Saltar menú navegación
Está en :

Txostena

LANKIDETZAKO BESTE HITZARMEN BATZUK


Gazte Txartela programa

2007ko otsailaren 21eko aginduak Gazte Txartela banatzen duten erakundeen atxikipen-erregimena ezartzen du 2007-2010 epealdirako, eta bost erakunde finantzarioren lankidetza dauka, hiru euskal Aurrezki Kutxena horien artean. Gazte txartelen kopurua 63.000 ingurukoa zen, gutxi gorabehera, 2010eko urte-amaieran.

Erakunde banatzaileek onartutako konpromisoen artean ondorengoak aipa daitezke: gazteek eman beharreko tasa publikoaren erakunde gordailuzain moduan jokatzea, txartelen euskarriak egitea eta Gazte Txartelak banatzea, txartelen titularrei istripu-aseguru bat eskaintzeaz gainera.

2010eko ekitaldiaren amaieran egindako lehiaketan euskal Aurrezki Kutxen ABEEari esleitu zitzaion erakunde lankide izateko ardura, eta horregatik, 2011ko martxoaren 1etik aurrera eta 4 urteko epealdirako, hiru euskal Aurrezki Kutxak –Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Caja Vital Kutxa- izango dira Gazte Txartelaren erakunde banatzaile esklusiboak.

Etxebizitzaren Euskal Zerbitzua, Etxebide

Etxebide da Sustapen Publikoko Etxebizitzak esleitzeko Euskal Zerbitzua, eta horrez gain, baita Etxebizitzaren Euskal Zerbitzu Publikoaren barruan osatutako sarea eratzen duten erakundeetako bat, Bizilagun-ekin —etxebizitzara jarritako sozietate publikoekin—, Udaletako etxebizitza-zerbitzuekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarekin berarekin batera.

2010eko urte-amaieran 76.000 ziren bertan izena emandako pertsonak. Euskal Aurrezki Kutxak Etxebide-ren hasierako unetik beretik izan dira lankide bertan, interesatuei aholkularitza eskainiz eta eskaeren izapidetze-prozesuan laguntza emanez.

Kultura Bonuen Programa

Euskal Administrazioak kultura-sektoreari laguntza ematea erabaki zuen 2010eko ekitaldian, produktu kulturalen erosketa subentzionatuz hainbat euskarritan, "Kultura Bonuak" izenekoen salmentaren bidez. Eta horretarako 59.000 bonu jarri ziren guztira jendearen eskura EAEn. Euskal Administrazioak lehiaketa bat deitu zuen erakunde lankidea aukeratzeko, eta esleipena hiru euskal Aurrezki Kutxek (BBK-k, Kutxak eta Caja Vital Kutxak) aurkeztutako ABEEari eman zitzaion. Elkarteak zerbitzu anitzeko bere kutxazainen sareak, eta/edo beste bitarteko espezifiko batzuk jarri zituen programaren eskura.

Bonu bakoitzaren kostua 40 €-koa zen, horietatik 25 € erosleak ordaintzen zituen, eta gainerakoa euskal Administrazioaren diru-laguntzari zegokion.

Hiru Lurraldeen artean bonu guztiak saldu dira (% 57,9 Bizkaian, % 23,8 Gipuzkoan eta % 18,35 Araban).

Metaposta

Interneteko postontzi eta kutxa gotor elektroniko bezala dituen egitekoez gain, Metaposta alternatiba egokia izan daiteke dokumentuen harrera garaian sakabanatzea saihesteko. Izan ere, 300 enpresa eta erakunde publikok baino gehiagok bidalitako dokumentuak eta jakinarazpenak jaso eta horietara sartzeko bide bakarreko sistema moduan eratu ahal izango baita. Posta elektroniko arruntaren aurrean duen abantaila da aurrez hitzartutako erakundeen mezuak bakarrik jasotzen direla.

Hiru euskal Aurrezki Kutxak (BBK, Kutxa eta Caja Vital Kutxa) gidari eta aitzindari dira Euskadin on-line zerbitzu finantzarioen alorrean, eta euren lankidetza eskaini dute 2008ko amaieraz geroztik Metaposta proiektuan, informazioaren gizarteari bultzada berri bat emateko. Beste zerbitzu batzuen artean, Metapostako erabiltzaileen lineako alta erraztuko dute banka elektronikoko euren sistemari esker, eta dokumentazioa eta jakinarazpenak bezero horien postontzi elektronikoetara bideratu eta igorriko dituzte.

Euskal Aurrezki Kutxen sistema informatikoen eta Metaposta sistemaren arteko aurreneko integrazio-probak 2010. urtearen amaieran hasi ziren.

 

XHTML 1.0 Transitional Válido

¡CSS Válido!

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0

Logo Tawdis