Lurraldearekiko duten lotura estua da Aurrezki Kutxen ezaugarri funtsezkoa eta gainerako erakunde finantzarioetatik bereizten dituena. Ezaugarri horrexek ezartzen die bere bokazio sozial nabarmena, eta horri esker hartzen dute kutxek beren jarduera aurrera daramaten lurralde-eremuaren garapen ekonomiko eta sozialaren aldeko apustua, jarduera-eremu geografiko horietako pertsonen eta ekonomiaren garapenaren bitartez hain zuzen ere. Hain da nabarmena kutxen orientazio soziala ezen erakunde-talde horren fundazio-unean bertan sortutako ezaugarri bereizletzat har daitekeela.

Bokazio sozial horren isla bezala, nabarmentzeko modukoa da bitartekaritzako eta zerbitzu-prestazioko jarduera arruntean sortutako irabaziak banatzeko unean kutxek duten modu berezia. Izan ere, erakundeen kapitalizazio eta kaudimen propioa sendotzera bideratutako erreserbak eratzeko dagozkion zuzkidurak egiteaz gain, irabazien zati bat gizartera itzultzen baita, Gizarte Ekintza esaten zaionaren bidez.
Askotarikoak eta oso diferenteak dira, denboran zehar, bokazio hori gauzatzeko erabili izan diren moduak eta guztien ezaugarri komuna izan da betiere hiritarren premiak asetzen saiatzea, jorratutako alor eta eremu desberdinetan.
Denborak aurrera egin ahala, gizartearen premiak eta beharrizanak aldatuz joan dira, eraldatuz, eta oker ibiltzeko lotsarik gabe, esan daiteke aurrezki-kutxen Gizarte Ekintzak ere bere eraldaketako bide paraleloa egin duela aldi berean, bere jarduera aurrera daramaneko gizartearen premietara egokitzen saiatuz, lehentasunezko interesguneak etengabe berregituratu eta egokituz.
Azken garaiotan, eta erakunde finantzarioak erantzukizun sozial korporatiboa balioesten hasi direnetik, aurrezki-kutxek aspaldidanik egindako lana aitortu eta onartzen da, betiere inor baztertu edo kanpoan ez uzteko irizpide argi eta garbiarekin biztanleriaren geruza zabalei inolako irabazi-asmorik gabe hainbat era eta moldetako zerbitzuak eskaintzen zizkietenean.
Federazioko Aurrezki Kutxen kasuan, kide guztiek multzoan, eta horietako bakoitzak bere aldetik burututako jarduera soziala oso garrantzitsua da, eta lurraldeari eta hiritarrei laguntza emateko filosofiaren barruan txertatzen da. Gizarte Ekintza hiru jarduera-ildo nagusitan gauzatzen da, batez ere: Gizarte Ekintza Propioa, batetik, eta hor sartzen dira Aurrezki Kutxak berak zuzenean bultzatu edo sustatzen dituen ekimenak eta jarduerak; Lankidetzako Gizarte Ekintza, bestetik, eta kasu honetan gizarteko jarduerak sustatzeko ahalegina beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuekin partekatzen da, eta Kanpoko Gizarte Ekintza azkenik, eta hemen Aurrezki Kutxek baliabide ekonomikoak jarriz egiten dute euren ekarpena, jardueren kudeaketan parte hartu gabe, alderdi hori erakunde finantzarioaren kanpoko beste sustatzaile batzuen esku geratzen baita.
Azken urteotan izandako eboluzioak erakusten Gizarte Ekintza Propioaren modalitatearen barruan sartzen diren jarduerek pisu espezifiko handiagoa hartu dutela, modalitate hori bilakatu baita gizarte-jarduera garatzeko formatu nagusia eta erantzukizun sozial korporatiboa gauzatzeko tresnarik egokiena aldi berean.
Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Gizarte Ekintzako Funtsa 342,8 milioi euroko zenbatekora iritsi zen 2009ko itxieran. Horrez gain, Federazio honetako kide diren erakundeek 213,5 milioi euroko baliabideak eskaini dizkiote Gizarte Ekintzari aurtengo ekitaldian. Egungoa bezalako uzkurraldi eta murrizketa-giroan, aurreko ekitaldiaren esateko ia berdina zen (214 milioi euroko) zifrari eusteak argi eta garbi erakusten digu Federazioko Aurrezki Kutxen aldetik Gizarte Ekintzako jarduerak lehenesteko dagoen bokazio sendoa.

Aitzitik, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxek Gizarte Ekintzari egindako ekarpena EAEko eta Nafarroako BPG bateratuari begira aztertzen badugu, ahaleginak eta konpromisoak etengabe gora eginez jarraitzen dutela ikusiko dugu, 2009an milako 3,25eko muga erdietsi baita, azken hamarkada honetako maximo berria jarriz.
Gizarte Ekintzarekiko konpromisoa aztertzeko beste aukerako ikuspegi bat izan daiteke aztertzea ea erakunde finantzario hauek Gizarte Ekintzako jarduerekin euren eragin-lurraldeetako zein biztanleri egiten dieten mesede. Estatistikako Institutu Nazionalak (INEk) lurralde bakoitzerako argitaratutako estimazioko datuak hartzen baditugu, EAEko eta Nafarroako biztanle bakoitzari “dibidendu sozialaren” baliokide gisa emandakoa 78,2 eurokoa dela ikusiko dugu, aurreko ekitaldiari dagokion datua baino zertxobait handiagoa. Biztanle bakoitzeko egindako ekarpenaren ikuspegitik aztertuta ere, Federazioko Aurrezki Kutxek argi eta garbi uzten dute, behin berriz, gizartearekiko daukaten konpromisoa, lurraldeko aberastasuna sortzeko ahaleginaren eta euren jatorriko eremu geografikoko biztanleei egindako esleipenen ekonomikoen bitartez.
Bestetik, Gizarte Ekintzara bideratutako baliabideak zein motatako jardueretan gauzatzen diren begiratzen badugu, argi azaltzen da Gizarte eta Osasun laguntzako jarduerak direla horien helburu nagusia, 135 milioi eurorekin (+% 1,8), alegia totalaren % 48,9arekin. Jarraian datoz, euren garrantzia ordenaren araberako hurrenkeran, Kulturako jardueretara bideratutakoak, horiei 76,3 milioi euro eskaini baitzaizkie (+% 14), eta horrek totalaren % 27,6% esan nahi du. Hezkuntza eta Ikerketaren alorrak ere arreta garrantzitsua jaso du, eta helburu horretara bideratu dira 49,3 milioi euro (+% 19%), hau da baliabide guztien % 17,9. Azkenik, baina ez garrantzia gutxiagorekin hala ere, Ondare historiko eta naturalari dagozkion jarduerak daude, 15,4 milioi euro bideratu baitira xede edo helburu horietara (-% 15%), eta horrek totalaren ia % 6 hartzen du.
Bere bokazio soziala aurrera eramateko beharrezkoa den giza kapitalari begiratzen badiogu, berriz, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxek 645 pertsona dauzkate kontratatuak modu finkoan beren plantilletan, eta horiei behin behineko 146 enplegatu gehiago erantsi behar zaizkie; horrela, beraz, 791 dira guztira Gizarte Ekintzako jarduerekin loturaren bat, dela iraunkorra dela aldi baterakoa, duten pertsonak.
