
Irakurleak bere eskuetan du Hego Euskal Herriko Aurrezki- kutxen Federazioak bultzaturiko Ekonomi Gerizan izeneko argitalpen-lerro berriak eman duen lehen frutua, Aurrezkiak eta Inbertsioak Ekonomiaren garapenean betetzen duten lekua izenekoa, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen XIII. Udako Ikastaroen barruan 1994ko irailaren 5etik 8ra burutu zen izen bereko Mintegian landuriko proiektuetan oinarritua. Lan hau burutzeko Federazioak Ekonomia Publikoko Institutuaren laguntza zientifikoa eta akademikoa jaso du.
Jakina da inbertsioen urritasunaren atzean dagoen kapital-ezaren arazoak baldintzatu egiten duela, neurri handi batean, garaturiko ekonomia askoren hazkunde ekonomikoa. Hori dela eta, ekonomiaren gorakada gizarteko agente gehienen nahi eta helburu izatetik errealitate izatera pasatzeko ezaugarriak erakusten dituen une egokietan, gaur egun bizi dugun unean hain zuzen ere, gai honi ekitea erabaki da. Gure ekonomiak aurrezki gehiago (finantzen alorra) sortzeko ahalmena du, eta ondorioz kapital gehiago egongo da inbertsiorako (produkzio-ekonomia edo ekonomia erreala). Nabaria da bi esparru horiek, aurrezkia eta inbertsioa, lotzeko modu berriak sortzearen eta jadanik indarrean daudenak egokitzearen garrantzia, eskaerak sortzen dituen ondorioak ahalik eta indartsuenak izan daitezen; horrek eragina izango luke ekonomiaren hazkundean, eta guztiaren ondorioa langabezi mailaren beherakada izango litzateke. Langabezi maila, epe luzera eraman ezina izango den mailan dago, gure inguruko herrialdeetakoa baino askoz altuagoa baita oraindik, gure helburu den Europar Batasuneko mailatik urrun, alegia.
Hala eta guztiz ere, ekonomiaren hazkundea modu egokienean lortzera -jakintsuen artean adostasun-maila altua duen helburu nagusia- bideratzen diren pentsamenduaren korronte guztiak, edo beste modu batera esateko, ekonomiaren hazkundea lortzeko dauden baliabide zehatzak (politikaren, gizartearen, aurrekontuen, fiskalitatearen, etab.en ingurukoak) ez datoz bat ez diagnostikoan ezta konponbidean ere. Horren inguruan eztabaida teorikoa ari da burutzen; alde batetik, iritzi gehienek esaten dute aurrezkia bultzatu behar dela, aurrezkia/inbertsioa zikloaren lehen pauso gisa, eta beste aldetik, pentsamenduaren korronte neokeynesiarrak dioenez, lehendabizi inbertsioa bultzatu behar da buru-belarri, eta horrek aurrezkia eragingo du. Azken teoria honen oinarria honako hau da: ekonomia batek aurrezki makroekonomiko txikiegia izan arren, haren lekua kanpoko aurrezkiak hartuko du, betiere inbertsiorako eskaerak pultsazio handia baldin badu.
Horiek izan dira aurrezkiak eta inbertsioek ekonomiaren hazkundearen bultzatzaile nagusi gisa betetzen duten lekuaren gaia lantzeko zergatietako batzuk, betiere finantza-bitartekariek, berez duten izaeraren ondorioz, bi esparruen arteko loturak erraztuz eta bideak orekatuz egin behar duten lana ahaztu gabe.
Argitalpenak, orokorrean, aipaturiko Mintegiaren egitura jarraitzen duten bost zati ditu; artikulu guztietako erreferentzia bibliografikoak biltzen dituen eta artikuluak egilearen, dataren edo tituluaren arabera bilatzeko aukera eskaintzen duen diskete bat ere badu. Diskete honekin irakurleari liburuan dagoen informazioa modu errazagoan eskaintzea bilatu nahi izan da, informazioa irizpide desberdinak erabiliz bilatzeko aukera eskainiz.
Liburuaren lehen zatian aurrezkiaren zehaztaileen eta berauek denboran zehar izan duten eboluzioaren azterketa egiten da, gaiaren sarrera orokor gisa, ekonomiaren pentsamenduak izan dituen korronte desberdin guztietatik ibilbidea eginez.
Jakina denez, finantza-aurrezkia gauzatzeko moduak asko aldatu dira azken urteotan, eta aurrezleak produktu asko ditu aurreztu ahal izateko-guztien ezaugarriak ezagutzen ez baditu ere-, orain hamar urteko aukera murriztuarekin alderatuz. Errealitate horren aurrean, liburuaren bigarren zatian, betidaniko produktuen, produktu "klasikoen", aurreko alternatiba garrantzitsuenak aztertzen dira, hau da, denbora-tarte laburrean baikorrenek ere uste ez zuten bezalako hazkunde izugarria ezagutu duten inbertsio mugikorreko fondoak, eta aurrezki-aurreikuspen izenarekin ezagutzen diren alternatibak; azken aukera honek oso etorkizun oparoa izan dezake, gaur egungo gizarte-segurantzako sistemaren inguruan sortu diren zalantzak kontuan izanik.
Finantza-aurrezkira egiten dugun hurbilketa hori ez litzateke osoa izango gero eta gaurkotasun gehiago duen arazoetako bat ahaztuko bagenu, lokalizazio-ezaren fenomenoari dagokiona, hain zuzen. Fenomeno hori oso loturik dago kapital mugikorraren etekinen inguruan dauden trataera fiskal desberdinekin, horren ondorioz "diru bero" masa handiak oso azkar mugitzen baitira, egoerarik hoberena eskaintzen duen lekuaren bila, kapitalak mugitzeko trabarik ez egotea aprobetxatuz. Hori guztia, espainiar ekonomiaren finantza-fluxu garrantzitsuenak aztertu ondoren, hori izango baita bigarren zati honi amaiera emango dion gaia.
Esan daiteke ekonomiaren garapena hiru euskarritan oinarritzen dela: aurrezkia, inbertsioa eta kontsumoaren gainean. Horrek, aurrezkiaren eta inbertsioaren arteko erlazioari buruzko gogoeta teorikoa sortzen du, kontsumoa, alde batetik, ziklo ekonomikoarekin, eta bestetik ekonomiaren hazkundearekin lotzen duten ekarpenekin batera. Horrela geratzen da osaturik liburu honetako hirugarren zatia.
Ondoren, esparru errealaren eta finantzen esparruaren arteko lotura aztertzen da, Nazio-Kontabilitatean eta Finantza-Kontabilitatean ikus daitezkeen datuetan oinarritutako fluxuen azterketaren bitartez. Nazio-Kontabilitatea eta Finantz-Kontabilitatea dira, hain zuzen ere, Mintegian aplikazio-osagarria sartu zuen lan-tailerrean aritu diren eztabaida-talde praktikoen filosofiaren oinarria. Kontabilitatera egiten dugun hurbilketa hori, bi esparruetako agenteen artean denboran zehar izan diren harremanen azterketarekin osatzen da, bankuak/industria izanik harreman horien adibide paradigmatikoetako bat. Azterketan garrantzi berezia ematen zaio EAEko egoerari, euskal aurrezki-kutxen eta inguruko enpresen multzoaren arteko harremanaren analisiaren bitartez.
Amaitzeko, egoeraren araberako ibilbidea egiten da, Espainiako eta EAEko ekonomiaren egoerari buruzko amaierako bi hitzalditan oinarritua. Bi hitzaldiei azken puntua jartzeko, EAEko aurrezki makroekonomikoaren eboluzioaren aipamen berezia egiten da, eta bertan, hiritarrek gai horren inguruan duten iritzia ematen da, iritzi-ikerketa batean oinarritutako ikuspegi soziologikoaren bidez.
Juan Antonio Argandoña Ruizek idatzitako Aurrezkia baldintzatzen duten faktoreak izeneko artikuluan, familien aurrezkian zerikusia duten faktore guztien azterketa zehatza egiten da, gai honen inguruko pentsamenduaren korronte desberdinen ekarpenak eta ikuspegiak kontuan izanik, guztia, gure egunetaraino heltzen den bibliografia bikainarekin osatua. Artikulu hau, berez, ezinbestekoa da aurrezkiari buruzko puntuak aztertzeko interesa izan dezakeen edonorentzat, eta nahikoa izango litzateke, gai honen inguruko pentsamenduaren historiako ikastaro bat osatzeko.
Artikuluaren egilearen ustez, bizitzaren zikloaren eta errenta egonkorraren teoriak dira, itxuraz behintzat, familiaren aurrezkiaren portaera, maila agregatuan, modu egokienean azaltzen duten bi teoriak. Aurrezkia baldintzatzen duten faktoreen artean, ekoizgarritasunaren eta biztanleriaren hazkundearekin erlazionaturiko eragina, errentaren eta aberastasunaren banaketa, interes-tipoak eta fiskalitatea, giza kapitala, enpresen aurrezkia eta inflazioa, eta gizarte-segurantzak jokatzen duen papera eta aurrezkiarekin erlazionaturiko zergatiak -altruismoa, oinordekotzak, kontua, ardura, etab.- aipatzen dira. Hitz gutxitan esateko, familiaren aurrezkian zerikusia duten aspektu guztien azterketa zehatzaren aurrean gaude. Lanarekin amaitzeko, aurrezkia bultzatzen duten faktoreak azaltzen dira, eta bertan, aurrezkia bultzatzeko indarrean jar daitezkeen politika ekonomikoko zenbait neurri antzeman daitezke.
Luis Maria Abadie Muñozek eta Iñaki Caminos Oterminek idatzi duten Espainiar ekonomiaren finantza-osasuna izeneko artikulua Espainiako Bankuak eskainitako informazioan oinarritzen da, eta bertan azpimarraturik geratzen da 1993. urteak izan zuen izaera berezia, ia erabateko oreka lortu baitzen kontu korrontekoen balantzan, hasierako egoera guztiz defizitarioa izanik. Autoreen arabera, fenomeno hau alor pribatuko aurrezkiak gora egiten duelako gertatzen da, alor publikoan ekonomiaren atzerapenaren ondorioz gertaturiko beherakada orekatzen baitu. Aipaturiko beherakada diru-sarreren gainbehera handian eta transferentzien -batez ere gizarte-izaera dutenen- azkartasunean nabarmentzen da. Alor pribatuaren barruan epe luzeko aktiboen karteraren berrosaketa ikusten da, inbertsio-fondoen, aseguruen eta pentsio-fondoen sarrerarekin. Hori guztia, Espainiako ekonomia gero eta nazioartekoagoa dela erakusten duen ingurunean gertatzen da, kanpoko aktiboek eta pasiboek ekonomien fluxuen osotasunean duten gero eta garrantzi handiagoan ikusten den bezala.
Miguel Angel Martinez Sedanok idatzitako Talde-inbertsioko erakundeak aurrezkiaren bultzatzaile gisa: inbertsio-fondoak izeneko artikuluan, inbertsio-fondoak aipatzen ditu, betidaniko aurrezkiaren materializazioaren alternatiba gisa. Errentagarritasunaren neurketa, fiskalitatearen eragina eta inbertsiorako dauden beste alternatiba batzuekin egiten den alderaketa aztertzen dira, legislazioak eskaintzen dituen puntu azpimarragarrienak aztertu ondoren. Egileak azpimarratu egiten du fondoa kudeatzen duen enpresaren kudeaketa egokiaren garrantzia, alde handia egon baitaiteke fondoa modu egokian kudeatzearen eta modu desegokian kudeatzearen artean, eta aztertu ere, kudeaketa aztertzeko tekniketara hurbilduz aztertzen ditu. Azterketa hornitzeko, espezializaturiko literaturan erabiltzen diren teknika tradizionalen erabilerari buruzko hainbat emaitza enpiriko azaltzen ditu.
Gure egunetan guztion ahotan dabilen aurrezki-aurreikuspenaren alternatiba zehatz-mehatza lantzen du Jose Ramon Urrutia Elorzak Aurrezki-aurreikuspena: etorkizuna prestatzen izenburuko artikuluan. Artikulu horretan esaten denez, EAEan eragina dute mendebaldeko herrialdeetako ekonomiek aurreikuspenaren inguruan hartu dituzten konpromisoek sorturiko arazoek, eta gero eta desoreka handiagoak daude finantza-publikoetan. Gaur egungo egoeraren diagnostiko zehatza burutzen du, eta, gaur egungo joerarekin jarraituz gero epe ertainean arazo larriak ikusten direla esaten du; azkenik, guztiek larritzat hartzen duten arazoaren aurrean, biztanleek neurriak hartu behar dituztela esaten du, bai bakarka edo bai taldeka. Hori dela eta, aurrezki-aurreikuspena -EAEan Borondatezko Gizarte-Aurreikuspenerako Erakundeak izenarekin ezagutzen direnak- bultzatzearen alde azaltzen da, egungo bizitza-mailari eusteko beharrezko osagarri gisa.
Lau dira Enrique Martin Barraganek eta Francisco Jose Valero Lopezek burutu duten lanaren ardatzak. Lan horren izenburua Aurrezkiaren deslokalizazioa Espainian da. Aipaturiko lau ardatzak deslokalizazioaren fenomenoan eragin asko edo gutxi duten oinarrizko elementuak izango lirateke, honako hauek, hain zuzen: kapitalen zirkulazio-askatasuna, herrialdeen artean fondoak transferitzeko ahalmena mugatzen duen elementua; fiskalitatea, norbanakoen eta enpresen inbertsioen materializazioa erabakitzeko orduan eragin handia duen elementua, batez ere atxikipenei eta diru-sarreren opakotasun fiskalari dagokienean; errentagarritasuna, atxikipenek, jatorrian, leku batzuetan eta besteetan duten trataera desberdinaren ondorioz; eta, azkenik, inbertsioen segurtasuna, gordailuen bermea duten sistemekin erlazionatua. Hori guztia gure inguruko herrialde guztien marko fiskala harmonizatu beharra aldarrikatzeko, kapitalen joan-etorri handien eta herrialdeen finantza-sistemetan duten eraginaren aurreko babes gisa.
Alberto Alberdi Larizgoitiak, ikuspegi teorikotik idatzitako Aurrezkia/inbertsioa prozesua ekonomia modernoan izeneko artikuluaren lehen zatian, aurrezkia/inbertsioa binomioaren izaera keynesiarrera itzuli beharraren defentsa sutsua egiten du. Artikulua oso modu grafikoan hornitzen du, zakurraren eta isatsaren metaforarekin. Bigarren zatian, elementu berri gisa, EAEko 1985-1991 epeko finantza-kontuen zenbatespena azaltzen du, Eusko Jaurlaritzako talde teknikoak hainbat urtetan egindako lanaren fruitua. Euskal ekonomiaren fluxuak hobeto ezagutzeko aurrerapausoa da, inolako zalantzarik gabe, eta etorkizunean izan behar duten garapenerako oinarriak jartzen ditu. Euskal ekonomiaren fluxuei buruzko datu horien babespean, egileak adierazten du euskal ekonomiak ez duela agertzen ekonomiaren gorakada-prozesua gerarazi dezakeen finantza-arloko zailtasunik.
Kontsumoaren aldagaia eta beronek osagarri ziklikoarekin duen erlazioa lantzen du David Lopez Salidok Kontsumoa eta ekonomiaren zikloa: teoria eta ebidentzia Espainiaren kasuanizeneko artikuluan. Bertan, kontsumoak ekonomiaren hazkundean, bai epe laburrekoan eta baita epe luzekoan, duen eragina zehazten ahalegintzen diren zenbait eredu teoriko aztertzen dira. Hurbilpen teoriko honekin amaitzeko, Espainiako ekonomiak, 1970-92 bitartean izandako kontsumo-jardunaren zenbatespena burutzen da, gaur egungo eredu teoriko eta teknika ekonometriko modernoenen ikuspegitik. Emaitza enpiriko horiek baieztatu egiten dute kontsumoak, iturri independente gisa, ez duela eragin garrantzitsurik Espainiako ekonomiaren gorabeheretan, baina azpimarratzen da, baita ere, erabil daitekeen errentaren eta aberastasun-aldagaien garrantzia; interes tipo errealek, berriz, ez dute eragin garrantzitsurik kontsumoan. Azterturiko epearen azken urteotan ikusi den segurtasun-faltaren, zalantzaren gorakada izan daiteke aurrezkiaren gorakada eragin duen zergatietako bat, ardura modua baita.
Ekonomiaren hazkundearen hirugarren zutabea, hau da, inbertsioa aztertu dute Javier Andres Domingo eta David Taguas Coejok Inbertsioa eta ekonomiaren hazkundea izeneko lanean. Lan horren helburu nagusia, aurrezki eta inbertsio-maila altuenak dituzten herrialdeetako ekonomiak hazkunde handiena dutenak diren ala ez aztertzea da. Ondoren, Espainiako inbertsioan eragina duten faktoreak, eta inbertsio horien oinarri den eredua, aztertzen dituzte; amaitzeko, iragarpen-eredu batean oinarritutako politika ekonomikoaren zenbait neurriren eragina simulatzen dute. Ondorio azpimarragarri gisa, ebidentziak ikusten dira epe luzeko ikuspegitik, hau da, erlazio zuzena dago inbertsio-mailaren eta ekonomiaren hazkundearen artean.
Liburuaren laugarren atalean ekonomia errealaren eta finantza-ekonomiaren arteko erlazioa lantzen da. Bertako sarreran, Juan Antonio Maroto Acinek, Aurrezkia, finantza-sistema eta sistema erreala: ikuspegi praktikoa izenburua daraman artikuluan, aurrezkiak ekonomia batean bizi duen osaketa-prozesua aztertzen du, ekonomia errealerantz bideratuz finantza-sistemaren bitartez: azterketa hori burutzeko oinarri gisa Kontabilitate Nazionalean islatzen diren datuak eta urtero moneta-agintaritzak argitaratzen dituen Espainiako ekonomiaren finantza-fluxuak hartzen ditu. Udan burututako Mintegiko lan-tailer batean aurrera eramandako ariketa praktikoen eskema erabiltzen du.
Ondoren, Juan Luis Ochoa Laburu banka-industria eredura -ekonomiaren esparru errealaren eta finantza-esparruaren erlazioaren paradigmara- hurbiltzen da, eta Bankuen parte-hartzeak finantza-enpresak ez diren enpresetan Espainian: aurrekariak, krisialdiak eta etorkizunean izan dezakeen eboluzioa izenburua daraman artikuluan, eredu esanguratsuenak aztertzen ditu, kontinentala eta anglosaxoia, hain zuzen ere, bi esparruen, enpresen eta finantza-erakundeen arteko harremanak kronologikoki nolakoak izan diren, eta, bai enpresen eta baita finantza-erakundeen ikuspegitik, zein abantaila eta desabantaila eragin dituzten aztertu aurretik. Lanari amaiera emateko, Espainiako eredua eta etorkizunerako dituen aurreikuspenak baloratzen dira, egilearen ustez, bi esparruen, enpresen eta finantza-erakundeen arteko harremanetan lagungarri izan daitezkeen neurriak aztertuz.
Aurrezki-kutxek, inguruko enpresen multzoarekin duten harremana Pedro Arcelus Calamendik aztertzen du Aurrezki-Kutxak EAEan eta enpresei eskaintzen dien laguntza izenburuko lanean. Bertan, egilea enpresa txiki eta ertainek, hasten direnean batez ere, finantzen aldetik duten ahultasuna aztertzen saiatzen da. Egileak parean jartzen ditu arazoak, alde batetik, eta merkatuak, ahultasuna desagertaraztera edo gutxitzera bederen, bideratzen dituen neurriak, bestetik. Kuantifikatu egiten du aurrezki-kutxen kolektiboak emandako laguntza, hori baita inguruko enpresetan, eta, ondorioz, euskal ekonomiaren hazkundean duten zerikusiaren, konpromiso-mailaren eta parte-hartze errealaren adierazlerik argiena.
Liburua amaitzeko, egoeraren araberako panoramika eskaintzen da, eremu zabalagotik hasiz, Julio Segura Sanchezen Espainiako ekonomiaren arazoak gaur egun amaierako hitzaldiaren laburpen batekin. Bertan, une honetan arduratzen gaituzten puntu garrantzitsuenak aipatzen ditu (lan-merkatua, inflazioa, defizit publikoa), baina ez ditu ahazten behar-beharrezkoa den administrazioaren erreforma eta gizarte-babeserako programen birplanteamendua. Ondorio gisa, etorkizuneko ekonomiaren aurreikuspenei buruzko ikuspegi baikor samarra ematen du.
Beste alde batetik, euskal ekonomiaren ordezkari nagusi den Jose Luis Larrea Jimenez de Vicuñak emandako Euskal ekonomia 1994an: hazkundearen eta konpromisoaren ikuspegitik hitzaldian, gure lurraldearen ikuspegia ematen zaio aurreko gogoetari, euskal ekonomiaren egoerak izan duen eboluzio positiboa azpimarratuz, baina esanez, baita ere, agente guztien konpromisoa behar dela, arazo larrienak konpondu ahal izateko. Arazo horiek, neurri handian, bat datoz aurreko artikuluan aipaturikoekin, modulazioan nolabaiteko desberdintasunak dauden arrean.
Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari buruzko panoramika Juan Luis Llorens Urrutiaren eta Javier Larraya Mendozaren lanekin osatzen da. Bi egileok, arriskutsua izan daitekeen lanari ekin diote Aurrezki makroekonomikoa EAEan izeneko lanean, hau da, euskal aurrezkiarentzat sail makroekonomikoa aurreikustera ausartu dira. Lana 1989-93 garaiari dagokio, eta aurretik burututako antzeko sailak gaurkotzen ditu, alor bakoitzeko aurrezkiaren eboluzioa bere aldetik aztertuz; eta, amaitzeko, ikuspegi soziologikoa sartzen du Francisco Alvira Martinek , Aurrezkia eta kontsumoa EAEan: kontsumitzailearen ikuspegia lanean. Lan honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek kontsumoaren eta aurrezkiaren aurrean duten balorazioaren eta portaeraren berri ematen du, egileak berak antolatutako lan enpirikoen eta eztabaida-taldeen emaitzak erabiliz. Azpimarratzekoa da diskurtso kontsumista oso hedaturik dagoela biztanleriaren maila ertainean eta ertain/altuan.