Saltar menú navegación
Está en :

Txostena

AURKEZPENA

Ekonomia berreskuratu egin da mundu mailan 2010. urtean, % 3,3ko hazkundearekin, hain zuzen ere. Baina bere eboluzioa oso desberdina izan da eremu geografiko batetik bestera. Horrela, emergente bezala jotzen diren herrialdeek hazkunde nabarmena izan duten bitartean, herrialde garatuek, Ameriketako Estatu Batuek bezala baita Europar Batasuna osatzen dutenek ere, hazkunde-erritmo moderatuagoak erakusten dituzte. Eredu horixe bera ikusten da euroguneko herrialdeen artean ere, eta hazkunde-alde handiak sumatzen dira, hasi Alemaniako % 3,6tik eta Espainiako -% 0,1eraino. Euskal ekonomiak, bere aldetik, errekuperazio edo suspertzearen bideari ekin dio 2010ean, Eusko Jaurlaritzak dioenez, eta hazkunde ekonomikoaren tasa % 0,3koa izan da.

Urtean zehar euroguneko merkatuetan ezegonkortasunak jarraitu du zenbait herrialde kideren zor subiranoak izandako gorabeheren ondorioz, eta ezegonkortasun horrek zalantzan jarri ditu Moneta Batasunaren oinarriak, aparteko salbuespen-neurriak hartzera behartzeraino, Europako Egonkortze Mekanismoa esate baterako. Espainiako ekonomiak, era berean, oinarrizko desoreka batzuen doikuntza-prozesuetan sakondu behar izan du: defizit publikoaren zuzenketa, sektore pribatuaren palanka-efekturik eza, higiezinen sektorearena bereziki, eta sistema finantzario osoaren berregituraketaren indartzea.

11/2010 Lege Dekretua, uztailaren 9koa, argitaratu ostean bultzatutako Aurrezki Kutxen arautze-markoaren erreformak aldaketa historikoa ekarri du kreditu-erakunde hauetara, eta abian jarritako berregituraketa eta kontzentrazio-prozesuarekin batera, mugarri garrantzitsua suposatuko du gure sektorearentzat.

Aipatutako kontrako ingurune horrek ekarritako ondorioak izan dira jarduera-mailak jaistea, marjinak estutzea, berankortasun-mailak gehitzea, eta baita handizkako merkatuetan finantzaketa lortzeko zailtasunak ere. Hala ere, Aurrezki Kutxa kideen jarduera bateratua oso gogobetekotzat jo daiteke.

Balorazio hori negozioaren ebaluazio globalean oinarritzen da, alde batetik. Orokorrean etxebizitzara eta kontsumora bideratua dagoen inbertsio produktiboen finantzaketak —60.704 milioi eurora iristen den kreditu-inbertsioarekin— % 0,9ko urte arteko hazkunde-tasa izan du. Administratutako Merkataritzako Baliabideen kudeaketa bateratuak, bere aldetik, 61.192 milioi euroko saldoa izan du ekitaldiaren amaieran, baina -% 3,5eko murrizketa izan du aurreko urtearekin alderatuz gero.

Eta lortutako emaitzek izandako portaeran ere oinarritzen da, beste alde batetik, Zergen Aurreko Mozkina 2010. urtean 362,6 milioi eurokoa izan baita balantzean, aurreko ekitaldikoa baino % 28 txikiagoa. Eta horrek 0,47 puntu portzentualeko aldaketa dakar batez besteko aktibo totalen gain, Kutxen sektoreko batez bestekoaren gainetik. Zergak kenduta, emaitza 397,3 milioi eurokoa izan da; batez besteko balantzearen % 0,51 alegia.

Azpimarratzekoa da, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxek ondarean erakutsitako sendotasuna, eta hori lortutako % 17,3ko kaudimen-ratio handian nabarmentzen da, batetik, eta baita baliabide propioen kalitatean ere, bestetik. izan ere, % 85 1. mailakotzat kalifikatuak izan baitira, edota baita bere aktiboen kalitatean ere, horrek % 2,64ko berankortasun-ratioa lortuko dela bermatzen baitu, sistema osoak duen batez bestekoaren oso behetik.

Kaudimen horren sendotasuna uztailean bermatu eta berretsi zen, Banku Ikuskatzaileen Europako Batzordearen erresistentziako probak argitaratu zirenean, EAEko Aurrezki Kutxek posizio ezin hobea baitzeukaten, baita eszenategi ekonomikorik okerrenen aurrean ere.

Aurrezki Kutxa kideek, diharduten lurraldeetako garapen sozial eta ekonomikoarekiko duten konpromisoaren ardatz nagusi eta funtsezko bezala, 188,6 milioi euroko ekarpena egin diote euren Gizarte Ekintzari 2010eko urtean, eta horrek biztanle bakoitzeko ia 67 euroko ekarpena eta irabazi garbiaren % 47 esan nahi du. Horrez gain, euskal administrazioak azpisektore ekonomiko desberdinetarako sustatutako programa diferenteen hornitzaile finantzario nagusiak izaten jarraitu dute, 328,4 milioi euro bideratu baitituzte xede horietarako.

Federaziotik Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan bultzatutako gogoeta-mailako jardueren artean, "Ongizate Estatua bidegurutzean: erronka berriak krisi globalari aurre egiteko" gaiari buruzko mintegi bat antolatu zen, eta hortik abiatuta sortu da Ekonomi Gerizan saileko ale berri baten argitalpena, gai horixe jorratzen duena.

Azkenik, sinetsita nago ezen, gure sorreratik mantentzen ditugun oinarrizko ideiak galdu gabe ere, bizitzea egokitu zaigun arauketa-giro finantzarioaren baldintza aldakorrei erantzun egokia ematen jakingo dugula, Aurrezki Kutxa kideetatik zerbitzua eskaintzen diegun pertsona, enpresa nahiz erakundeentzat ahalik eta etekinik handiena lortuz.

 

Mario Fernández Pelaz
PRESIDENTEA

XHTML 1.0 Transitional Válido

¡CSS Válido!

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0

Logo Tawdis