ikuspegi sintetikoa eskaintzen duten puntu jakin batzuetan zentratuz baizik. Egungo egoera aztertzen eta sektore inmobiliarioak burbuila osteko oreka berrira doitzeko duen erritmoa baldintzatzen duten faktoreak zeintzuk diren erabakitzen saiatzen da artikulua.
Ekonomi Gerizan sailaren hamazazpigarren edizio honekin, saiatu gara ez bakarrik garrantzitsua den gai bat jorratzen, baita ikaragarrizko gaurkotasuna eta are larritasuna duen gai bat lantzen ere. Gure ustez interes handia sor dezaketen gaiak zabaldu, horiei buruzko gogoeta bultzatu eta ezagutzera ematea izan da betidanik gure nahia eta gure borondatea. Eta dibulgazio-bide horretan, aspaldi samarretik ohizkoa den bezala, liburu honen edukia eta baita Ekonomi Gerizan saileko aurreko argitalpen guztiena ere, erabat doan eskura daiteke Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren webgunean (www.fcavn.es). Gure irakurleak dira azken hitza dutenak eta esango dutenak, neurri handi batean, aurrez ezarritako gure helburu horretara hurbildu garen ala ez.
Ezinezkoa da azken urte honetan modu batean nahiz bestean beren lankidetza eman diguten pertsona guztiei esker oneko hitz batzuk eskaini gabe lan hau amaitzea, guztion artean bakarrik izan baita posible liburu hau argitaratzea. Horietako batzuek, krisia bera zela medio, beren lan-agenda mukururaino betea zeukaten arren, denek tartetxo bat eskaini ahal izan digute, bakoitzak bere ekarpen baliagarria eginez. Mila esker denei, bihotz-bihotzez.