Izaera eta eduki sozial nahiz ekonomikoko informazioa landu eta zabaltzeko azken helburuarekin, gizarteari balioa eta ezagutza eskaintzeko asmotan betiere, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak hainbat azterketa eta editorial-sail argitaratu izan ditu bere azken urteotako historian zehar. Gaur egun hiru azterketa eta ikerketa-lerro dauzka abian, aldizka landu eta argitaratzen dituenak: Kontsumitzailearen Koiuntura Ekonomikoa izeneko txostena, Ekonomi Gerizan monografikoak eta Karbonoaren Merkatuaren Buletina.
Kontsumitzailearen Koiuntura Ekonomikoa izeneko txostena hiru hilean behin lantzen da, eta EAEn bizi diren 18 urtetik gorako kontsumitzaileen artean egindako 1.600 inkestatan oinarritzen da. Inkestaren edukia euskal kontsumitzaileek hainbat aldagai ekonomiko, finantzario eta sozialei buruz dituzten pertzepzioa, interesak eta igurikimenak zuzenean ezagutzen saiatzen da. Lortutako datuen analisiak EAEko Kontsumitzailearen Konfiantza Indizea osatzeko modua ematen du, euskal kontsumitzaileek ekonomia orokorraren eta etxeetako ekonomiaren alderdi ugariri buruz duten pertzepzioa ezagutzera emateaz gainera. Indize horren oinarrizko datuak erakunde europarrek estatu mailan nahiz Europa mailan landutako antzeko beste indize batzuetako datuekin guztiz homologatzeko modukoak direnez, aipatu lurralde-eremu horietako kontsumitzaileen konfiantzaren eboluzioaren kontraste fidagarria egin daiteke.
Ekonomi Gerizan sailak ikerketa monografikoak biltzen ditu, urtean behin argitaratzen direnak. Lan horietan eduki ekonomiko edo sozialeko gaiak sakonean jorratzen dira, baina dibulgazioaren ikuspegitik betiere, funtsean. Landu beharreko gaien aukera euskal gizartearentzat eta euskal ekonomiarentzat, oro har, epe ertain eta luzerako eduki dezakeen garrantzia baloratuz eta kontuan hartuz egiten da. Lan monografiko horietako bakoitzaren oinarrian eta euskarrian Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian egiten dituen Udako Ikastaroen barruan gai berarekin antolatu ohi den mintegia egoten da.
Aldaketa klimatikoa eta garapen jasangarria arazo konplexuak dira benetan, baina gure planetarentzat eta baita gizateria osoarentzat ere inplikazio garrantzitsuak dituztenak. Une honetan sei hilabetean behin argitaratzen den Karbonoaren Merkatuaren Buletina izeneko lanaren bidez gaurkotasun handiko informazio garrantzitsua kaleratzen dugu aldaketa klimatikoaren kontrako borrokarekin lotutako politikei, ekintzei eta merkatuei buruz, berotegi efektua duten gasen isurpen-eskubideen merkatuan arreta berezia jarriz betiere.
Argitalpen-lan horiek guztiak eskura daude Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren web-orrian (www.fcavn.es). Dibulgaziorako eta gizarte-erabilerarako gure nahiak bultzatuta, lan horietarako sarbidea erabat libre eta doan egin daiteke gainera.
Munduan izandako hazkunde ekonomikoko azkeneko zikloak eta horren amaieran sumatu den krisi ekonomiko eta finantzarioak, herrialde guztiei, nazioarteko komunitate osoari alegia, modu orokorrean erasaten dien desoreka sozial eta ekonomikoen sail bat nabarmenarazi eta sortu dituzte.
Ongizatearen Estatua bezala ezagutzen diren instituzio eta mekanismoak praktikara eramaten dituzten herrialdeak, europarrak eta garatuak horietako gehientsuenak, ez dira hazkunde ekonomikoko ziklo horren eta ondoriozko krisiaren eraginetatik aparte ibili. Baina, horrez gain, ondorio horiek isla berezia daukate Ongizate Estatuaren aipatutako instituzio eta mekanismoetan batik bat: bere prestazioak eskatzen dituzten gizabanakoen kopuruak gora egiten duelako, batetik; kontuan hartuak izatea eta asetzea eskatzen duten premia eta beharrizan berriak agertzen direlako, bestetik; eta krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioei eutsi eta horiek arintzen saiatzeko Estatuen zorpetze-mailak gora egitearen eta ekonomia moteltzearen ondorioz ager daitezkeen finantzaketa-zailtasunak direla medio, azkenik.
Horren guztiaren ondorioz zalantza-gune handi bat zabaldu da Ongizate Estatuaren inguruan: oraindik ere pragmatikoki bideragarria izaten jarraitzen al du Ongizate Estatuaren praxiak? Gaur egungo baldintza berrien aurrean posible ote da aldatzea, edo egoera berrira egokitzea? Edo, aitzitik, aurrerantzean ere erakundeentzat nahiz herritarrentzat inolako arazorik edo arriskurik gabe garatzen jarrai dezakeela ulertu behar ote dugu ?
2010eko irailaren 8, 9 eta 10ean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan, "Ongizate Estatua bidegurutzean: Erronka berriak krisi globalari aurre egiteko" izeneko Mintegia egin zen Donostiako Miramar jauregian, Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak antolatua. Mundu akademiko eta finantzarioko pertsona garrantzitsuen talde zabala elkartu zen bertan, eta mintegiaren klausura-ekitaldian Europako Batzordeko Lehendakariorde eta Lehiakortasuneko Komisarioak, Joaquín Almunia jn.ak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailburuak, Carlos Aguirre jn.ak hartu zuten parte.
Aipatu mintegiaren jarraipen gisa, Ekonomi Gerizan saileko hemezortzigarren aleak Ongizate Gizartearen krisiaren alderdi eta perspektiba desberdinak jorratu ditu, bere egingo egoera ebaluatu eta etorkizun hurbilerako izan dezakeen iraunkortasuna eta baita garapen-lerro posibleak aurreratzen saiatuz.
Familiek aurrezki, kontsumo, inbertsio nahiz zorpetze-kontuetan hartu ohi dituzten erabakiek sistema ekonomiko orokorraren eboluziorako duten ukaezinezko garrantziak mugatzen du, bai ikuspegi akademikotik eta baita enpresen nahiz erakundeen eremuetatik ere, erabaki horien zentzua eta alkantzua aldez aurretik ezagutzea ahalbidetuko duten bitartekoak eskura edukitzeko dagoen interesa. Eta familiek nahiz gizabanakoek ekonomia orokorraren eta euren ekonomia indibidualen egoera eta igurikimenen inguruan duten pertzepzioan oinarritzen diren erabaki horiek kontsumitzaileen koiuntura ekonomikoko indizeek eta sentimendu-adierazleek bildu eta eskaintzen duten informazioaren bidez aurreikus daitezke.
Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioa 1984. urtetik ari da lantzen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzailearen Konfiantza Indizea, erakunde europarrek Espainia eta Europa mailan antzeko indizeak lantzeko erabiltzen duten metodologia berarekin. EAEko Kontsumitzailearen Koiuntura Ekonomikoko Indizeak, arestian aipatutako indizean eta maila subjektibokoak nahiz estatistiko makroekonomikoak diren beste adierazle osagarri batzuetan oinarritzen denak, euskal kontsumitzaileen pertzepzioen berri izateko eta antzeko beste eremu sozioekonomiko batzuetako kontsumitzaileen pertzepzioekin erkatzeko modua eskaintzen du.
Txostena EAEn bizi diren 18 urtetik gorako pertsonei hiru hilean behin egindako 1.600 inkestatan oinarritzen da. Era horretan lortzen diren emaitzen konfiantza-maila estatistikoa % 95,5ean kokatzen da, izanik errore-marjina +/-% 2,2koa. Inkesta egiten den txanda bakoitzean lortzen den informazioak balio du baita aurrezkia, gizarte-aurreikuspena, edota etxeetako zorpetzea bezalako gai espezifikoen inguruko informazioa lortzeko ere.
Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxak ingurumenarekin zerikusia duten alderdi guztiekin lotuak egon dira betidanik eta, oso bereziki, gizarte-erantzukizun korporatiboa esaten zaionarekin, beren Gizarte Ekintzaren bidez. Testuinguru horretan, 2005ean Federazioaren bitartez jarri zen abian Karbonoaren Merkatuaren Buletina izeneko aldizkako argitalpena.
Erregai fosil desberdinetatik abiatuz energia lortzea, ikatzetik aurrena eta petroliotik nahiz gasetik ondoren, izan da denbora luzean herrialde garatuetan, eta baita garapen bidean zeuden herrialdeetan ere, erabilitako energia lortzeko modu nagusia, euren produkzio-sistemak dinamizatu eta bertako biztanleei zerbitzuak eskaini eta bizi-kalitatea hobetzeko. Azken hamarkada hauetan gero eta nabarmenago geratu dira aipatu energia-iturri horien hondakinek, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita iraunkortasunaren aldetik ere, izan ditzaketen ondorio negatiboak. Eta horrek agerian utzi du energia-iturri berrien, energia ez-kutsatzaileen premia. Eta, noski, baita epe laburrera nahiz epe luzera, ezinbestean, mundu mailan, ingurumenarekiko eta baliabide naturalekiko errespetuz jokatuko duen hazkunde ekonomikoaren eredu baten premia ere.
Gaur egun indarrean dagoen ereduak beharrezkoak dituen prozesu-multzoen emaitza gisa hainbat hondakin sortzen dira, eta horien artean CO2 isurpenak. Isurpen horiek eragin anitz eta oso diferenteak dituzte, horietako asko kaltegarriak planeta osoaren atmosferarentzat eta, beraz, baita ingurumenarentzat ere.
Horregatik, energia "garbien" iturri berriak garatu eta martxan jartzearekin batera, isurpen kaltegarri horiek kudeatzeko eta murrizteko eginkizunari heldu diote gaur egun gobernuek eta enpresek. Horretarako hainbat tresna inplementatu eta jarri dira martxan, eta nagusien artean CO2 isurpenen erregulazioa aipa daiteke, merkataritzako transakzioen nahiz transakzio finantzarioen baitan uler daitekeen ondasun moduan.
Sei hilean behin Karbonoaren Merkatuaren Buletinak informazio interesgarria eskaintzen du isurpen-eskubideen merkatuari buruz: azken orduko jardueren inguruan, trukatutako bolumenei eta prezioei dagokienez, eta baita merkatu horren eboluzioko igurikimenen inguruan ere. Aurrekoez gain, enpresek, erakundeek eta baita nazioz gaindiko instituzioek ere ingurumenaren babes aktiboarekin lotutako jarduerei buruzko informazioak ere jasotzen dira buletinean.
